Kalejirarik gabe, baina giro goxoan egin diete harrera Olentzerori eta Mari Domingiri

Maialen Etxaniz 2024ko abe. 24a, 14:00

Euria goian behean aritu da goiz osoan zehar, eta, beraz, ekitaldia Azoka Plazan egin dute. Jaia ohikoa baino laburragoa izan den arren, gaztetxoek aukera izan dute Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko eta haiei gutunak emateko. 

Eguraldi txarra tarteko, aurten kalejirarik gabe hartu dituzte Olentzero eta Mari Domingi Azpeitian, Azoka Plazan egindako ekitaldian. Dena den, eguraldi tristeari aurpegi ona jarri diete herritarrek, eta ilusioz hartu dituzte Olentzero eta Mari Domingi. Goiz osoan zehar euria egin du gelditu gabe, eta Azpeitiko Udalak eta ikastetxeek hainbat aldaketa egin behar izan dituzte ekitaldian. Dena den, tuntturroek, txistulariek, musika eskolako soinujoleek, Itsasiko dantzariek eta hiru ikastetxeetako haurrek lagunduta iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi herrira, eta ikusmina sortu du haien bisitak.

Ekitaldia ohi baino zertxobait lehenago hasi da Azoka Plazan, eta ordurako jendetza zegoen han, Olentzero eta Mari Domingi ikusteko irrikaz. Argitxoz jantzitako haurrek zein ttuntturroek izan dute Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko lehen aukera, eta hainbat argazki atera dituzte haiekin. Gainera, gaurko bi protagonistek gaztaina erreak eman dizkiete gaztetxoei, eta haur horietako askok gutunak eman dizkiete trukean.  

Euriak askorik lagundu ez duen arren, barru-giroan egin dute ekitaldia, ahalik eta goxoen. Musika eskolako gaztetxoek hainbat pieza eskaini dituzte, eta hainbat Gabon kanta abestu dituzte elkarrekin Azoka Plazan elkartutakoek. Ikasleek bertsoak ere eskaini dizkiete Mari Domingiri eta Olentzerori. 

Urrestildarrak, Gabon eskean

Azpeitian ez ezik, Urrestillan ere jai giroan igaro dute goiza. Hain zuzen, Gabon eskera atera dira hainbat lagun. Aurten, bi taldetxo atera dira. Haur eta gurasoena alde batetik, eta, gazteena bestetik. Haurrek eta gurasoek Ugarten egin dute hamaiketakoa, eta bertan atera dute taldeko argazkia. Gazteek, berriz, aspaldiko talderik jendetsuena osatu dute, eta kantari ibili dira etxez etxe. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide