Mende eta laurdenetik gora dituen jaiotza

Nerea Uranga 2024ko abe. 25a, 09:00

Gaur Eguberri eguneko mezaren ondoren, eguerdian, irekiko dute 131 urte dituen Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiako jaiotza. Azaroaren aurrenean hasi zen muntatzen jaiotzaz arduratzen den boluntario taldea, eta Errege egunera bitartean ikusgai izango da. Tartean, baditu bere-bereak dituen pertsonaiak jaiotzak: Periko Motxala eta zerrategiko Kontxexi.

Osteguna da, 20:30ak jo ditu. Iñigo Perez erreminta kaxa hartuta sartu da Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiara, sakristiarako atetik. Naximentua edo jaiotza muntatzera dator. Haren atzetik, jaiotzaren muntaketan boluntario aritzen diren beste lagunak batu dira. Iñigo Perezekin batera naximentua muntatzen jarduten dutenak dira: Gema Perez, Mila Perez, Joxemai Txapartegi, Luis Andres Amenabar, Jose Ramon Berasategi Patxo, Jose Luis Alberdi, Arantxa Orbea, Pedro Lozano eta Fernando Usabiaga. Beraz, hamar laguneko taldea aritzen da parrokiako jaiotza prestatzen azaroaren aurrenetik: "Azaroaren lehenengo astelehenean hasten gara, izan daiteke bata edota hirua. Aurten, azaroaren 4a egokitu da. Dena pixkanaka-pixkanaka jartzen denbora asko ematen du, eta beti nahi izaten dugu abenduaren 23ra arte aguantatzea azkenengo pusketa hori jarri gabe. Boladak izan dira bi-hiru lagunek muntatzen zutena jaiotza, eta orduan urrian ere muntatzen hasi egiten ziren", azaldu du Gema Perezek.

Gaur, Eguberri egunez zabalduko dute jendearentzako, eta Errege egunera arte egongo da ikusgai. Garai batean, Gabon eguneko gauerdiko mezaren ondoren irekitzen zuten jaiotza, baina orain Eguberri eguneko lehenengo meza bukatu ostean zabaltzen dute. Beraz, 12:30 aldera irekiko dute gaur. Gero, arratsaldean, 17:30etik 20:00etara zabalduko dute. "Jenderik ez dabilela ikusten badugu lehenago ixten dugu", dio Gema Perezek. Errege eguna izaten dute azkenengo eguna, sansebastianetarako dena kendu behar izaten dutelako.

Astelehenetik igandera irekitzen dute parrokiako jaiotza, astelehenetik igandera 17:30etik 20:00etara eta jaietan, berriz, eguerdian meza bukatu ostean ere zabaltzen dute.

131 urte

1894an sortu zuten Azpeitiko parrokiako jaiotza. Agustin Jauregi erretore zela eta Frantzisko Larrañaga Kinttela laguntzaile zuela jarri zuten aurreneko jaiotza parrokian, Xabierko Frantziskoren kaperan. Gero, jaiotzaren makinariak zarata ateratzen zuela-eta Bakardadearen kaperara lekualdatu zuten. 2002. urtean, berriz, tokiz aldatu zuten naximentue kapera horren eraberritze lanak tarteko, parrokiaren koruaren azpialdera hain zuzen ere. Ordutik, toki horretan muntatzen dute.

Urte hauetan guztietan hainbat aldaketa egin dizkiote jaiotzari, baina bere-bereak dituen pertsonaia ezagunak mantendu ditu, hala nola Periko Motxala eta zerrategiko edo zerreriko Kontxexi. Gainera, sorrerako makinariarekin funtzionatzen du gauaren eta egunaren arteko trantsizioa egiteko: urarekin eta gatzarekin egiten dute hori. "Mugimenduak uraren eta gatzaren bidez egiten dira, eta alde ederra dago zenbat gatz jartzen den, baita gatz lodia edota mehea den ere. Neurria hartu behar zaio, bestela gauak motzagoak izaten direlako", azaldu du 40 urte baino gehiago jaiotza muntatzeaz arduratzen den Iñigo Perezek.

Frantzisko Larrañagari haren semeek hartu zioten parrokiako jaiotza muntatzeko lekukoa, eta ondoren, Felix Epelde sakristauak eta haren semeek hartu zuten ardura. 1960Ko hamarkadan, ordea, sakristauaren osasun arazoak tarteko, eta boluntario faltagatik jaiota muntatu gabe gelditu zen, eta Frantziskotarren tertziarioen esku gelditu zen muntaketa lan hori.

Gerora, Dioni Perez zena arduratu zen jaiotzaren muntaketaz, eta hark mende erdia pasatxo egin zituen boluntario lan horretan, eta harekin batera jardun zuten Iñigo anaiak, arrebek eta gaur egun jarduten duten hainbat lagunek.

Joan den asterako jaiotzaren estruktura guztia, errekak, bideak, etxeak... muntatuta zituzten, eta piezak edota pertsonaiak eta animaliak jartzea falta zitzaien batik bat. Lan horretan, kopetako argia jarrita, musika ipinita... berriketan ari dira jaiotzaren atzeko zein aurreko lanean. Pixkanaka-pixkanaka, eta gauza berriak gehituz joaten dira urtetik urtera. "Ia urtero zerbait desberdin muntatzen dugu edota zerbait berria eransten diogu jaiotzari, baina ikustera etortzen den jendea gaua eta eguna nola egiten den txundituta gelditzen da, eta berria den horri ezer gutxi erreparatzen diote. Iaz, hartz bat jarri genuela esan genuen, eta jaiotza ikustera zetorren jende guztia hartza non topatuko ibili zen...", azaldu du Gema Perezek.

Bata jaiotzaren ertz batean, beste bi atzealdean... Badirudi badakiela bakoitzak zertaz arduratu behar duen, inork inori ezer agindu gabe ari dira; tartean behin, elkarri adarra joz. Jose Ignacio Eguzkitza Azpeitiko erretorea ere joan zaie bisitan gozoen kaxa batekin, lanean ari diren bitartean jan ditzaten.

Ondarea

Ostiralak ez beste astegun guztietan 08:30etik 22:00 aldera artean jarduten dute jaiotza muntatzen. Jaiotzako piezak, berriz, ehundik gora dira eta multzokatuta dituzte parrokiaren lau bat txokotan. Urtetik urtera jaiotzako piezak eraberritzen ari dira. Urtero dozena bat pieza berritzen ari direla azaldu du Gema Perezek. “Katalogatzen ari gara pieza guztiak pixkanaka, eta horiek berritzeko udala ari zaigu laguntzen. Zaharrenak pieza handienak dira, baita gehien balio dutenak ere. Asko oso zahartuta eta hondatuta daude, eta multzoka eraberritzen ari gara", adierazi du Gema Perezek.

"Ondarea" da Azpeitiko parrokiako jaiotza, eta hori zaintzeko eta gordetzeko lan egiten du naximentuaz arduratzen den boluntario taldeak. "Naximentuko pieza asko Olotetik (Girona, Katalunia) ekarritakoak dira. Oloten egindako jaiotzetarako piezak oso ezagunak dira, eta balio handikoak gainera", azpimarratu du Gema Perezek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide