Azpeitiarren doinuak

Nora Alberdiren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2024ko abe. 25a, 09:00

Nora Alberdi. (Utzitakoa)

Azpeitiarren doinuak seriearen azken aldi honetako bigarren gonbidatua da Nora Alberdi irudigilea eta Kulturaz kooperatibaren lantaldeko kidea. Hauek dira Alberdik aukeratu dituen bost euskal kantuak.

  • Gora begiratzean (Miren, Joseba & Ander - Kokein)

"Abesti hau aukeratu dut artista/talde guzti horiek aipatzeko aukera ematen didalako. Ahal izan banu, beraien kanta ugari sartuko nituzke zerrenda honetan; besteak beste, MICEren Lautada disko osoa, Ander Mujikaren Testura proiektua, Joseba B. Lenoirren Instroak Vol. 3 diskoa eta Kokeinen beste kanta bat, Lokatza".

  • Hemen bertan (Moxal)

"Forbidden Colours diskoetxeak bere ibilbideari amaiera emateko Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuen azken kontzertuan izan nintzen eta han entzun nuen lehen aldiz abestia. Izugarri gustatu zitzaidan. Ezin ditut aipatzeke utzi kontzertuan entzun nituen Amoranteren Erreka abestia eta Ke Leporen Sutondua abestia (beno, disko osoa goitik behera oso ederra da)".

  • Grabitaterik gabe (Marte Lasarte)

"Skakeitanen jarraitzaile sutsua izan nintzen duela urte batzuk, eta Skakeitanen abestiek zuten indarra mantentzen dute Marte Lasarteren lehen diskoko abestiek ere. Disko dantzagarria eta energia handikoa da. Gogotsu nago beraien kontzertu bat ikusteko".

  • Lo (Sara Zozaya ft. Valdivia)

"Aurreko ikasturtean gehien entzun nuen diskoa izan zen Sararena. Sentsibilitate handiko abestiak dira, goxotasuna eta indarra transmititzen dizkidate eta atmosfera oso berezi batera sarrarazten naute. "Y cuando encuentre calma en esta sensación, volverán las flores a abrir", esaldia oso ederra iruditzen zait".

  • Goldearena (Ibil Bedi)

"Goldea diskoko lehen abestia aukeratu dut, goitik behera osorik entzutea atsegin dudan diskoa delako eta kontzertuetan jotzen duten lehen abestia delako. Kotxean askotan entzun izan dut; bakarrik, lagunekin, familiarekin ... ez naiz aspertzen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide