Nola bizi dute danborrada?

Erredakzioa 2025ko urt. 17a, 08:00

Luis Fernandez, Aitziber Mendoza, Miriam Arrieta, Aitzol Larrañaga, Markel Mendizabal eta Monika Bayon igandeko danborradan izango dira. Baina, nola bizi dute danborrada? Sansebastianetako egunkari bereziko edukia da honako hau.

LUIS FERNANDEZ (Sanjuandegi)

                                                                                 

"Duela 33 urte, Sanjuandegi auzoko festak antolatzen genbiltzan lagun talde bat ginen. Eta Azpeitiko Udalak eta tabernariek emandako laguntzei eta zenbait zozketari esker, danborradako taldea sortzea pentsatu genuen. Ordutik, Sanjuandegi taldearekin irteten naiz danborra jotzen. Aurretik beste bi alditan atera nintzen danborradan, baina jantzia uzten zidatelako.

Danborradan irtetea eta danborra jotzea dira, nire ustez, festek duten ederrena. Lagunekin denbora ederra pasatzen dut, nahiz eta gure adinekoak gero eta gutxiago gauden... Baina 19:00 alderako bezperako afarira joan, garaiz ibiltzeko, eta denbora ederra pasatzen dugu elkarrekin.

Orain erretiroa hartuta nago, baina lanean aritzen nintzenean ere sekula ez nuen arazorik izaten afarira iristeko. Normalean arratsaldez libre izaten nuen, edota lanera joanda ere, lehenago ateratzen nintzen afaltzera joateko.

Gehien gustatzen zaizkidan festak dira sansebastianak, dudarik gabe. Asko gozatzen dut, eta festak motzak egiten zaizkit. Azken urteotan talde gehiago sartu diren horrekin, ea danborra jotzeko tarte gehiago dugun".

AITZIBER MENDOZA (Ilunpe)

                           

"Txikia nintzela eskolakoekin irten ondoren, ez nuen sekula danborradan parte hartzeko aukerarik izan. Beno, banderadun gisa ateratakoa naiz. Hala, duela hiru urte hasi nintzen danborradan parte hartzen, Ilunpe taldearekin.

Danborradako egunean goizago irteten naiz lanetik, garaiz ibili ahal izateko, eta goiz hasten den afarira iristeko. San Sebastian jaiak musikak sortutako eta haren bueltako festak dira, eta oso polita iruditzen zait hori. Are gehiago, taldean eta lagun artean egiten duzun festa izanda".

Miriam Arrieta (Irrintzi)

                                                                               

"Nahiz eta gehien gustatzen zaizkidan festak ez izan, oso gogoko ditut sansebastianak. Horren seinale da kantinera gisa hiru alditan atera naizela –Irrintzirekin, Harkaitzarekin eta Landetarekin–, eta danborra jotzen, berriz, Itsasirekin irten nintzen behin, eta 2001. edota 2002. urteaz geroztik, Irrintzi elkartearekin irteten naiz urtero danborra jotzen; hain juxtu, taldean emakumeen parte hartzea onartu zutenetik.

San Sebastian bezperan badut ohitura moduko bat: arratsaldetan ikastolako umeen danborrada ikusten dut aurrena; ondoren, etxera joan, arropak hartu eta poteoa egiten dut afaltzera joan aurretik. Oso ondo pasatzen dut afaritan, giro ederra izaten dugu.

Izarraitz pilotalekuan egiten ditugun entseguak ere gozatzen ditut. Gero, danborrada aurretik, danborra jantzi eta irten aurreko uneak ere gustukoak ditut, urduritasun pixka bat izaten dut. Eta danborradan bertan, berriz, une batekin gelditu beharko banu, hasierarekin izango litzateke. Lehenbiziko abestia hasten den unea eta lehen pauso horiek ematea, hori da gehien gustatzen zaidana".

Aitzol Larrañaga (Izarraitzpe)

                                             

"2020an atera zen lehendabizikoz Izarraitzpe elkartea helduen danborradan, eta hasieratik nabil ni taldean. Lehen, Irrintzi elkartearekin irteten nintzen, baina Izarraitzpen taldea sortu zenean, jantzia egin eta elkarte horretako taldearekin irtetea erabaki nuen. 2020an bertan, ordea, COVID-19a etorri zen eta hurrengo bi urteetan ezin izan genuen irten, baina iaz itzuli ginen festara eta aurten ere bertan izango naiz.

Danborrada aurreko afaria 19:30ean hasten da normalean, eta oso ondo pasatzen dut, giro polita izaten dugu. Danborradan bertan, berriz, bi geldiuneak ditut gustukoen, hau da, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian egiten dena batetik, eta plazakoa azken egonaldia, bestetik. Bi une horiek gustatzen zaizkit gehien".

Markel Mendizabal (Gure Ametsa)

"Niretzat, San Sebastian festek konpetentzia handia dute inauteriekin, batik bat, Elegante Egunarekin, baina oso gustukoa dut danborrada. Elegante Eguna eta San Sebastian bezpera, biak parean jarriko nituzke, eta zaila izango litzateke niretzat bat hautatzea.

2006. urtean hasi nintzen helduen danborradan parte hartzen, Txalintxo taldearekin, hain zuzen ere. Urte batean, 2010ean, Arauntza elkartearekin atera nintzen; eta 2018az geroztik, berriz, Gure Ametsa elkarteko danbor jotzailea naiz.

Zortez, gainera, azken urteetan Donostian eta Azpeitian aritu naiz lanean, eta San Sebastian eguna jai izan dut; ondorioz, bezperan ere lasai ibiltzeko aukera izan dut beti, asko gozatzeko gogoz. Elkartean afaltzeko biltzen garenean sortzen den giroa gustatzen zait, asko gainera. Gero, agian topikoa izango da, baina danborradan bertan parrokiako uneak hunkitzen nau gehien; plazakoak baino gehiago. Historia irakaslea izanik, parrokiako geldiunearekin geldituko nintzateke".

Monika Bayon (Landeta-Egizale)

                                                                                 

"Arrantzaleen taldearekin parte hartu nuen lehendabizikoz helduen danborradan, banderadun gisa. Horren ondoren, bizpahiru urtez Etxera taldearekin atera nintzen, eta dagoeneko 20 urte dira Landeta-Egizale taldearekin ateratzen naizela, barrika jotzen.

San Sebastian bezpera nahiko egun estresagarria izan da niretzat, batik bat, semeak txikiak zirela, haien eskolako danborradak ikusi eta dena prest utzi behar izaten nuelako. Gainera, seme gaztea egun horretan jaiotakoa da, eta dena ahalik eta ondoen antolatu nahian ibiltzen nintzen. Gaur egun, hobeto eramaten dut. Motots berezia egin behar izaten dugu LandetaEgizale taldean, eta ia inoiz ez da lehendabizikoan ateratzen; beraz, zenbat eta denbora gehiago izan horretarako, hobe! San Sebastian festek badute zerbait berezia; niretzat, Azpeitiko gainontzeko festen gainetik daude. Parte hartzea gustatzen zait danborradan, abestiek ere zirrara sortzen didate; eta gero, giroa dut gustuko. Denok alai egoten gara, hasiera-hasieratik gainera, prestatzen hasi orduko, afaritako unea… Dena da ederra".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide