Eskaintza oparoarekin datoz aurtengo Jabetze Eskolak

Julene Frantzesena 2025ko urt. 22a, 08:53

Emakumeen Txokoko hitzordu bateko irudia.

Guztira, zazpi ikastaro eskainiko dituzte eskola horien barruan. Saio horietako batzuk otsailean hasiko dira, eta beste batzuk udaberrian. Sentsibilizazioan, parte hartzean nahiz integrazioan eragiteko xedez, beste hitzordu batzuk ere prestatu dituzte. Dagoeneko ireki dute ikastaroetan nahiz gainerako tailerretan izena emateko epea. 

Urtero legez, urtearen hasierarekin, Emakumeen Txokoak prest du ikasturterako eskaintza. Jabetze Eskolak direla eta, hainbat tailer eta saio antolatu dituzte, baita eskola horietatik kanpo ere, eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea.

Emakumeei beren buruaren eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzeko xedez antolatu dituzte aurten ere Jabetze Eskolak. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, maila pertsonalean nahiz kolektiboan indartzeko, elkarrekin ikasteko, errealitateari ikuspegi feministatik begiratzeko eta parte hartze soziopolitikoa handitzeko helburuz.

Guztira, zazpi ikastaro eskainiko dituzte eskola horien barruan: Emozioen uholdea izenekoa (Itsaso Beristain psikologoak gidatuta), salsa-batxata kuir ikastaroa (Nerea Hernandez izango da gidaria), Ez! Limiteak jartzearen plazera izenburuduna (Emuna Aüka psikologoaren eskutik), Osasuna genero ikuspegitik ikastaroa (Naiara Aizpuruak gidatuko du), mendi orientazio tailerra (Patri Espinarrek eskainiko ditu saioak), klown ikastaroa (Itziar Saenz de Ojer Martinez arduratuko da tailerra emateaz) eta Etxeko oinarrizko elektrizitate ezagutza izenekoa (Izaskun Gurrutxagak emango ditu saioak).

Saio horietako batzuk otsailean hasiko dira, eta beste batzuk udaberrian. Gainera, tailer bakoitzaren iraupena desberdina izango da; ikastaro batzuk lauzpabost saiotan banatuko dituzte, eta beste batzuk luzeagoak izango dira.

Emakumeen Txokoak prestatu duen eskaintza guztia honako eskuorri honetan ikus daiteke.

Beste hainbat hitzordu

Dena den, sentsibilizazioan, parte hartzean nahiz integrazioan eragiteko xedez, beste hitzordu batzuk ere prestatu dituzte. Batetik, Emakumeak, eromena eta isiltasuna hitzaldia eskainiko du Itxaso Martinek apirilaren 2an. Gero, apirilaren 30ean, Indarkeria estetikoa eta aniztasun korporala: genero auzia izenburupean hitzaldia izango da Magda Pineyroren eskutik. Bestetik, Zinegoak Nazioarteko LGTBIQA+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiko film laburren emanaldia egingo dute maiatzaren 14an, eta Geure etxean eta gorputzean burujabe liburua aurkeztuko du Aiora Urbietak –otsailaren 5ean, asteazkena, 18:30ean–.

Bestalde, gizonei bideratutako Desboteretze Eskolen barruan, bi tailer eskainiko ditu Eihera kooperatibako Iñi Etxezarretak. Otsailaren 7an izango da aurrena, Gizonek feminismoarekiko duten ardura izenpean, eta bigarrena, berriz, maiatzaren 23an egingo dute, Desira, erotika eta heteroaraua gai hartuta.

Horrez gain, ikastaro orokorrak eta parte hartze taldeak ere jarriko dituzte martxan. Besteren artean, Irakurri eta ahaldundu literatura taldea gidatuko du Ainhoa Aldazabalek eta Enpalabramiento izenpean alfabetatze taldea sortuko dute Nerea Del Camporekin.

Izena emateko epea, zabalik

Dagoeneko ireki dute Jabetze Eskolen barruko ikastaroetan nahiz gainerako tailerretan izena emateko epea. Hain zuzen ere, urtarrilaren 31ra arte egongo da horretarako aukera. Emakumeen Txokora joanda (Goiko kale 12), 943-15 70 55 edo 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua idatzita eman ahalko da izena.

Astelehenetik ostegunera 09:00etatik 19:00etara eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara egoten da irekita Emakumeen Txokoa. Hain zuzen ere, Emakumeen Txokoan eskuratu dezakete herritarrek eskaintzari buruzko informazio osatua. Gainera, Azpeitiko Udalak egunotan banatuko ditu eskuorriak etxez etxe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide