Musika, danbor hotsak eta dantza ere bai, San Sebastian egunari ekiteko

Mailo Oiarzabal 2025ko urt. 20a, 11:34

Txistulariak, Udal Musika Banda eta Gure Ametsa eta Ardozaleak danborradako taldeak kalez kale ibili dira goizean goiz, lokartu berri zen herria esnatzeko. Udal ordezkariak korporazioan parrokiara joan ondoren, prozesioan atera dute zaindariaren irudia, eta bueltakoan San Sebastian martxa jo dute danbor eta barrikekin eliza barruan. Gainera, 2019an bezala, bi dantzarik aurreskua dantzatu dute aldare aurrean.

Bezperako eztandaren oihartzunak itzali berritan, danbor hotsek eta sansebastianetako ohiko doinuek hartu dituzte berriro Azpeitiko Alde Zaharreko kaleak gaur goizean goizetik. Urtarrilaren 20ro bezala, Aldalurren Diana-ren doinuak nagusi izan dira gaur ere. Izarraitz txistulari taldeko eta Juan Antxieta musika eskolako txistulariak aurrena, eta Udal Musika Banda, musika eskolako txilibiteroak, eta Gure Ametsa eta Ardozaleak helduen danborradako taldeak ondoren, kalez kale ibili dira, lokartu berri zen herria esnatzeko.

Udal ordezkariak korporazioan parrokiara joan ondoren, prozesioan atera dute zaindariaren irudia, eta bueltakoan San Sebastian martxa jo dute danbor eta barrikekin eliza barruan. Gainera, 2019an bezala, Itsasiko bi dantzarik aurreskua dantzatu dute aldare aurrean, martxaren doinuetara. Prozesioan herritar gutxi irten dira. Aldiz, eliza bete-beteta zegoen, meza aurreko ekitaldiaren zain; eskuko telefonoen kamerak lanean jarri dituzte herritar askok, San Sebastian goizeko ikur bihurtu den unea jasotzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide