Hazten eta hazten jarraitzen du festak

Nerea Uranga 2025ko urt. 13a, 19:52

Sansebastianetako egitarauaren aurkezpena, gaur udaletxean. (Nerea Uranga)

Sansebastianetako festa orduak berberak izan arren, parte hartzea goraka doa urtez urte. Aurtengoan, talde berri bat gehituko da helduen danborradara: Perdillegi. Hala, San Sebastian bezperan 31 taldek irtengo dute, eta Mendizaleak taldeak 50 urte beteko ditu danborradan. Gaur arratsaldean aurkeztu dute aurtengo danbor festaren egitaraua.

Dozena erdi egun besterik ez dira falta Azpeitiko kaleak danbor hotsek hartzeko, igandean izango baita San Sebastian bezpera. Gaur arratsaldean aurkeztu dute aurtengo sansebastianetako egitaraua udaletxean haur eta helduen danborradetako taldeetako ordezkariek nahiz festetako ekitaldien antolatzaileek.

Danbor festaren ordu kopurua urterokoa izango da aurten Azpeitian, 24 ordu pasatxokoa, baina parte hartzeak gora egingo du aurtengoan. Izan ere, bezperako helduen danborradan talde bat gehiago izango da aurten, Perdillegi taldea. Beraz, 31 talde izango dira aurtengo helduen danborradan parte hartuko dutenak, ia 1.700 parte hartzaile, inoiz baino gehiago. Gainera, Mendizaleak taldeak 50 urte beteko ditu helduen danborradan irteten.

Igandean, 22:00etan hasiko dute danborrada Olazko Andre Mariaren Plazatik. Gauerdirako denak herriko plazan direla, herriko bandera igoko dute udaletxeko balkoian San Sebastian martxa-ren doinuekin, eta hainbat pieza joko dituzte ondoren.

San Sebastian egunez, berriz, haurren danborradan hamar taldek parte hartuko dute aurten ere; 500 lagun inguru. 12:30ean hasiko dute danborrada astelehenean Aranetik eta Artzubitik, eta danbor-jotzaileen atzetik Aitor Expositok diseinatutako karroza aterako dute. Karrozaren aurtengo gaia Azpeitiko antzinako lanbideak izango da.

Danbor-jotzaileen festa San Sebastian eguneko gauerdian bukatuko da, bandera jaitsierako danborradarekin. Astelehenean, 23:15ean hasiko dute danborrada Buztintzuriko Errebaletik, eta Azpeitiko Musika Bandarekin batera helduen danborradako sei taldek parte hartuko dute. Honakoak dira irtengo dutenak: Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe eta Perdillegi.

Sansebastianetako egitaraua:

Urtarrilak 19, igandea, San Sebastian bezpera.

  • 22:00. Helduen danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik irten eta herriko kaleetan zehar.
  • 00:00. Talde guztiak elkartuta, plazan danborradako doinuak joko dituzte eta udaletxeko balkoian herriko bandera altxatuko dute.

Urtarrilak 20, astelehena, San Sebastian eguna.

  • 09:00. Goiz eresia herriko kaleetan,  Izarraitz txistulari taldearekin eta Juan Antxieta musika eskolakoekin.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeek, Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibituen taldeak kalejira egingo dute.
  • 10:15. Udalbatza kalejiran joango da parrokiara.
  • 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
  • 10:45. Meza nagusia, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian meza nagusia. Olazko Amari meza Parrokiako abesbatza, Azketa Ahots taldea eta Julian Barrenetxea abesbatzek abestuta, Javier Alberdik zuzenduta.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan. Ganadutegia: Lopene.
  • 12:30. Haurren danborrada eta karroza, Aranetik eta Artzubiatik irtenda. Aurtengo karrozaren gaia: Azpeitiko antzinako lanbideak. Karrozaren egilea: Aitor Exposito.
  • 16:30-20:00. Sokamuturra, Alde Zaharreko kaleetan, herriko plazan eta Artzubian. Ganadutegia: Lopene.
  • 17:30. Diskopuntx jaialdia, Azoka Plazan.
  • 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Buztintzuriko Errebaletik abiatuta. Ibilbidea: Olazko Andre Mariaren Plaza, Goiko kalea, Donejakue kalea, Elizkalea, Enparan kalea, Erdikalea eta plaza.
  • 00:00. Bandera jaistea Udal Musika Bandaren, eta helduen danborradako sei talderekin: Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe eta Perdilegi.

Urtarrilak 26, igandea.

  • 16:30-20:00. Sokamuturra, Alde Zaharreko kaleetan, herriko plazan eta Artzubian. Ganadutegia: Bergarako Zezenak.
  • 16:30. Zinema: Alan giza antena filma, Soreasu antzokia.
  • 19:30. Zinema: Crossing filma, Soreasu antzokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide