Egitarau bete-betearekin dator 25. Etxera Eguna

Maialen Etxaniz 2025ko api. 29a, 11:30

25. urteurreneko Etxera Egunaren data emateko agerraldia egin zuten herritarrak. (Azpeitiko Sare)

Etxera Krosa, kirol erronka, bazkari herrikoia, umeentzako gunea, kontzentrazioa eta kontzertuak izango dira, besteak beste, maiatzaren 17ko Etxera Egun berezian. Aurtengoa elkartasun jaialdiaren 25. aldia da, eta horregatik ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 25 urte elkartasunez leloarekin ospatuko dute aurtengo edizioa. Dagoeneko zabaldu dute Etxera Krosean izena emateko epea. 

Gero eta gertuago dago Etxera Eguna, eta antolatzaileek dagoeneko jakinarazi dutuzte maiatzaren 17rako prestatu dituzten ekintzen xehetasunak. Aurtengo Etxera Eguna berezia da, 25 urte beteko baititu Elkartasun Eguna izenarekin sortu zen jardunaldiak, eta lantalde berezia osatu dute Azpeitiko Sarek eta hainbat herritarrek urteurreneko kontuak antolatzeko eta bultzatzeko. Era berean, 25 urte elkartasunez leloarekin ospatuko dute aurtengo aldia. Duela hilabete batzuk jakinarazi zuten 2025eko Etxera Eguna "berezia" izango zela, eta zenbait zertzelada plazaratu zituzten arren -kontzertuak, kasu-, orain eman dute maiatzaren 17rako egitarauaren berri. 

25 urteetan zehar egin izan dituzten ekintzek ez dute hutsik egingo, krosak eta herri bazkariak, esaterako. Hain zuzen, Etxera Krosak irekiko du eguna, 11:30ean. Plazan hasi eta plazan amaituko da lasterketa, eta elkartasuna eta kirola uztartzea izango dute xede. Ondoren, 12:30ean hasita, kirol erronka berezia egingo dute plazan bertan, crossfit eta herri kirolak bateratuta.

Jarraian, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Dagoeneko jarri dituzte salgai bazkaritarako txartelak honako taberna hauetan: Orkatz, Korrale, Mendizabal, Berdie eta Niza. Txartela eskuratzeko, langileek 18 euro ordaindu beharko dute, langabetuek 12 euro, eta umeek doan bazkaldu ahalko dute. Otordua amaitzean, Txalainak musika taldeak girotuko du bazkalostea, Hertzainak taldearen bertsioekin. Arratsaldean umeentzako gunea jarriko dute Sanagustinpean. Bertan, emanaldia eskainiko dute Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoek, 16:30ean hasita. 

Aldarriak eta elkartasun mezuak ez dira faltako, eta hitzordu bereziarekin borobilduko dute arratsa. Hain zuzen, kontzentrazioa egingo dute 18:00etan, plazan. Puzzlea osatu arte, presoak etxera. Gotzon gurekin lelo hartuta egingo dute mobilizazioa. 

Kontzertuek ere izango du lekua Etxera Egunean. The Friday's Crew, Su ta Gar eta Trikidantz taldeek doako emanaldiak eskainiko dituzte Sanagustin kulturgunean, 21:00etan hasita. Talde horien artean bada agertokietara egun horretan itzuliko den talde bat: The Friday's Crew. Hainbat urteko ibilia eginda, oholtzak uztea erabaki zuten taldeko kideek, baina datozen hilabeteetan hiru emanaldi eskainiko ditu, eta horietako bat izango da Azpeitikoa.

Kroseko izen-ematea, zabalik

Etxera Krosak 5,6 kilometroko ibilbidea izango du, eta plazan hasi eta amaituko da. Izen-ematea irekita dago, eta honako leku hauetan egin daiteke: Orkatz, Korrale, Mendizabal, Berdie eta Niza tabernetan. Izen ematea 10 euro ordaindu beharko dute parte hartzen dutenek, eta korrikalari guztiei kamiseta bana emango diete antolatzaileek. 

Lasterketa ostean hamaiketakoa eta oparia emango dizkiete parte hartzaile guztiei, eta horien artean otarre bat zozketatuko dute. Era berean, jakinarazi dute dutxatzeko aukera egongo dela Izarraitz pilotalekuan. 

Etxera Eguneko egitaraua, osorik: 
  • 11:30: Etxera Krosa, plazatik abiatuta. 
    Izen ematea, aurrez Orkatz, Korrale, Mendizabal, Taberna Berdie eta Niza tabernetan. Langileek 18 euro ordaindu beharko dute, langabetuek 12 euro, eta haurrek doan bazkaldu ahalko dute.
  • 12:30: Kirol erronka, crossfit eta herri kirolak uztartuta, plazan. 
  • 14:30: Bazkaria, Azoka plazan. Txartelak: Orkatz, Korrale, Mendizabal, Taberna Berdie, Niza eta egunean bertan
    Ondoren, Txalainaken kontertua.
  • 16:30: Txintxeta, Flipa eta Txorroskilo pailazoak, udaletxeko arkupeetan, umeentzako gunean.
  • 18:30: Kontzentrazioa, plazan. Puzzlea osatu arte, presoak etxera. Gotzon gurekin lelo hartuta.
  • 21:00: Kontzertuak Sanagustinen:  Tthe Friday's Crew, Su Ta Gar eta Trikidantz. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide