Emakumeen aktibismo sindikala. Emakumeen lan-eskubideen lorpena Gipuzkoan izeneko argitalpena aurkeztu zuen otsailaren 10ean Ramon Rubial fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. XIX. mendearen azken herenetik gaur egunera arte Gipuzkoan "emakumeek sindikalgintzan egindako borroka" da alderdi sozialistaren fundazioak argitaratutako lanaren ardatza. Carmen Gonzalezek iaz egindako ikerketa baten emaitza da argitalpena. Hemerotekan, artxibategietan eta bibliografian oinarritutako kontakizunarekin batera, hainbat emakumeren lekukotzak jaso ditu Gonzalezek argitalpenean, eta beren bizipenak partekatu dituztenetako bat da, gazteena ere bai, Yolanda Sanchez (Azpeitia, 1974).
Esklabetako mojen ikastetxea "itxi" zuen azken promoziokoa, Azpeitiko Udalak Iraurgi Lantzenen bidez ematen zituen ofizio eskoletan trebatu zen Sanchez, jantzigintzan. Urtebeteko ikastaro hartan "gauza asko ikasteko" tartea izan zuela dio; ofizioen eskola hark agian izan ez duen aitortza merezi duela deritzo, gazte askori lan munduratzeko erremintak eman zizkielako. 18 urterekin lan munduratu zen ofizialki Sanchez, Landetan. Azpeitian altzarigintza indartsu zegoen artean, eta sektore horretako enpresa laguntzaile txiki batean aritu zen bi urtez. "Idar-Birentzat egiten genuen lan. Sukaldeko ateentzako alboak eta eskulekuak egiten genituen".
Landetako lantegi txikitik Danona erraldoira jauzi egin zuen Sanchezek, eta han izan zuen jantzigintzaz ikasitakoa praktikan jartzeko aukera. Iraurgi Lantzenen egindako lehen ikastaroari patroigintza industrialekoa gehitua zion, eta Danonako tapizeria sailean hasi zen lanean, sofak janzten, nagusiki. Hamahiru urtez aritu zen Danonan, azken pare bat urteetan arlo komertzialean.
Lanean ia etenik gabe
"Krisia iritsi zen arte". Azpeitiko industrian eta bereziki altzarigintzan sakon eragin zuen 2008ko krisiak bete-betean jo zuen Danona ere. 500 langile inguru izatera iritsi zen kooperatiba plantilla murrizten eta langileak beste kooperatiba batzuetan birkokatzen hasi zen. Horrela, Sanchez Ordiziako (Gipuzkoa) Orklira bideratu zuten. "Baina haurdun gelditu nintzen, semea osasun arazo txiki batekin jaio zen eta ebakuntza egin behar zioten... Eten bat egiteko unea iritsi zitzaidala erabaki nuen, semea lanaren aurretik zegoen", kontatu du.
Eten hori izan da azpeitiarrak lanean hasi zenetik gaur arte egin duen bakanetakoa. Izan ere, batetik bestera, krisi betean berriro lan merkatura itzulita, herrian bertan zein kilometroetara, altzarigintzatik mekanizatuetara, kooperatiba handietatik lantoki txikietara eta atzera enpresa handietara, lantoki eta lankide asko ezagututa eta esperientziak pilatuz, ia etenik gabe aritu da "lan eta lan, gogor" Sanchez. "Beti esaten dut alde horretatik zorte handia izan dudala, baina egia da, era berean, lanik gabe gelditu naizenetan ez naizela inoiz geldirik egon. Inoiz ez diot beldurrik izan gauza berriak probatzeari".
Sindikalgintzan berria
Itziarko (Gipuzkoa) Ayra Cardan enpresa da gorabeheraz betetako Sanchezen lan ibilbide aberatsaren gaurdainoko azken pausalekua. Zazpi urte daramatza autogintzarako ordezko piezak, osagaiak eta transmisioak egiten dituzten lantoki horretan. Hitz onak besterik ez ditu enpresaren antolaketarentzat zein lankideentzat; "oso gertukoak, niretzat modukoak, antzinako erako langileak", dio azken horietaz, miresmenez eta hunkituta.
Hain zuzen ere, lankide horietako batzuen bidez iritsi zen sindikalgintzara. Izan ere, Ayra Cardanera iristerako laneko ibilbide luzea pilatua izan arren, kooperatibetan edo enpresa batzorderik gabeko enpresa txikietan aritu izan da nagusiki Sanchez. Duela sei urte afiliatu zen UGTn eta sindikatu horren bigarren ordezkaria da gaur egun azpeitiarra bere lantokiko enpresa batzordean.
Krisiak eta arrazoi batengatik edo besteagatik enpresek behera jotzea zer den ondo daki Sanchezek, eta beste krisi baten itzala ezagutu du aurten bertan. Autogintzaren krisiaren eragina iritsi da bere lantegira ere, eta, lehen aldiz, ordezkari sindikala den heinean, aurrejubilazioak eta kaleratze traumatikoak negoziatzea egokitu zitzaion azpeitiarrari joan den udan, "sindikalgintzaren alde txarrena". Akordioa sinatu zuten eguna "bizitzako egunik txarrenetakoa" izan zela aitortu du.
Irakaspenak
"Kooperatiba talde handi batean langile eta bazkide izatea zer den ezagutu dut, baita beren ondarea jokoan jartzen duten hiru bazkideko enpresa txikietan lan egitea zer den ere, eta orain sekulako antolaketa duen multinazional baten mendeko lantegi batean nabil, zuzendaritza eta gerentzia baten gidaritzapean. Alderatzeko moduan nago, eta batzuek besteekin ez dute zerikusirik", dio Sanchezek, lantegiaren arabera langileen egunerokoa eta bizipenak asko aldatzen direla nabarmentzeko.
Sindikalgintzara iritsi aurretik ere "lorpenetara iristeko gakoa batasuna" dela sinetsita zegoen azpeitiarra, eta orain are argiago du langileen bat egiteak lan baldintzak hobetzeko zer "indar" duen. "Enpresa batzordeak horretarako daude, guztion mesederako izango diren aurrerapausoak emateko, eta bereziki, egoera ahulenean daudenen onurarako". Hala ere, sindikalgintzaren errealitatea eta geroa zein gazteen "ezengonkortasuna" kezka iturri dira Sanchezentzat.
Ramon Rubial fundazioaren argitalpenean parte hartzeko izan duen aukerarekin gustura dago azpeitiarra; batik bat, berak bezala lekukotza eman duten emakumeak ezagutzeko izan duen aukeragatik. "Gutako bakoitzaren bizipenekin liburu bana idatz zitekeela esaten zigun egileak", dio.