Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak, Baigerak, bazkideen urteko batzar nagusia egingo du datorren asteazkenean, martxoaren 12an, 16:30ean, Basazabal jauregian. Batzarreko gai zerrendan, kontu emate eta onartze artean, bada azken urteetako batzarretan beti mahai gainean jarri izan duten eta aurten ere errepikatuko den beste bat: zuzendaritza batzordearen berritzea.
Izan ere, epe baterako elkartearen ardura lanetan aritzeko jendea topatzea gero eta zailagoa da. Ondo dakite Patxi Altzibarrek eta Maite Garmendiak, egungo presidenteak eta idazkariak, talde, elkarte eta toki gehienetako gaitza dela zailtasun hori; baina egungo zuzendaritzako kide gehienek beren partea tokatzen zitzaiena baina askoz gehiago luzatu dutela ere ondotxo dakite, eta «atsedena» hartzeko desiratzen daude. "Estatutuen arabera, bi urte gehi bi" da Baigeraren zuzendaritzan sartzen diren bazkideek ardura horietan gehienez bete beharreko epea, Altzibarrek azaldu duenez. Baina bederatzi kidek osatzen dute elkartearen zuzendaritza –presidenteak, diruzainak, idazkariak eta sei batzordekidek–, eta egungoen artean, bederatzitik seik berezko gehienezko urte kopuru hori gainditzen dute, gehienek oso aise, gainera. Altzibarrek berak hamar urte bete ditu zuzendaritzan, eta Garmendiak sei. Joxemai Iturria batzordekidearena da, hala ere, marka, hamahiru urterekin; 11 urte bete ditu Pello Odriozolak, bederatzi Kontxi Rekejok, eta bost Migel Angel Etxanizek.
Geldirik egoteko ez
Garmendia idazkariak txukun-txukun jasotako datuak errepasatu besterik ez dago. 1.905 bazkide ditu gaur egun Baigerak, 1.082 emakume eta 823 gizon. "Iaz 123 lagun bazkidetu ziren, gehienak gazteak, jubilatu berriak. Ez dakidana da asko ala gutxi diren, ez daukagu-eta iaz herrian jubilatu zirenen kopurua", azaldu du Garmendiak. Datuek agerian uzten dute, hori bai, jubilatu gazteenen saila dela urriena bazkideen zerrendan: 60 eta 65 urte arteko bazkideak 179 dira, eta 60 eta 70 artekoak 513; eta emakumeak gizonak baino gehiago dira adin tarte guztietan.
Bazkideen profila, joerak eta ohiturak asko aldatu dira jubilatuen elkarteak sortu zirenetik, eta elkarteak ere aldaketa horietara moldatzen joan dira. Jubilatuta bai, baina geldirik egoteko ez daude Baigeraren bazkideak. Esaterako, ikastaro, ekintza, irteera eta bidaia sorta zabala jartzen du urtero bazkideen eskura elkarteak, eta horietako gehienek harrera "oso ona" dute, zuzendaritzakoen esanetan. Zuzendaritzakoek badute "susmoa", jende asko eskaintza horrek erakarrita egiten dela bazkide Baigeran, yoga, pilates eta antzeko ikastaroak "merkeago" dituztelako modu horretan. Aisia, kirol edo kultur eskaintzaz haratago, azken urteetan "arlo soziala" jorratzen duen talde bat ere eratu da Baigeraren barruan; hortik sortutako kezketako asko egitasmo bihurtu dira, batik bat gizarte zerbitzuen arloan, udalarekin elkarlanean.
Jendea bai, baina...
"Jendea badago, baina horretarako ez", dio Altzibarrek, "horretarako" zuzendaritzan sartzea dela ulertuta. Era batera eta bestera, informazioa zabalduz zein elkartean sartzen direnei zuzenean gaia aipatuz, saiatu dira eta saiatzen dira zuzendaritza batzordekoak jendea ardura horretara erakartzen, baina arrakasta txikiarekin. "Momentu puntualetan laguntzeko" prest dagoen jendea badagoela dio Garmendiak, baina konpromiso luzeagoetarako ez dute halakorik aurkitzen. "Loturarik ez du nahi jendeak", Altzibarren esanetan.
Bitartean, urteak aurrera doaz, eta zuzendaritzan daudenen kemena eta indarrak, agortzen. Urte askoan Baigera I eraikineko bulegoa astean lau goizetan irekitzen bazuten, gaur egun bitan irekitzen dute, astearte eta asteazkenetan. Beraz, garai batean baino konpromiso gutxiago eskatzen du berez zuzendaritzako lanak. Baina, hala ere, lekukoa jasoko dutenen bila jarraitzen dute Baigeran; jende, ideia eta indar berrien bila, etorkizunean elkarteak bidea egiten jarraitu ahal dezan.