Urtebetean 200 bat herritarrek jo dute Energia Bulegora

Julene Frantzesena 2025ko mai. 6a, 10:26

Energia Bulegoaren kanpoaldea.

Faktura elektrikoari lotutako zalantzak argitzera, argindarraren kontratuaren xehetasunak ezagutzera eta etxeko energia kontsumoa murrizteko aholkuak jasotzera jo dute herritarrek bulegora. Astegunetan, egunero egoten da bulegoa irekita.

Urtebete da Azpeitiko Udalak Energia Bulegoa zabaldu zuela. Herritarrei argindarraren kontsumoari, fakturei eta energia eraginkortasunari buruzko zalantzak argitzeko doako aholkularitza eskaini diete bulego horretan. Udalak emandako datuen arabera, lehen urtean 200 herritar baino gehiago joan dira bulegora, eta horiek batez beste hileko faktura elektrikoan hamabost euro aurrezteko aukera izan dute.

Horiek, besteak beste, faktura elektrikoari lotutako zalantzak argitzera, argindarraren kontratuaren xehetasunak ezagutzera eta etxeko energia kontsumoa murrizteko aholkuak jasotzera jo dute Energia Bulegora. Zehazki, bulegora joandako herritarren %43k argindarraren fakturari lotutako laguntza eskatu dute, eta %6k gasaren eta argindarraren fakturekin lotutako zalantzak izan dituzte. Gainerako herritarrek, %51k gutxi gorabehera, energia berriztagarriekin lotutako diru laguntza partikularrei, Ekindar kooperatibari eta birgaitze energetikoari lotutako programei buruzko informazioa jaso dute.

Erakundearen arabera, Energia Bulegoak erakutsi du energia kontsumoari buruzko erabakiak informatu ostean hartzeak "eragin positiboa" duela. "Funtsezkoa da energia kontsumoaren ohiturak ezagutzea, hobetzeko arloak identifikatzeko eta etxean elektrizitatearen zein gasaren erabilera optimizatzeko". Modu horretan, herritarrek energia kontratuak beren beharretara egokitu ditzaketela ohartarazi du, kontsumo eraginkorragoa egitea eta aurreztea lortzeko.

Ondorioz, argindarraren kontsumoarekin, energia tarifekin eta energia trantsizioarekin lotutako gaiei buruzko orientazioa nahi duten herritarrek Energia Bulegora jo dezakete. Astegunetan, egunero egoten da bulegoa irekita: astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostiraletan 10:00etatik 14:30era; ostegunetan, berriz, 17:00etatik 19:30era. Dena den, hara joan nahi duten herritarrek aurrez txanda eskatu beharko dute 943-11 98 06 zenbakira deituta edo energia@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide