Mikel Agirre: "Tontorrean, oso gertuko jendearekin akordatu nintzen"

Aitziber Arzallus 2024ko abe. 20a, 11:08

Mikel Agirre, Nepalen. (Utzitakoa)

Abenduaren 14an Ama Dablamen (Nepal, Himalaia, 6.812 metro) gailurra egin zuen Mikel Agirrek (Azpeitia, 1988), beste hiru kiderekin batera. Nolako esperientzia izan den kontatu dio Gukari. 

Ama Dablam mendia igo berri duzu. Zer moduzko esperientzia izan da?

Everesteko trekkinga eginez egokitu, eta abenduaren 4an Ama Dablameko oinarrizko kanpamendura iritsi ginen. Hurrengo egunean bertan, taldekide batzuek tontorrera igotzeko saiakera egitea erabaki zuten, baina nik ezin izan nuen parte hartu, tripetatik gaizki nenbilelako. Abenduaren 14a zen gailurrerako saiakera egin genezakeen azken eguna, taldekideetako batzuek etxera bueltatu beharra zeukatelako. Horrela, abenduaren 11n lehen kanpamendura igo ginen, 5.800 metrotara; 13an bigarren kanpamendura; eta 14an gailurra egitea lortu genuen Dani Gaonak, Cheppal xerpak, Ali Sadparak eta laurok. Esperientzia gogorra izan da, baina, aldi berean, oso positiboa.

Nolakoa izan zen igoera?

Gogorra izan zen, sufritu genuen, baina, oro har, ondo ibili ginela esango nuke. Azken 200 metroak izan ziren zailenak: gailurra bertan ikusten duzu, baina aldi berean urruti; altuera handian zaude; nekatuta... Gainera, jaitsierak kezka pixka bat sortzen zidan, oso luzea baita, oso bertikala, akatsik egiten ez du uzten, rappel asko egin behar da, altuera handian zaude, nekatuta, jan gabe, edan gabe... eta lagunek buelta hartu dutela ikusteak eta une oro tentsioan egoteak ere eragin egiten dute. Hala ere, jaitsiera nahiko lasai hartu genuen eta, zorionez, dena ondo atera zen.

Asko sufritu al zenuten?

Azken 200 metroetan eta jaitsieran pixka bat bai, baina nik uste gailurrerako saiakera egin aurretik kanpamenduan pasatu genituen egunetan gehiago sufritu nuela. Haize handia ibili zen, mendiak ez zigun probatzeko aukerarik ematen, eta gu probatzeko gogoz geunden. Nahi eta ezin hori ez zen oso ederra izan.

Tontorrera bidean buelta emateko tentaziorik izan al zenuen?

Neuk, egia esan, ez nuen tentaziorik izan; fisikoki indartsu sentitzen nintzen, motibatuta, gogoarekin eta gailurra zapaltzeko ilusioarekin.

Zer sentitu zenuen gailurra zapaldutakoan?

Poza eta emozio asko. Oso gertuko jendearekin akordatu nintzen: etxekoekin, bikotekidearekin, lagunekin, inguruan falta zaidan jendearekin... Ez genuen gailurrean denbora asko egiterik izan; argazki batzuk atera genituen, paisaiaz eta ikuspegiaz gozatzen saiatu nintzen... Hala ere, buruan jaitsiera nuen. Nik uste behin jaitsitakoan gehiago disfrutatzen dela egindakoaz; izan ere, goian zaudenean, tontorrean zaude, baina gailurra jaitsitakoan egiten da; gailurra oinarrizko kanpamenduan dago.

Zerk eraman zaitu Ama Dablamera?

Alex Txikonek urtearen hasieran komentatu zidan Annapurna neguan igotzeko asmoa zuela, egokitzapena Ama Dablamen eginda, eta ea animatzen nintzen galdetu zidan. Txikitatik izan dut mendi horrekin fijazioa, bere proposamena oso tentagarria iruditu zitzaidan, eta aukerari heltzea erabaki nuen, momentuak bizi egin behar direlako. Horregatik, Alex Txikoni eskerrak eman beharrean nago, berak proposatu zidalako nagoelako hemen.

Tamaina horretako beste mendirik egindakoa al zara?

Duela bi urte inguruotan ibili nintzenean 6.000 metroko mendi bat egin nuen, baina Ama Dablam egitea beste kontu bat izan da; igoera askoz serioagoa izan da, askoz bertikalagoa, eta mendia bera askoz eleganteagoa. Era honetako mendi bat igotzen dudan lehen aldia izan da.

Azaroaren 23an iritsi zinen Nepalera, eta oraindik beste hiru bat aste egingo dituzu. Zer plan dituzu datozen asteetarako?

Bidaiak bi zati izango ditu. Lehenengo zatia, Ama Dablamera espedizioa izan da, eta orain dator bigarrena: nire bikotekidea eta lagun batzuk datoz, eta Annapurnako trekkinga eginez, hango oinarrizko kanpamendura joango gara, han Txikonekin-eta elkartzeko. Bigarren zati hau lasaigo hartuko dut, aklimatazioari dagokionez-eta etxeko lanak eginda nagoelako, eta gainera, ilusio handia egiten dit lagunekin hemen elkartzeak.

Ama Dablam igotzeren antzerako beste erronkaren bat egitera ausartuko al zinateke?

Nik uste gizakiak beti darabilzkiela buruan bueltaka erronka desberdinak, nire kasuan horrela da behintzat, beti izan ditut betetzea gustatuko litzaizkidaken ametsak eta helburuak. Hala ere, Ama Dablameko espedizioa oraintxe bukatu dugu, Annapurnako trekkinga daukat aurretik eta oraintxe bertan neure buruarekin lasai nago. Etorkizun batean beste aukeraren bat sortzen bazait, balioetsiko dut, eta motibatuta eta gogotsu baldin banago eta egokia iruditzen bazait, zergatik aurrera ez egin? Iruditzen zait bizitza honetan gustuko gauzei ateak ez zaizkiela itxi behar, eta denborak esango duela, momentuko egoeraren arabera. Orain momentuan, Annapurnako trekkinga eginez lagunekin gozatzea da esku artean daukadan erronka, eta polita izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide