Barakaldoko hilketa matxista gaitzetsi du Azpeitiko Udalak

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 4a, 18:19

Hilketa salatzeko Azpeitiko Feministan Sariek deituta bihar, igandea, 13:00etan, Azpeitiko plazan egingo duten elkarretaratzean parte hartzera dei egin du erakundeak.

Atzo arratsaldean Barakaldon izandako hilketa matxista salatu du Azpeitiko Udalak. Hildakoaren senitarteko zein gertukoei elkartasuna adierazi dizkie erakundeak, eta hilketa salatzeko Azpeitiko Feministan Sariek deituta bihar, igandea, 13:00etan, Azpeitiko plazan egingo duten elkarretaratzean parte hartzera dei egin du. Elkarretaratze horretan, Barakaldon izandako hilketaz gain, herrian azken egunotan izan diren genero indakeria kasuak ere gaitzetsiko dira. Ildo horretatik, Azpeitiko Udalak adierazi du ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik, ez Azpeitian, eta beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarron ardura gogorarazi du, gainera.

Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat dela iritzi dio erakundeak, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. "Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea". Horregatik, Azpeitiko Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, lanean jarraitzeko asmoa berretsi du "berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean". Bere ustetan, "eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu".

Erasoren baten aurrean, herritarrei gogorarazi die honako telefono zenbaki hauetara dei dezaketela:

  • Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92
  • Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13
  • Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00
  • Ertzaintza: 112

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide