Herritar ugarik egin dute bat zapatuan euskal presoen eskubideen alde egingo den Etxera Egunarekin. Ostiralean atera zuten 150 bat lagunek egun horri babesa agertzeko argazkia Sanagustin kulturgunean, eta gainera, 400 bat lagunek atera dituzte argazkiak asteotan –bideoa osatu du Sarek argazki horiekin denekin–.
Dagoeneko prest dute larunbaterako egitaraua, eta Etxera Egunaren antolatzaileek irakurketa plazaratu dute, egun hori urtez urte antolatzearen atzean dauden arrazoiak azaltzeko. Sarek adierazi duenez, hamarkada luzeetan "arrazoi politikoengatik" hamarnaka preso eta iheslari izan dira Azpeitian, nahiz eta gaur egun "zorionez" bestelakoa den egoera. "Garai gogorrak ezagutu ditugu herri gisa, errepresioa, dispertsioaren errealitate anker eta gordina, asteburuetako pozak eta nekeak, arriskuak eta minak, maitasuna eta konplizitateak...", azaldu dute Etxera Egunaren sustatzaileek.
Haiek esan dutenez, Azpeitian "oso presente" egon dira euskal errepresaliatuak garai desberdinetan, eta une oro "elkartasuna nagusi" izan dela adierazi dute. "Pentsaera politiko desberdinez osatutako herria izan bagara ere, beti okerren zeuden lagunak eta senideak izan ditugu lehentasun", erantsi dute. "Elkartasun horrek hezurmamitu du neurri batean azpeitiar izaera, urte hauetan guztietan modu askotan lagun ugarik egin dutelako beren ekarpena; izan bidaietan kotxea eramateko, 40 minutuko bisitak egiteko, laguntza ekonomikoa emateko edota beharrezko elkartasun nahiz maitasun keinua bideratzeko".
Beste egoera bat
Gaur egun egoera bestelakoa bada ere, igarotako gorabehera guztiak ezin direla ahaztu adierazi dute, "egoera korapilatsuak eta gertakari mingarriak" izan zirelako. "Tartean, une zehatz batean, Azpeitian 11 preso eta bi deportatu izan ziren. Erraz esaten da, baina benetako errealitatea ankerra zen, horrek dituen ondorio guztiekin", gaineratu dute.
Dena den, atzera begiratzeko ez daudela, eta aurtengoa 25. Etxera Eguna izango dela jakinarazi dute. Halaber, 2000. urtean abiatu zuten egitasmoaren azken edizioa izatea nahiko luketeela ere esan dute: "Egin dugun ibilbidea gogoan, aurreratu den guztiari balioa emanez, iritsi da presoen, iheslarien eta deportatuen aferari behin betiko konponbidea emateko garaia".
Honainoko bidea ez dela "batere erraza" izan esan dute, eta herritarrek nahiz herriko eragileek egin duten lana azpimarratu dute. Halaber, 25 urteotan hil diren senideak eta lagunak ekarri dituzte gogora, baita dispertsioaren ondorioz errepide istripuetan hildako hamasei lagunak ere.
Gotzon Aranbururen egoera
Mende laurdenean hainbat eta hainbat mobilizazio egin dituztela esan dute, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea eta dispertsio politika amaitzea eskatzeko. Bide horretan kokatu dute, halaber, Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren egoera. "Gero eta gehiago dira, era bateko edo besteko askatasunarekin, kalean ikusten ari garen presoak. Aukera izan dugu Gotzon Aranburu gure artean ikusteko eta aspaldi eman ez genion besarkada emateko".
Hori bidean aurrera doazen seinale dela adierazi dute, baina ez dela nahikoa: "Ez, ez dugu nahikoa oraindik etxerako bidea egin ezin duten presoak ditugulako, eta oraindik, munduan barrena sakabanatutako hamabost iheslari eta hiru deportatu daudelako".
Horregatik, "askatasunaren, elkarbizitzaren eta konponbidearen norabidean" lanean jarraitzeko deia egin dute Etxera Egunaren antolatzaileek, presorik, iheslaririk eta deportaturik gabeko Euskal Herria lortzeko helburuz. Hori dela eta, azpeitiarrei zapatuko elkartasun egunean parte hartzeko eta jaia elkarrekin ospatzeko deia egin diete.
Hona hemen Etxera Egunarekin bat eginez herritarrek atera dituzten argazkiekin Azpeitiko Sarek osatu duen bideoa: