Lapurdira eraman zuten Azpeitiko festaren kimua

Kris Fernandez 2025ko urt. 18a, 08:00

Txema Egiguren eta Trini Alberdi familia osoarekin, Hendaiako danborradan. (Festak.com)

Txema Egiguren zenak eraman zuen danborrada Hendaiara, 2007an. Azpeitiko kimuak eramanda, ezaugarri propioak ezarri zituzten Lapurdiko herrian egiten den festan: jantziak, musika.... Egigurenen familiak danbor festaren bueltan jarraitzen du. Sansebastianetako egunkari bereziko edukia da honako hau.

'Hi zoratuta hago! Nola ekarriko duk ba San Sebastian festa Hendaiara? Ez duk inor etorriko, 200 pertsona ere ez dituk bilduko', esan nion. Eta bere erantzuna. 'Berdin zait zenbat pertsona biltzen ditugun, hurrengo urtean gehiago izango gara!'. Oso baikorra zen beti, eta ikusi besterik ez dago gaur egun zenbat pertsona elkartzen diren Hendaiako danborradan". Horrela gogoratu du Hendaian (Lapurdi) bizi den Trini Alberdi azpeitiarrak bere seme Txema Egiguren zenak Hendaian danborrada egin nahi zuela esan zioneko unea.

Hala, 2007an egin zuten lehendabizikoz danborrada Hendaian. Lehen aldi haren aurretik, urteak igaro zituen festak antolatzen-eta Egigurenek. Lehen urte hartan, danborrada informala izan zen; baina, izandako harrera ikusirik, hurrengo urteetan formalagoa bilakatu zen danbor festa. Bixintxo festen barruan egiten dute danborrada Lapurdiko herrian. Festa horiek ez dute data zehatzik, urtarrilean zehar izan ohi dira, baina jaietako asteko larunbatean egiten dute hendaiarrek danborrada. Normalean, Azpeitiko sansebastianen ondoren. "Barruak eskatzen zion" Egigureni Azpeitiko festa esanguratsuaren zati bat Hendaian izatea. Inauterien antolakuntzan ere murgilduta, danborradaren doinuak ere eraman nahi zituen bizitokira; Azpeitian esan ohi den bezala, "saltsero hutsa" zen Egiguren. Horrez gain, euskal giroa sustatu nahi zuen hark Hendaian. "Hendaiarrak bildu eta horiek euskararen bueltan festa egitea ere nahi zuen", dio Maddi alabak. "Gu oso txikiak ginen, baina garai hartan, Hendaiako festek ba omen zuten arrakasta, jende asko elkartzen zuten, baina ekitaldiz nahiko txepelak ziren, eta aitak bazuen gogoa denak bildu eta zerbait handia izan zitekeena antolatzeko", gaineratu du Arantza alabak. Danborradako taldeak edo konpainiak Hendaiako auzoetako eta elkarteetako kideek osatzen dituzte. Elkarte bakoitza auzo batekin lotu, eta goizean zehar bakoitzak bere ibilbidea egin ondoren, auzo eta elkarte guztiak udaletxearen aurrean elkartzen dira, han denek batera danborrak astintzeko. Poliki-poliki, danborrada indarra hartzen joan zen Hendaian, eta hamasei konpainia eta 600 pertsona inguru biltzea lortu du azken urteotan. Hala ere, Hendaiako ukitua izan zedin, Azpeitiko danborradarengandik urruntzen duen aldaketak sartu zituen Egigurenek hango festan.

Musika eta jantziak

Nahiz eta azpeitiarrak sortua izan, Hendaiako danborradak esentzia propioa du. Hala, pieza eta jantzi propioak ditu. Danborrada sortu zutenean, Azpeitiko eta Donostiako abestiekin ekin zioten festari, baina, gaur egun, badituzte Hendaian bertan sortutako piezak. Hori bai, plazan elkartzen direnean, Realaren ereserkia jotzen dute. Unax, Egigurenen semea, txikia zelarik zuzendari atera zen; eta Realaren zale amorratuak izanda, ereserkia jotzea erabaki zuten. Ordutik, ohitura bihurtu da.

Jantziek, berriz, badute beste bereizgarri bat: Azpeitiko eta Donostiako talde askoren jantziek duten soldadu eta guda ukitutik urruntzen dira. Izan ere, Bixintxoek Etienne Pellot Hendaiako kortsario ospetsua herrira itzuli izana ospatzen dute, eta haren oroimenez, piratekin, arrantzaleekin eta itsasoarekin lotura duten jantziak erabiltzen dituzte. "Aitak esaten zuenez, janzkera militarrekin apurtu nahi zuen. Horregatik erabaki zuen jantziek ez izatea ukitu militar hori, eta euskal kulturarekiko lotura gehiago bultzatzea. Horrekin batera, argi zuen berdin zuela pertsonak zer genero duen, eta denak berdin janztea ere erabaki zuen".

Azpeitiko danborrada

Trini Alberdik oraindik gogoan du nola bizi zituen sansebastianak gaztetan. "Beti lanean nengoen data horietan, Artetxenean egiten nuen lana eta handik ikusten nuen danborrada. Gero, ordea, Donostiara joan nintzen, eta ezin izan dut parte hartu inoiz herriko festan. Hala ere, ni bezalako baserriko ume batek ez zuen aukerarik danborradan irteteko".

Hala ere, arantza kentzeko aukera izan zuen Alberdik, eta Hendaiako danborradan irten zen: "Semea bizi zela izan zen. Eskatu egin zidan, dagoeneko gaizki zegoen, eta ezin izan nion ezezkorik esan... Zer diren gauzak, ordea, behin aterako danborradan, eta Hendaiako egunkariko azalean jarri ninduten!". Nola ez, egigurendarrak Azpeitiko danborradan izanak dira, eta «asko» gustatzen zaiela onartzen dute. "Gogoan dut gurasoak eta hirurok izan ginela, gauez iritsi ginen eta duen xarma berehala ikusi nuen: koloreak, jantziak... Hendaiakoa polita da, baina Azpeitikoa ederra da. Bien arteko desberdintasun hori ikustea gustatu zitzaidan; gainera, are bereziagoa da amona azpeitiarra dela jakinda", gogoratu du Maddik. Azpeitiko herritarrak eta danbor jotzaileak ere izan dira Hendaiako danborradan. Esaterako, 2019an, Ziripot elkarteko kideak Hendaian izan ziren, Bixintxo jaietako danbor festan parte hartzen. Horrez gain, Donostiako Union Artesana elkarteak gonbidatuta, Donostiako danborradan izan ziren afaltzen Egiguren eta Karmele Aizpiolea haren emaztea. Hondarribiko Jaizkibel konpainiak, berriz, saria eman zion Hendaiako danborradari 2021 urtean, sortu zenetik berdintasunaren alde egindako ekarpenagatik.

Eutsi nahian

2021eko martxoan hil zen Egiguren, eta ordutik, Hendaiako danborrada "tristetzen" joan da. Egiguren familiak "distantzia apur bat hartu" du antolakuntza lanarekiko, Arantzak dioenez: "Egia da aitak sortu zuela, baina herriarentzat egin zuen, eta nahi duenak ateak zabalik ditu Hendaiako danborradan. Parte hartzen dugu, beti egin dugulako eta aitarekiko lotura hori beti egongo delako".

"Jende eta motibazio falta daude. Azkenean, Txema zen indarra eta gogoa jartzen zituena, eta harena bezalako figura baten ezean, zailagoa egiten da dena ondo antolatzea", dio Aizpioleak. "Aukera bat izan daiteke haurren danborrada sortzea, horrek beti eragiten duelako mugimendua eta Hendaian ikastetxe asko daudelako, baina ikastetxe horiekin guztiekin hitz egin beharko litzateke, eta ardura dutenei Txemak zuen indarra falta zaie. Duela hamar urte inguru haurren danborrada egitearen ideia komentatu egin zen, baina, ez zen atera. Horrek festari bultzada handia emango liokeela uste dut, umeak eta helduak, denok kalean", gehitu du Egigurenen alargunak "Txema gabe ez dela gauza bera esan didate", gaineratu du Alberdik.

Aurtengo Bixintxo festak antolatuta daude dagoeneko, eta danborrada urtarrilaren 25ean egingo dute. Aurretik, hiru entsegu egingo dituzte: hilaren 8an, 11n eta 15ean. Azken entsegu horrek, ordea, aldaketak izango ditu, izan ere, Hendaiako plaza obretan dago, eta, beraz, konpainia guztiak ezingo dira han elkartu. "Danborradaren egunean, berriz, auzoek eta elkarteek euren kabuz joko dute danborra, ondoren bazkaria egiten da, eta arratsaldean, udaletxe aurrean denok elkartzen gara berriro jotzeko danborrak eta bertan amaitzeko. Aurten, ordea, beste plazaren batean jo beharko dugu", azaldu du Arantzak.

Danborradari jarraipena ematearen ardura beren gain egotearen "presio" pixka bat sentitzen dutela esan du Arantzak, baina herriaren erantzuna eta laguntza espero dituzte: "Ez dugu esaten gu gabe egitea, baina bai gidaritza bat. Hendaia bitan banatutako hiria dela esan daiteke, hizkuntza eta ohitura aldetik, baina denok batera zerbait egiteko aukera bikaina da danborrada. Irekia da, denontzat, eta konpromiso bat behar da urtero bertan egoteko". Maddik, berriz, garbi du ez dela beren balioetan kokatzen "aitak sortutako zerbait atzean gelditzen uztea". Hark urteetan "zenbat lan, esfortzu eta ahalegin egin zuen" jakinda, "betebehar bat ez, baina danborrada mantentzen laguntzea poztasunez egingo nukeen zerbait da", gaineratu du Egigurenen alabak.

"Iaz nire belarrietara iritsi zen alkateak esandako zerbait: 'Txemak zer gauza ederra ekarri zigun Hendaiara!'. Eta horregatik bakarrik, bere oroimenagatik, haren omenez egin daitekeen onena izango litzateke Hendaiako danborradak osasuntsu jarraitzea", amaitu du Alberdik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide