Elkartasunaren bidetik beste urrats bat eginda, herritarrekin batera ospatu nahi du aurtengo Etxera Eguna Azpeitiko Sarek. Horretarako, maiatzaren 17rako egun osoko egitaraua prestatu dute, 25 urte elkartasunez, urtemuga bat baino gehiago lelo hartuta.
Gaur, berriz, egun horri babesa adierazteko agerraldi jendetsura deitu dituzte herritarrak, 19:00etan, Sanagustin kulturgunera. "25 urte luzez ibilian-ibilian iritsi gara aurtengo Etxera Egunera, egin dugun ibilbidea gogoan, aurreratu dugun guztiari balioa eman eta behingoz presoen, iheslarien eta deportatuen aferari behin betiko konponbidea emateko garaia iritsi da", adierazi dute gaurko agerraldirako deia egin dutenek. Haien ustez, ordea, "oraindik ez da nahikoa egin" etxerako bidea egin ezin duten presoak daudelako eta "munduan barrena sakabanatuta" hamabost iheslarik eta hiru deportatuk segitzen dutelako.
Izen-emateak zabalik
Etxera Egunerako antolatu duten kroserako izena emateko epea irekita dago, eta bazkarirako txartelak salgai ere bai. Hain zuzen ere, Orkatz, Korrale, Mendizabal, Berdie eta Niza tabernetan eman daiteke kroserako izena, hamar euro ordainduta.
Etxera Krosa 11:30ean hasiko da plazatik, eta partaideek 5,6 kilometroko ibilbidea egingo dute. Horietako bakoitzak kamiseta jasoko du, eta proba bukatzean hamaiketakoaz gozatzeko aukera izango du. Otarre bat ere zozkatuko dute parte hartzaileen artean.
Bazkaria, berriz, 14:30ean izango da Azoka Plazan. Otordurako txartelak Orkatz, Korrale, Mendizabal, Berdie eta Niza tabernetan daude dagoeneko salgai, baina egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira. Bazkaltzeko txartela 18 euro ordaindu beharko dute langileek, eta hamabi euro langabetuek.