Mendizaleen 50. gailurra

Kris Fernandez 2025ko urt. 16a, 08:00

1975ean Mendizaleak taldeak jantziak estreinatu zituen; orduan ateratako argazkia da.

Hainbat eta hainbat mendi tontor igo dituzte Lagun Onak mendi bazkunako kideek 1946an elkartea sortu zenetik. Gertuko Xoxotetik eta Erlotik hasita, urruneko Azore uharteetako edo Albaniako tontorrak ezagutu dituzte. Urtarrilaren 19ko gauerdian, ordea, taldearen gailurrik garrantzitsuenetakoa egingo dute 50. aldiz: helduen danborradarena. Sansebastianetako egunkari bereziko edukia da honako hau.

Mendizaleen lokalaren eta tabernaren ateak 1973ko abenduaren 16an ireki zituzten. Hilabete eskas geroago, Mendizaleak taldea lehendabizikoz irten zen Azpeitiko danborradan. "Lokal berria izanda, gauza berriak egin beharra ikusten genuen, elkartea herrira ahalik eta gehien zabal zedin. Segituan irten zuen danborradako taldea sortzeko ideia", gogoratu zuen garai hartan elkartearen lehendakari zen Kepa Ibarzabalek Lagun Onak mendi bazkunaren 50. urteurrenaren harira argitaratutako liburuan.

Erabakia hartuta, danbor festarako denbora gutxi falta zela ohartuta, Azkoitiko Beti Poz elkarteak sukaldari jantziak eta barrikak uztea lortu zuten, eta, horrela, sukaldariz jantzita, egin zuten estreinaldia danborradan mendizaleek.

Hurrengo urterako, ordea, jantzi propioa egin behar zutela erabaki zuten. Mendia eta mendizaletasuna oinarri izango zituen jantzia izatea ezinbestekoa zen, eta horrela eutsi zioten tiroldarren jantziari. Mendizaletasuna bera asko hedatu zen garai hartan, inguruko mendietatik kanpokoetara eta espedizio handiak egitera igaro ziren kide asko. Mendizaletasunaren jantzi ofizialik ezean, Alpeek eta tiroldarrek zaletasun hori irudikatzen zutela erabaki zuen elkarteak.

Garai hartan taldeko kide ziren hainbat gaztek Donostian igarotzen zuten astea, ikasketak zirela eta, eta haiei egokitu zitzaien danborradarako jantzien kudeaketa jarraitzea. Tartean zen Jexux Agirre. "Nahi genuen jantziaren marrazkia egin genuen, eta horren gainean josi zituen arropak jostunak. Gogoan dut oraindik; asteburuetan etortzen ginen Azpeitira eta bi egun horiek aprobetxatzen genituen neurriak hartzeko, gero horiek Donostiako jostunari eramateko", kontatu du Agirrek.

Ordutik, mendizaleak tiroldarrez jantzita irten dira danborradan: galtza motz beltzak, alkandora zuria, burukoa, galtzerdi zuriak eta oinetako beltzak. Taldeko gastadoreek, berriz, eskiak eta motxilak eramaten dituzte.

Urteetan zehar, aldaketa txiki batzuk izan dituzte jantziek. Kantineren arropek, batik bat; 1991n aldatu zituzten horiek. Danbor jotzaileenei, berriz, xehetasunak gehitu zizkieten duela bi urte; brodatuak, esaterako. "Apaindu egin genuen jantzia, politagoa da orain. Jantzi hotza da, baina ez dugu inoiz pentsatu izan arropa gehiago janztea. Mendizaleak indartsuak gara, eta hainbat urtetan egin dituen euriteekin eta hotzekin aurrera egin badugu, dagoeneko horrela geldituko da jantzia", azaldu du Lagun Onak mendi bazkuneko kide Andoni Unanuek. "Gehienez, jaka bat gehitzea izango genuke, baina gure asmoa benetako tiroldarren jantzia errespetatzea da, ahal den neurrian behintzat», gaineratu du Anjel Mari Etxeberriak.

Semeak aitarengandik

1974ko estreinako urte hartan, Jose Inazio Agirre zenak hartu zuen taldearen zuzendari lana, eta hura mantendu zen postuan 2018ra arte, bere seme Mikelek lekukoa hartu zuen urtera arte. "Aitak urteak zeramatzan bere postua hartzeko esanez, eta, zoritxarrez, 2017an gaixotu egin zen. Ondorioz, 2018an hasi nintzen taldea zuzentzen", azaldu du Agirrek. Agirretarren etxean danborradak beti izan du indar handia: aita Mendizaleen zuzendari, aitonak eta izebak umeen danborradako karrozak egin zituzten urte luzez… "Eta ni San Sebastian jaien inguruko datetan jaioa naiz!", gehitu du Mendizaleak taldearen egungo zuzendariak.

                                             

Aitaren erreleboa hartzea berezia izan zen semearentzat. "Gaixotu zenez, zertxobait azkarrago hartu nuen postua, baina hunkigarria izan zen. Egia esan, urtero gogoratzen naiz berarekin". Aurten, ordea, gehiago gogoratuko da agian. Izan ere, Mendizaleak taldeak danborradan 25 urte bete zituenean, Mikel aitaren ondoan izan zen, zuzendari txiki lanetan; eta aurten, taldeak 50 urte beteko dituenean, bera izango da zuzendari nagusia.

Txakurraren azken urtea

Azpeitiko helduen danborradaren bereizgarri edo ikurretako bat da Mendizaleak taldearen txakurra. Unanueren ideia izan zen txakurra taldera batzea. Hasieran, txakurraren parte hartzeak «inpaktu eta harrera ona» izan zituela dio, baina azken urteetan gero eta kritika gehiago jaso dituzte. Hala, 2025ekoa txakurraren azken danborrada izango dela aurreratu dute.

"Lan ikaragarria du: txakurra lortu, ohitu… eta gastua ere handia da. Baina, txakurraren zikloa urteurren bereziarekin amaitzea ederra izango dela pentsatu genuen", adierazi du Etxeberriak.

                                   

Ezer berezirik ez

Urtero lez, mendizaleen egoitzako jatetxean afalduko du danborradako taldeak San Sebastian bezperan, eta ezer berezirik ez dutela prestatu esan dute: "Urtero-urtero arkumea izaten dugu, eta ezer ez dakigun arren, aurten berdina izango delakoan gaude", esan du Unanuek. "Argazki eder bat aterako dugu danborrada amaitzean, baina, horrez gain, ez dut uste ezer berezirik egingo dugunik. Tira, ondo legoke xanpain on pixka bat izatea postrean", amaitu du Etxeberriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide