Klik!

Aberastasuna zaintzeko

Nerea Uranga - Mailo Oiarzabal 2025ko urt. 9a, 10:05

Herriguneko zuhaitzen inbentarioa egin du Azpeitiko Udalak Kimu Batek. Egindako lana eta horren emaitzak aurkeztu zituzten azaroan, eta Arbomap izeneko aplikazioan jaso dituzte hainbat xehetasun. Abenduko Azpeitia Guka aldizkariaren Klik! argazki erreportajea da hau.

"Zuhaitz egitura aberatsa"

Duela urtebete hasi ziren inbentarioa osatzeko lanean. Azpeitiko herrigunean, guztira, 3.480 zuhaitz zenbatu dituzte: horietatik 2.677 daude "udalaren kudeaketaren esku"; gainerakoak jabetza pribatukoak dira, edo Urola ibaiaren ibilguan daude. 148 espezie desberdin eta barietate ugari erregistratu dituzte; zenbatu dituzten espezieen artean, 31 dira hosto iraunkorrekoak. Herriguneak "zuhaitz egitura aberatsa" duela ondorioztatu dute diagnostikoaren egileek. Eta aberastasunaren erakusgarri da Loiolako Santutegiko parkea.

Etorbideko ezkiak abiapuntu

Hango hainbat ale erori ondoren, Loiolako Ignazio etorbideko ezkien egoera aztertzeko eskatu zion duela urte batzuk Azpeitiko Udalak Kimu Bati. Azterketa hark erakutsi zuen etorbideko ezki asko zeudela barrutik ustelduta edota zaharkituta. Arriskuak saihesteko, egoera txarrean zeuden zuhaitzak ordezkatzeko plangintza jarri zuen martxan erakundeak: 160tik 80 bat ordezkatu dituzte dagoeneko. Etorbideko azterketa herrigune osora zabaltzea egoki irudituta egin dute orain inbentarioa.

Zaharrenak eta berezienak

"Egoera onean dagoen zuhaizti gaztea" izatea da inbentarioan jasotako arbola gehienen ezaugarria, baina badira urtetsuagoak ere, eta horietako gehienak Loiolan eta inguruan daude. 70 urte edo gehiago dituzten zuhaitz ugari aurki daiteke Loiolako parkean eta Loiolabide aldean. Loiolako Santutegiaren eremuko zuhaitzak "altxor bat" direla nabarmendu dute inbentarioaren egileek. Espezieen aniztasuna, zuhaitz historikoen kopurua, ale bereziak eta kontserbazioa uztartzen dira, izan ere, Loiolan.

Auzo gazte, zuhaitz gazte

1990eko hamarkadatik honakoak dira Azpeitiko herriguneko zuhaitz gehienak. Logikari jarraituz, arbola gazteenak auzo berrienei itzala ematen dietenak dira. Aurretik aipatutako eta inbentarioaren egileek azpimarratutako herriguneko zuhaitzen "aniztasun botaniko" aberatsaren barruan badira, nolabait esateko, bi mutur, eta horiek ere nabarmendu dituzte zuhaitzen gaineko azterlanaren egileek: batetik, zuhaitz aleen %33 platanondoak edo aligustreak dira; bestetik, aldiz, palmondo gutxi daude, eta zuhaitz klase horretako lau bat espezie besterik ez dituzte identifikatu.

"Orban berde zatikatua"

13,5 hektarea hartzen dituzte udalaren kudeaketaren pean dauden herriguneko berdeguneek. Inbentarioan eta Arbomap aplikazioan, berriz, herriguneko zuhaitz espezie eta zuhaizti denak sartu dituzte, identifikatuta eta geolokalizatuta; tartean daude Urolaren ibilguko zuhaitzak, ibaiak herria zeharkatzerakoan uzten duen "orban berde zatikatua".

Zuhaitzen onurak herritarren eskura

"Etorkizunean zuhaizti osasuntsuak edukitzeko oso garrantzitsua da plangintza bat izatea", zioen Iker Goikoetxea Kimu Bateko teknikariak inbentarioaren eta aplikazioaren aurkezpenean. Hain zuzen ere, Arbomapen jasotako datuek zuhaitzak zaintzeko eta landare horien jarraipenerako plangintzak egiteko balioko dute, besteak beste. Berdeguneek oro har, eta zuhaitzek bereziki, herritarren ongizaterako dituzten onurak ere zerrendatu dituzte inbentarioan. Itzalguneak eta arnasguneak daude onuren artean, eta halako guneak sortzen ari da udala, Enparan dorretxe atzean edota Loiolabiden.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide