San Sebastian eguneko haurren danborradan aterako duten karroza aurten ere Aitor Exposito (Azpeitia, 1994) arkitektoak diseinatutakoa izango da, haren proposamenak irabazi zuelako lehiaketa. Expositoren proiektuetan oinarritutako karroza aterako duten laugarren aldia izango da. Karrozan Iraurgi ikastetxeko ikasleek irtengo dute.
Karroza kalera ateratzeko hiru egunen faltan, zer moduz doaz lanak?
Aurten beste urteetan baino azkarrago doaz; ia bukatuta dago.
Esperientziari esker al da hori?
Egia esanda, aurten urtarrilaren 2an hasi ziren Biek aroztegian lanean, eta segituan bukatu zuten egin beharreko lana. Azken egun hauetan Hidalgo ari da pintatzen.
Etxekoen laguntza izaten duzu, ezta?
Bai, lanean jartzen ditut familiakoak. Ni kanpoan nagoenean aita aroztegiko lanak gainbegiratzera bidaltzen dut, bera eskolan-eta egurrarekin ibilita dagoelako. Amak, berriz, arropen kontuekin laguntzen dit. Eskerrak haiei!
Azpeitiko antzinako lanbideak da karrozaren gaia. Aurreratu al dezakezu zerbait?
Sektoreka mailakatu ditut lanbideak: lehen sektorean, baserritarra eta latsaria irudikatu ditut; bigarrenean, arotza eta organo konpontzailea, eta hirugarrenean, tren geltokiko langilea. Azpeitia zeharkatzen duen Urola ibaia irudikatuz jarritako eskailera mailek lotzen dituzte horiek.
Zer iruditu zaizu aurtengo gaia?
Egia esanda, kostatu egin zait gaiari heltzea. Urteurren zehatz bat tokatu izan denean-edo errazagoa egin zait; aurtengoa, aldiz, gai zabalagoa da.
Lehiaketaren deialdian karrozaren gaia zein den ikusitakoan erabakitzen al duzu aurkeztu ala ez?
Urtero esaten dut berriro ez naizela aurkeztuko lehiaketara, baina nahi gabe, lehiaketako deialdian gaia ikusten dudanean, buruari bueltaka hasten naiz zer egingo nukeen pentsatuz, eta lehiaketara aurkezten naiz. Halaxe irteten zait.
Gustatuko al litzaizuke gaia librea izatea?
Ez, oso zaila egingo litzaidakeelako.
Ba al daukazu karrozarako diseinu proiektua egingo zenukeen gairen bat buruan?
Ez, ez. Aurreko batean, Mikel Odriozola Festetako zinegotziarekin horretaz jardun nuen hizketan, eta esan nion, gai librea proposatuz gero, zailagoa egingo litzaidakeela nondik hasi jakitea.
Ideia edukitzen duzunetik bukaerako emaitza lortu bitarteko prozesua nolakoa izaten da? Asko aldatzen al da?
Ideia edukitakoan proba piloa egiten ditut ordenagailuz. Gero, proiektua aurkezteko garaia gainera etortzen da, eta ditudan proba horietatik balekoena iruditzen zaidana aukeratzen dut. Aurten diseinu bertsio asko egin ditut, hogeitik gora. Buelta asko ematen dizkiot ideiari, eta arreta asko jartzen diot proiektuaren aurkezpenari ere, karrozan jarritako elementuen arrazoiak azalduz.
Karrozaren dimentsioak ere ez dira nolanahikoak, ezta?
3,20 metroko altuera dauka, eta beheko plataformaren metroa erantsi behar zaio altuera horri. Karroza kalera atera aurretik, haurrak lotzera-eta neu igotzen naiz karrozara, eta goitik inpresioa egiten du. Gainera, nik egindako diseinuek nahiko bolumen hartzen dute altueratik.
Azpeitiko karrozaren proiektua egiteak ikasteko balio al dizu?
Bai, balio dit ikasteko, eta baita nire lanbidearekin lotuta zerbait entretenigarriagoa egiteko ere. Izan ere, arkitektook egiten dugun lan bat bukatuta ikusteko denbora asko pasatu behar izaten da, prozesua luzea izaten da, eta karrozak aukera ematen du egin duzun proiektua denbora gutxian bukatuta ikusteko. Niri ilusio handiena horrek egiten dit, proiektuaren emaitza ikusteak.