Emakumeen osasuna lantzeko hitzaldi zikloa egin dute Azpeitiko Emakumeen Txokoak, DYAk eta udaleko Hezkuntza sailak. Jardunaldi horien barruko hirugarren eta azken hitzaldia egin zuten atzo Emakumeen Txokoan, nutrizioaz eta emakumeen metabolismoaz hitz egiteko. Ane Etxeberria familia medikua aritu zen hizlari, saioan elkartu ziren hogei pertsonaren aurrean
Nutrizioa eta emakumeen metabolismoa, nola aurre egin gorputzaren aldaketei denborak aurrera egin ahala izan zuen izenburua atzoko solasaldiak.
Dieta orekatua egitea, kirola praktikatzeaz (indar eta kardio ariketak egitea) eta analitikak ondo izateaz aritu zen Etxeberria atzoko solasaldian. Norbera "sano sentitzea" garrantzitsua dela adierazi zuen, norbera bere buruarekin pozik sentitzeko, eta "pisu ideala" bat osasuntsu dela sentitzen den hori dela.
Dietaren funtsezko zutabeak honakoak direla adierazi zuen Etxeberriak: batek gastatzen dituen kaloriak baino gutxiago jatea; espezialista batek araututa dieta izatea; era guztietako elikagaiak jatea; adinaren, egiten den bizimoduaren eta galdu beharreko kiloetara egokitutako dieta egitea; kaloria gehiago erretzeko eta giharrak tonifikatzeko kirola egitea (indar ariketak eginda kaloria gehiago erretzen dira); ur asko edatea toxinak kentzeko (2 litro ur eguneko); eta aldizka mediku azterketak egitea.
Dieta bat hasteko norberak horretan hasteko "prest egon" beharra dauka, baita ohiturak aldatzeko ere, Etxeberriaren arabera. "Momentu ona bilatu behar da".
Aurrez emakumeen osasuna lantzeko zikloaren barruan, beste bi saio ere egin dituzte DYAkoek emanda: bata, bularreko minbiziaren prebentzioaz eta hautemate goiztiarraz izan zen, eta bestea, garapen afektibo-sexualaz. Elikaduraren inguruan egingo duten saioa zikloko azkena izango da.