Azpeitiko Feministan Sariek gogor gaitzetsi ditu Barkaldoko hilketa eta herrian izandako eraso matxistak

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 5a, 14:24

Gaur eguerdian plazan egin duten elkarretaratzea. (Aitziber Arzallus)

Azpeitiko Feministan Sariek egindako deiari erantzunez, dozenaka lagun batu dira eguerdian plazan Barakaldoko hilketa eta herrian izandako erasoak salatzeko. Jarrera konplizeak alboratzeko eskatu dute, baita "jendarte antolaketa sexistari" aurre egiteko benetako neurriak hartzeko ere, emakumeen bizitzak daudelako jokoan. "Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak". Gizarteari ardurak hartzea exijitu diote, eta bereziki, gizonei. "Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete"

Azpeitiko Feministan Sariek deituta, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute plazan Barakaldon ostiralean izandako hilketa matxista eta azken egunetan herrian izan diren bi eraso matxistak salatzeko. "Zoriontasuna eta armonia performatzera derrigortuta gauden garaiotan, Gabonetan, errealitateak beste kolpe bat eman digu. Izan ere, sistema heteropatriarkalak eta indarkeria matxistak ez dute etenik, eta egunero jasaten ditugu horien ondorioak". Urte berria zaharraren bide beretik hasi dela eta, "minduta, nazkatuta eta amorratuta" daudela adierazi dute. "2024a Euskal Herrian sei erailketa matxistarekin amaitu genuen, eta urte berria bide beretik hasi dugu".

Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu dituzte, eta esan dute ez dutela inolako erasorik onartuko. "Gogoratu nahi dugu eraso gehienak hurbilekoek eta ezagunek egindakoak izaten direla, Azpeitiko azken kasu hauetan azaleratu bezala edo Barakaldokoa kasu". Era berean, azpimarratu dute kasuok ez direla gertaera isolatuak. "Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, eta egunerokoan zanpatzen gaitu". Indarkeria matxistaren ertz ugariak ere nabarmendu dituzte. "Ertz asko ditu, eta askotarikoak dira adierazpideak: sexu erasoak, komentario eta jarrera misoginoak, zaintzen banaketa desorekatua, lan banaketa sexuala, soldata arrakala eta abar".

Horiek horrela, emakumeenganako indarkeria salatzeko eta horri aurre egiteko antolatzen jarraituko dutela adierazi dute Azpeitiko Feministan Sareko kideek: "Saretzen eta feminismotik eragiten. Baita indarkeria eragiten eta hura eusten duten gizon, instituzio eta, orokorrean, sistema heteropatriarkal kapitalista eta koloniala salatzen eta interpelatzen ere". Egungo jarrera konplizeak alboratzeko eskatu dute, eta "jendarte antolaketa sexistari" aurre egiteko benetako neurriak hartzeko exijitu. "Gure bizitzak daude jokoan".

Horrekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dute. "Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak. Gu ez gara isilduko, erasorik ez erantzunik gabe! Feministok erantzuteko prest gaude! Lotsa eta beldurra bandoz aldatzen hasi dira, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte". Indarkeria matxistari aurre egitea guztien ardura dela eta, gizarteari ardurak hartzea exijitu diote. "Bereziki, gizonei. Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete". Indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde borrokan segituko dutela esanez bukatu dute bilkura.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide