Otsaileko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo Azpeitiko Udala osatzen duten hautetsiek, eta izapide kontuak landu bazituzten ere, galdera-erreguen txandan etxebizitza hutsen gaia atera zuen mahai gainera Nagore Alkorta alkateak. Hain zuzen ere, oposizioan den EAJren udal taldeari zuzendu zitzaion, etxe hutsen merkaturatzea sustatzeko udalak martxan jarri duen planaren aurrean jeltzaleek kaleratu duten oharra tarteko. Hark esan zuen EAJk asteburuan hainbat hedabidetara bidalitako oharrean [Azpeitia Gukaren Komunitatean astelehen iluntzean argitaratu zuten oharra jeltzaleek] jartzen zuenaren gaineko "zehaztasun" batzuk egin nahi zituela.
Alkortak argi laga nahi izan zuen EH Bilduk etxebizitzaren gaiari heltzeko lana egin duela urteotan, eta adibidetzat jarri zituen 2021ean gauzatutako Etxebizitza Plana, zabalik den etxebizitza bulegoa, eraiki dituzten zuzkidura etxebizitzak, etxebizitza publikoaren parkea handitzea eta adinekoentzat etxeak egin izana. Bildu eta EH Bildu Azpeitian agintean den hamasei urteetan ez dela ezer egin esan izana leporatu zion alkateak EAJri. "40 urte daramatzazue Eusko Jaurlaritzan, eta ez dut ulertzen horrela egotea. Etxebizitzaren arazoa zer dago Azpeitian bakarrik? Eskumenak norenak dira, Azpeitiko Udalarenak ala Eusko Jaurlaritzarenak?". Halaber, etxebizitza hutsak merkaturatzeko plana "mekanismoa" dela eta "ez helburua" esan zuen alkateak. "Etxe horiek mugitzen hasi gara, baina ez esan neurria ez dela eraginkorra, oraindik ez gara-eta hasi kanona aplikatzen".
EAJren proposamenak kontuan ez hartzeari buruz ere egin zuen zehaztapen bat alkateak: "Merkataritza lokalak ez ditugula etxe bihurtu? Saltokiak kenduko al ditugu Alde Zaharrean? Eta horiek etxez bete? Garajeetan bizitzea izango da hurrengo pausoa...". Sierbetako komentua eta haren lurrak erosteko eskaera egin izanaz, berriz, zera esan zuen alkateak: "Ba al dakizue zer kostu duen eraikin horrek eta haren lurrek? Negoziatzen aritu gara, baina... Plan Orokorra aldatu dugu, eta Sierbetatik metro gutxira, gaur egun adinekoen egoitza dagoen tokian, etxebizitzak egin nahi ditugu; 85 etxe egin ahal izango dira, eta parke publikoa handitu". Alkortak argi utzi nahi izan zuen, Udal Gobernuaren ustez, "merkatuaren logikatik kanpo" laga behar direla etxebizitzak, hezkuntza eta osasuna.
Jabier Altuna EAJren bozeramaileak erantzun egin zion Alkortari, herriko etxebizitzaren erradiografia eginez: "Etxebizitza libreak oso garesti daude, etxebizitza tasatuak ere bai, eta alokairurako etxe gutxi dago. Hamasei urtez dago agintean Bildu, eta esan duzue zuen lehentasuna etxebizitzaren gaia dela, baina emaitzak oso eskasak dira". Alkortari leporatu zion Santutxon babestutako etxebizitzak egingo zituztela iragarri zutenetik bi urte pasatu direla eta oraindik ez dutela "adreilu bat bera" ere jarri. Prozesu hori zertan den azaldu zuen Alkortak: "Lizitazio publikoaren barruan ohikoa den errekurtso bat jarri zigutelako eta horri aterabidea ematea dagokion Jaurlaritzaren organo administratiboak hiru hilabetean ez digulako erantzunik eman dago hori horrela. Beraz, EH Bilduren erruz al dago prozesua geldirik?". Horrez gain, Corrugadosen Amue eremurako plan berezia onartu zutenetik ere bi urte igarotzear direla eta Udal Gobernuak "ezer ez" duela egin adierazi zuen Altunak. Horren aurrean honako hau erantzun zion Alkortak: "Ba al duzue eremu horretarako proposamenik? Horixe jakitea nahiko nuke. Izan ere, Amue eremurako proposamenak gu egiten ditugu".
EAJk kaleratutako testuan jartzen duenari lotuta, bozeramaileak esan zuen ez dutela etxe hutsak merkaturatzeko hartutako neurrien plana kritikatu. "Gauden egoerara eraman gaituen bidea kritikatu dugu. Programa martxan jartzen bada, jabe txikiengan eragingo da, baina udalak Esklabetako ezker hegalean egin ditzake etxeak". Bestalde, kaleratutako testuan segurtasun juridiko ezaz esandakoaz ere aritu zen Altuna: "Ez dugu esan programan sartzen diren herritarrek segurtasunik ez dutenik izango. Esan duguna da EH Bilduren politikek segurtasun eza areagotzen dutela. Plana aurrera eramateko eredua izan behar da aurrena". Bestalde, lokal komertzialak etxebizitza bilakatzeko egindako proposamenaz, halakoak Alde Zaharrean ez dituztela nahi garbi utzi zuen jeltzaleak; haren hitzetan, "aztertu egin beharko da zer eremutan" egokitu daitezkeen.
Alkateak berriz hartu zuen hitza, segurtasun eza EH Bilduren politikei leporatzea akusazio "nahiko larria" dela esanez. "Segurtasun eza zerk sortzen du? Udalaren etxebizitza planak emaitza eskasak eman dituela? Hartu berri dugun neurria ez dela eraginkorra? Guk ez dugu legea egiten. Eusko Legebiltzarrak egin zuen etxebizitza hutsei buruzko legea, Iñigo Urkullu lehendakariak sinatu zuen dekretua eta Bizigune programaren bidez egingo da alokairurako prozesua. EAJk onartutako dekretua jarri du martxan EH Bilduk. Gu hemen gaude [udaletxeko aretoan], baina arazoa hor kanpoan dago. Zeinentzat egin behar dira etxebizitza politikak? Ezer ez egiteak ez du ezer erakutsiko". Halaber, esaldi "populistekin" kontu handiz ibiltzeko ere esan zien alkateak jeltzaleei.
Altunak errepikatu zuen EAJk ez duela esan EH Bilduk segurtasun eza sortzen duenik: "Guk esan duguna da EH Bilduk Madrilen sinatutako Etxebizitza Legearen akordioak sortzen duela segurtasun eza. Guk ez dugu ezer gauzatu duzuen planaren kontra, baina uste dugu lehenago egin zitezkeela beste gauza batzuk. Izan ere, arazo larria dugu etxebizitzarekin. Lege hori aplikatu behar bada, eman eredua, baina bitartean ez duzue sinesgarritasunik".
EAJk kaleratutako idatziaren azken esaldian "elkarlana" aipatzen dela ere gogorarazi zien alkateak hautetsi jeltzaleei. "Eskerrak elkarlanean aritu behar dugun... Etxebizitza hutsen merkaturatzea sustatzeko neurriak zehazteak lana egitea eskatu du, ez da okurritu ahala egin dugun zerbait. Posible zen ezer ez egitea, Loiolako basilikarainoko lurrak birkalifikatu eta dena etxez betetzea, baina ez gaude horren alde". Eta zera galdetu zion alkateak Altunari: "Ondo iruditzen al zaizu etxe hutsak edukitzea?". Eta Altunak: "Horrela esanda, ez".
Udaltzaingoaren taldea handitzea
Etxebizitza hutsen gaiak hartu zuen udalbatzarraren erdigunea, horretaz hizketan bilkuraren bukaeran aritu baziren ere. Aurretik, ordea, beste gai batzuk izan zituzten hizpide. Batetik, udaleko lanpostu zerrendan aldaketak egitea aho batez onartu zuten; izan ere, euskara eta kirol patronatuak deseginda, horietako beharginak udal langile izatera igaro dira Bestalde, Udaltzaingoan hutsik diren hainbat postu bete nahi dituztela ere aipatu zuen Leire Goenaga Udal Gobernuko zinegotziak, eta beraz, lantaldea handituko dutela jakinarazi, herrian 24 orduko zerbitzua eskain dezaten horiek.
Hain zuzen ere, gai zerrendako hurrengo puntua Udaltzaingoaren hautaketa prozesuari buruzkoa izan zen, eta hein batean desadostasuna sortu zuen gaiak Udal Gobernuaren eta EAJren artean. Izan ere, Udaltzaingoaren taldea osatzeko hautaketa prozesua Zumaiako eta Getariako udalekin batera egingo du Azpeitikoak. Lehenik barne prozesua egingo du Azpeitiko Udalak lehen udaltzain postuak betetzeko; ondoren, udaltzainen lanpostuetarako oposaketa bidezko hautaketa prozesua egingo du erakundeak.
Azpeitiko Udalak Udaltzaingoaren langile kopurua handituko duela-eta "zorionak" eman zizkion EAJko Alex Silva zinegotziak Udal Gobernuari, baina esan zuen egiteko moduekin ez zeudela ados, eta beraz, abstentziora joko zutela hautetsi jeltzaleek. "Herritarren segurtasunari garrantzia ematen hasi zarete, eta pauso bat da. Argi dugu polizia integrala behar dela gaur egungo erronkei aurre egiteko. Beraz, ea egitura berriarekin gai garen lanpostu eta txanda denak betetzeko". Helburuarekin bat egiten badute ere, hartutako bidearekin eta formekin ez daudela ados esan zuen Silvak. "Arkautiko bidetik jo zitekeen, bide horrek erosotasunak eta erraztasunak ematen dituelako, eta ez dugu nahikoa argudio ikusten aparteko bide bat hasteko".
Alkateak erantzun egin zion Silvari, EAJk kanpainan Udaltzaingoaren taldea handitzeko beharra aipatzerako Udal Gobernua gai hori lantzen ari zela esanez. Lanpostuak betetzeko prozesua Zumaiako eta Getariako udalekin batera egiteko hautua egin izana "bide ofizialetik eta legaletik" egin dutela ere esan zuen Alkortak, eta azpimarratu zuen beraiek nahi duten polizia eredua osatu ahal izateko egin beharreko urratsekin bat datorrela egingo duten prozesua. "Izan ere, horrela lortu daiteke Azpeitian lan egin nahi duten udaltzainak aurkeztea deialdira, eta beraz, horrela berma daiteke horiek herria ezagutzen dutela".
Bestalde, Nuarbeko Ibar Eder elkarteari auzo horretako 15. zenbakiaren azpian dagoen 123 metro koadroko lokala utzi dio udalak. Aho batez onartu zuten udaleko ordezkariek lagapen hori egitea.