Erlojuen tik-tak soinua entzuten da, etenik gabe, ez besterik. Trenbidearen Euskal Museoko azken solairuan isiltasuna da nagusi, eta han dago Jesus Otamendi (Azpeitia, 1955) eskailera baten gainean, mantenu lanetan, erlojuaren orratzaren erritmoari so. Otamendik izen bereko erloju dendan eman du bizitza osoa lanean, gehienbat erlojuak konpontzen. Duela gutxi hartu du erretiroa, baina oraindik ez du guztiz eten ofizioarekin duen lotura. Museoan mundu osoko erlojuei eskainitako gela bat dute, eta han dago Otamendi, hura arduratzen baita gailuen mantenuaz. Duela gutxi Lasaoko tren geltokiko erlojua berritu du, eta aitzakia horrekin kontatu ditu bere lanaren inguruko xehetasunak.
Otamenditarren familian erloju konpontzen aritu den hirugarren belaunaldikoa da Jesus. Haien dendak 108 urte beteta eta Azpeitian arrasto ederra utzita itxi ditu ateak. Adin batetik gorako gehienek ezagutuko zuten Otamendi erloju denda. Aitarengandik jaso zuen ofizioaren lekukoa, baita Urolako Treneko erlojuen mantenuaz arduratzeko testigua ere. Honela gogoratu du: "Gure aitona hasi zen erloju konpontzaile lanetan 1916. urtean, denda zabaldu zuenean. Gero, aitak eta izekok jarraitu zuten lanean, eta, azkenik, nik hartu nuen haien lekukoa. Urolako Trena martxan zela, hasieretako erlojuek matxura bat izan zuten, eta gure aitonak hala moduz konpontzea lortu zuen. Dena den, urteen poderioz erloju haiek zaharkituta gelditu ziren, eta Urolako Treneko arduradunek berriak eskatu zizkioten Gasteizko Murua familiari. Enkarguz eskatutako erloju haiek tren geltoki guztietan muntatzeaz eta jartzeaz arduratu zen gure aita, Zumarragatik Zumairaino". Erloju haiek tren geltokietako zuzendarien bulegoetan egoten zirela kontatu du Otamendik, eta haiei esker geltokietako hormetan zeuden erlojuen orratzak mugitzen zirela. Jesus Otamendiren aita, Silvestre Otamendi, arduratzen zen geltokietako erlojuen mantenuaz, Urolako Trena itxi zuten arte. Hain zuzen, hura zen Urolako Trenbidearen erlojugile ofiziala.
Behin Zumaia eta Zumarraga lotzen zituen garraioa eten zutenean, "ikaragarrizko txikizioak" egin zituztela azaldu du Otamendik, nahiz eta hainbat erlojuk biziraun zuten. Erlojuak lapurtu ez ezik, geltokietan ere "sarraski" ugari egin zituztela adierazi du, eta horren adierazle dela Lasaokoa.
Museoko erlojuak
Trenbidearen Euskal Museoan Euskal Herriko trenbide sarearen historiari lotutako askotariko materialak ikus daitezke, eta horien artean daude erlojuak. Munduko hainbat txokotatik ekarritako ordulariak ikus daitezke bertan. Museoko areto hori egokitu zutenean, Jesus Otamendirekin jarri ziren harremanetan, eta ordutik berak zaindu ditu makinak. "Hogeitaka urte" daramatza horretan. "Astean behin etortzen naiz, erloju hauek arreta eta mimo berezia eskatzen baitute. Museoko arduradunak ez ziren lantegian moldatzen, eta laguntzeko deitu zidaten. Gehienbat, korda emateaz, garbitzeaz, nibelak hartzeaz, ardatzak nahiz zentroak ondo jartzeaz eta ondo ibiltzeaz arduratzen naiz. Ordulari hauek urte asko dituztenez, aberia dezente izaten dituzte, eta nik ibiltzeko gai izan daitezen egiten dut lan, geldi ez daitezen", azaldu du. Azpimarratu du erloju guztiak ez direla berdinak, baina badutela bereizgarri bat: "Erloju hauen berezitasuna da geltokietako erlojuak mugitzeko gai zirela, transmisio barilen bitartez. Orratz moduko batzuekin mugiarazten zituzten estazioetako esferak".
Lasaokoa, berrituta
Duela gutxi Lasaoko geltoki zaharreko erlojuan zaharberritze lanak egin ditu Otamendik, eta martxan jarri ditu bi esferak. "Lehen, berezko erlojuak zeuden hemen, baina desagertu egin ziren, jendeak indarrez eraman baitzituen. Ikusita bi esferak hutsik zeudela, pentsatu genuen esfera zahar batzuetatik kopiak ateratzea, berriak egitea eta berriro martxan jartzea. Hori bai, lehengo makinarekin beharrean, sistema elektronikoaren bitartez jarri ditugu martxan. Matrizea geltoki barruan dago, eta haren bitartez, transmisio elektronikoarekin, orratzak mugitu egiten dira», azaldu du. Hain zuzen, uste du "polita" dela ordularien eremua behar bezala beteta ikustea: "Iruditu zitzaigun polita izan ziteleela berriro erlojua martxan ipintzea eta jendeak hori ikustea; geltokia osagarritzea, nolabait". Izan ere, Lasaoko geltokian jende asko ibiltzen da, hura baita lurrun trenaren helmuga.
"Denbora dezente" eskaini diote zaharberritze lanari, "lasai hartu" baitute. "Asko pentsatu behar izan dugu, zer egin, zer egokitu, nola jarri martxan... Finean, materiala oso zaharra da, eta horrek ere zaildu egiten du lana. Baina egin dugu, eta ederki gelditu da. Orain, ikusi beharko da zenbat irauten duen kaltetu gabe", azaldu du erlojugileak.
Gelditzen eta galtzen
Orain, Lasaoko tren geltokian erlojua egon badago, eta ordua ematen du, baina Urolako Trenaren gainerako estazioetan ez da halakorik gelditzen. «Lapurtu ez zituzten ordulariak puskatu egin zituzten. Tokatu izan zait noiz edo noiz pertsonaren bat dendara etortzea Urolako Treneko erlojuaren piezaren batekin. Geltokiek ere jasan zituzten erasoak; leihoak puskatu zizkieten askori, barrura sartu eta denetarik egin zuten geltokietan», gogoratu du Otamendik. Lasaoko estazioa berritu egin dute: pintaketa lanak egin dizkiote eta lehen urdin kolorekoa zena gorria da orain, leihoak berritu dituzte eta ate zein leihoak barrotez estali dituzte, segurtasunagatik. Berritze lan horiei gehitu zaie orain erlojuaren zaharberritzea.
Gero eta ordulari gutxiago gelditzen diren bezala, gero eta erlojugile gutxiago daude. Galtzen ari den lanbidea da. Otamendik uste du geltokietako erlojuak "ondare garrantzitsuak" izango direla etorkizunean, eta horiek ondo gordetzeari balioa eman dio. "Guk ezagutu ditugunez, ez diegu garrantzirik eman, baina garrantzitsuak izango dira etorkizunean, batez ere gauzak nola aldatu diren ikasteko eta ikusteko".