Mikel Agirre azpeitiarrak Ama Dablamen gailurra egin du

Aitziber Arzallus 2024ko abe. 16a, 13:36

Alex Txikon eta Mikel Agirre, Nepalen (Utzitakoa)

Mendizale azpeitiarrak Dani Gaona espainiarrarekin, Muhamad Ali Sadpara pakistandarrarekin eta Cheppal xerparekin batera egin du 6.812 metrora dagoen tontorra. Lagun Onak mendi bazkunako lehendakariordea da Agirre.

Mikel Agirre mendizale azpeitiarrak Ama Dablamen (Nepal, Himalaia, 6.812 metro) gailurra egin du, Dani Gaona espainiarrarekin, Muhamad Ali Sadpara pakistandarrarekin eta Cheppal xerparekin batera.

Zortzi laguneko taldea abiatu zen gailurrerantz, tartean Agirre eta Alex Txikon, Azpeitian bizi den mendizale lemoarra (Bizkaia), baina haietako batzuek buelta ematea erabaki zuten 6.400 metrora zeudenean, eta Txikon haiekin batera jaitsi zen oinarrizko kanpamendura. Ez, ordea, Agirre; hark aurrera jarraitu zuen beste hiru kiderekin batera, eta gailurra egitea lortu zuten. Lagun Onak mendi bazkunako lehendakariordea da Agirre.

Agirre duela egun batzuk joan zen Nepalera Alex Txikon buru duen #OdysseyAnnapurna25 espedizioko hainbat kiderekin batera. Datozen asteetan Annapurna (8.091 metro) neguan igotzeko beste saiakera bat egingo du lemoarrak; iaz ez zuen lortu, eta 1987tik beste inork ere ez.

Hasiera batean Annapurnako egokitzapena Pumorin egitea pentsatzen bazuten ere, azkenean planak aldatu behar izan zituzten, eta Ama Dablam igotzea erabaki zuten, munduko mendirik ederrenetako gisa jotzen dutena. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide