Bada Jose Artetxe kalearen erdian, Gaur Txori diskoteka ezaguna zenaren gainean, elkarte gastronomiko bat. Azpeitiko erdigunean, aurretik jende asko igaro arren, oharkabean gelditzen dena: Perdillegi du izena.
Azpeitiko soziedade zaharrenetakoa izan arren, Perdillegi elkarteak aurten izango du estreinaldia danborradan. Urteetan hitz egin izan dute elkartekoek danborradako taldea sortzeaz, baina asmoak ez zuen aurrera egiten, beharrezkoa zen jende kopurua ez zegoelako prest. "Elkarte askotan geratzen ari den bezala, mugimendu gutxi zegoen gurean, eta danborradako taldea osatzea bazen bazkide berriak lortzeko pizgarria. Azken urteetan gazteak bazkide egiten hasi dira, eta horiek danborradarako gogoz ziren; ondorioz, errazagoa izan da taldea sortzea", azaldu du Ane Agirrek.
Perdillegik aurten du estreinaldia, elkarte zaharrenetakoa den arren
Hala, 2023ko batzarrean erabaki zuten danborradako taldea sortzea, eta horrela jarri ziren abian. Zerrenda jarri zuten elkartean, baina ez zuten berehalakoan osatu. "Hasieran kostatu egin zen, eta jende bila hasi beharko genuela ere komentatu genuen. Baina, bat batean, zerrenda bete zen, eta taldea sortzeko nahiko pertsona ginen. Are gehiago, ezezkoak eman behar izan ziren", kontatu du Leire Iriarte taldekideak.
"Udalak muga bat jartzen du. Oso oker ez banago, gehienez 55 pertsona irten daitezke danborradako talde bakoitzean, kantinera eta guzti. Eta muga horretara iritsi ginen udalean eskaera egitera gindoazela. Hori 2023ko azaroan izan zen", gaineratu du Agirrek.
"Horrela da. 2024ko danborradan ateratzeko aukera eman zigun udalak, baina ez zegoen dena prest izateko astirik, eta, beraz, aurten izango dugu lehendabiziko aldia danborradan", gogoratu du Iriartek.
Karta sortatik
Perdillegi elkartea duela urte asko eratu zuten, 1960ko hamarkadaren hasieran. Garai hartan, egungo Jose Artetxe kalearen inguruan ez zegoen eraikin asko, eta elkartearen asmoa garbia zen: karta jokoan ibiltzeko auzotarrentzat gunea izatea. Sorrera hartatik hartu dute danborradako taldearen jantziarentzat ideia nagusia: karta sortako ezpataduna, hain zuzen ere. "Taldean garbi genituen jantziak izan behar zituen ezaugarriak: euskal ohiturekin zein karta jokoekin lotura izan behar zuen. Hortik atera genuen jantziaren ideia", esan du Iriartek.
"Kontuan hartu behar da danborradako 31. taldea garela. Jantzi ugari dagoen arren, zerbait desberdina ere nahi genuen. Eta lortu dugulakoan gaude", esan du Eneko Rajado taldekideak. Horrela, azken urtean jantzietan murgilduta ibili dira. Diseinua garbi izanda, detaileak zehaztu behar zituzten; zuzendariaren jantziaren desberdintasunak edota banderadunaren eta kantineren jantziak. Zuzendariaren jantziak, adibidez, ukitu beltzak izango ditu. Kantinerena, aldiz, zailagoa izan dela onartu du Iriartek: "Jantzi zehatz bat gabe, beste elkarteetako gonak eta jakak eskatu genituen, ereduak ikusteko. Argi dugu urtero pertsona desberdinek erabiliko dituztela jantziok, eta horiek ahalik eta erosoen senti daitezen nahi genuen, gorpuzkera guztientzat izatea. Ez zen erraza izan, bilera oso bat horretaz hitz egiten pasatu genuen; baina zehaztu genuen, azkenean, eta denen gustukoa izango delakoan gaude".
Danborrek ukitu berdea izango dutela aurreratu dute, danbor-joleen gerrikoaren tonu bera. Jantzi osoak eta danborrak Azpeitian bertan egindakoak dira: "'Zero kilometro' direla esan dezakegu; are gehiago, zuzendariaren ezpata bi taldekidek egin baitute". Rajado izango da taldearen zuzendaria estreinakoan. Hasieran postu horretara aurkezteko asmorik ez bazuen ere, azkenean pausoa eman zuen. Izan ere, taldekideen artean zuzendari izateko inor prest ez zegoela ikusirik, zozketa egitea erabaki zuten. "Eta orduan pentsatu nuen nire burua aurkeztea, ilusioa pizten zidan zerbait zen eta. Ordutik beste inork ez du esan zuzendari izatea nahiko lukeenik, baina agertuko balitz, ez zen arazorik egongo zozketa egiteko edo beste erabakiren bat hartzeko", dio.
Egunerako prest
Lan eta intentsitate askoko urtea izan da beraientzat, baina Perdillegi elkartekoak prest daude urtarrilaren 19rako. 2024aren amaieran osatu zituzten jantziaren xehetasunak: txintxarriak eta txalekoak banatzea. Beraz, afaria eta danborradarako janztea bakarrik falta zaizkie. Elkartean bertan afalduko dute, eta catering zerbitzua izango dute: "Denboraz ondo ibili nahi dugu, eta garaiz iritsi danborradaren hasierako ordura. Berriak gara, eta badaezpada...".
Elkartean bertan afalduko dute, eta catering zerbitzua izango dute
Lehenbiziko urtea, eta festa borobila izango dutela azaldu du Rajadok, banderaren jaitsieran ere parte hartuko baitute. "Egokitu egin zaigu, eta horrekin ere gustura gaude. Zerbait afaltzeko hartuko dugu nonbaitetik, eta elkartean bertan afalduta aterako gara jaitsierako danborradan".
Danborrak egokitu zaizkie, eta horrek poztasuna areagotu die Perdillegikoei. "Bagenekien izena ematen zuen hurrengo taldeari danborra egokituko zitzaiola, eta horregatik ibili ginen presaka eta korrika. Izena emateko epea ireki orduko udaletxean ginen, aurrez beste talderik ez zela azaldu ziurtatuz", gogoratu du Iriartek.
Bi urte daramatzate gaiarekin lanean, eta igandea noiz iritsiko zain daude
Talde gaztea osatu dute, "oso gaztea", baina ondo moldatuko direlakoan daude. "Kide asko bazkideen seme-alabak dira, belaunaldi berrietako gazteak", dio Agirrek. Horregatik, beren kabuz entsegu bat edo beste egitea proposatu du zuzendariak, talde guztiek batera egiten dituzten entseguetara ahalik eta ondoen iristeko. Rajado bera urtean zehar etxean aritu da abestiak bereganatu nahian: "Azken hilabeteetan, batik bat, gogotik ibili naiz. Danborradan irteten nintzen Sanjuandegi taldearekin, eta, beraz, abestiak ezagutzen nituen. Baina taldea zuzentzea beste kontu bat da eta eguna iristean ondo egitea nahi dut. Gainera, txapa jo izan dut beti, eta orain, danborra zuzendu beharko dut. Lehenbiziko urtea dugu, eta ondo porta daitezen eskatu diet".
Gogotsu daude Perdillegikoak. Bi urte daramatzate danborradaren gaiarekin lanean, eta igandea noiz iritsiko zain daude. "Gazteak ere ilusioz daude. Hainbeste lan egin eta hainbeste itxaron ondoren, iristear da hain gogoko dugun unea", amaitu dute.