Baratzegintzako jakituriaren banaketa, gurpil gainean

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 9a, 08:20

Baratzegintzaren bueltako tailerrak eskaintzen ditu Kimubaten Furgobaratzak. Asteazkenean, tomateei buruzko tailerra eman zuen Amaia Odriozolak Iraetan.

Landarez kargatutako furgonetan agertu zen asteazken arratsaldean Iraetara Azpeitiko Kimubat enpresako Amaia Odriozola. Autotik mahaiak atera eta dozenatik gora barazki klase jarri zituen ikusgai, baratze parkean hainbat lagun nor bere lurzatian lanean zeuden bitartean, aste heze honek emandako menia aprobetxatzen. 18:00ak jo zituztenean hurbildu ziren baratzezainak furgoneta ingurura, Odriozolak tomateari buruz esateko zituenak aditzera. Entzuleen tristurarako, landare hori gaitzak harrapatu zale eta har desberdinen jaki dela ohartarazi zuen, baina hainbat erremedioren berri ere eman zuen, besteak beste, azeri buztanaren kontzentratua edo asun ura aipatu zituen. Hortik aurrera, eguraldiaren zoriak agintzen du.

Herriz herri aritzen da Kimubaten Furgobaratza, baratze parkeetako erabiltzaileei hainbat gairen inguruko tailerrak ematen. Asteazkenean, tomate landarea izan zuen hizpide Odriozolak Iraetan kokatzen den Zestoako baratze parkean; haren esanetan, eskaintzen dituzten tailerren artean, horixe izaten da jakin-min handiena pizten duenetako bat. "Klasiko bat da, mundu guztiari gustatzen zaio", berretsi zuen. Baina baratzegintzari lotutako beste hainbat ertz ere jorratzen dituzte Furgobaratzarekin: lurraren ongarritzea, landaketa garaiak, baratzeko plangintza...

"Hezkuntza eta tutoretza zerbitzua ematen du Furgobaratzak, jendearen zalantzak argitzen ditugu, eta tailerrak eman, gaur [asteazkenean] bezala. Barazkien salmenta ere egiten dugu, eta herri baratzeen egoera ikuskatzen dugu", azaldu zuen Odriozolak ikastaroarekin hasi aurretik. Eskualdeko herri baratzeetan ematen du zerbitzua Furgobaratzak, baina baita Gipuzkoako beste herri batzuetan ere; adibidez, Irunen, Astigarragan eta Elgoibarren izan dira berriki.

"Gure filosofia da bertako barietateak garatu, jendeari ezagutzera eman, eta betiko ohituretatik pixka bat ateratzea"

Udaberria da eta, beraz, bizi-bizi daude eskualdeko baratzeak, barazki preziatuenen kimuak erakusten: tomateak, piperrak, lekak, tipulak, pepinoak... Lan askoko garaia da Furgobaratzako arduradunentzat ere. Odriozolak zehaztu zuen jendeari "nagia" ematen diola ortuak neguan, eta udaberria, aldiz, barazki gehien saltzen den sasoia dela. Hala ere, Kimubaten zerbitzu ibiltaria urrira arte martxan egoten da.

Odriozolak kontatu zuenez, leku batetik bestera asko aldatzen dira herritarrek agertzen dituzten kezkak eta zalantzak. Baina tomateen inguruko "galdera asko izaten dira", ziurtatu zuen. "Momentuko arazoen inguruan galdetzen dute gehienbat. Har grisen inguruan galdetu zidaten aurreko batean, baita tipularen gaixotasunen inguruan ere", gaineratu zuen Kimubateko beharginak.

Salmenta zerbitzua

Salmenta zerbitzua ere eskaintzen du Furgobaratzak, eta tomateen inguruko dudak uxatu ostean, barazkiak erosteko aukera izan zuten baratzezainek. Landare ugari eraman zituen Iraetara Kimubaten furgonetak: "Batetik, garaian garaiko barietate arruntak ditugu, ekoizpenerako erabiltzen direnak, eta bestetik, antzinako barietateak. Gure filosofia da bertako barietateak garatu, jendeari ezagutzera eman, eta betiko ohituretatik pixka bat ateratzea. Bestalde, gauza xelebreagoak ere baditugu: physalisa, piper pikantea, pepino nanoa... Jendea elikadura aukerak zabaltzen ari da, eta gauza berriak probatzeko gero eta gehiago erabiltzen da baratzea", azaldu zuen Odriozolak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide