Heldu dira Sanjuandegiko festak. Dena prest al duzue?
ONINTZA KEREJETA: Hala da, bai. Ia gauza guztiak lotuta ditugu dagoeneko, eta atzera kontaketa egiten hasiak gara; urduritasun pixka bat ere antzematen dugu.
Egitarau oparoa prestatzen duzue urtero, baina zer berrikuntza izango dira aurten?
O.K.: Egitaraua urterokoaren antzekoa da, baina badira zenbait berrikuntza. Lehena festak hasi aurretik izango dugu: igandean, YK Riders taldearen eskutik umeen bizikleta lasterketak izango ditugu, eta, beraz, umeen asteburua izango dugula esan dezakegu aurten. Taldearen ideia izan zen lasterketak antolatzearena, eta eskertzen ditugu horrelako ekarpenak. Herri kirolen saioak ere aldaketa bat izango du: auzoan jaiotakoen eta auzotik kanpo jaiotakoen aurkako erronka planteatu dugu aurten, eta eguerdian izango da. Arratsaldean, berriz, herriko artisauen azoka izango dugu plazan; hori ere lehen aldiz egingo dugu. Horrez gain, aurreko urtean bezala, aurten ere Palestinari elkartasuna adierazteko keinu bat egingo dugu festak hasi aurretik; izan ere, palestinarren aurkako sarraskiak jarraitu egiten du, eta horren aurrean beharrezkoa iruditzen zaigu palestinar herriari elkartasuna adieraztea eta sarraski horren konplizeak seinalatzea, urrutira joan gabe, baditugulako eskualdean bertan Israelekin harreman zuzena duten enpresak. Zentzu horretan, dei egiten diegu herritarrei Mantangorri jaitsi aurretik egingo dugun elkarretaratzean parte hartzera.
Arrakasta handiko ekintzak antolatu ohi dituzue: Umeen Eguna, bertso afaria… Aurten ere egitarauaren barruan izango al dira horiek?
NORA AIZPURU: Bai, egia esan, badira indar handia hartu duten ekintza batzuk urteroko egitarauaren barruan; bertso afariak, batez ere, azken urteetan harrera ona izan du, eta urtero agortzen dira txartelak. Urtero bezala, Umeen Egunean ere haur mordo bat izango da. Horrez gain, osteguneko kontzertuak eta mus txapelketa ere oso jendetsuak izan dira azken urteetan; jendeak badirudi festak hasi aurretik ere izaten duela gogoa...
"Jendeak badirudi festak hasi aurretik ere izaten duela gogoa..."
Horrelako ekintza jendetsuak izateak beldurra eragiten al du berriak antolatzeko orduan?
N.A.: Egia esan, normalean jakiten dugu betiko ekintzak ondo irtengo direla, etahoriek ezin ditugu ukitu, beraz, gustatzen zaigu gauza berriak probatzea ere, eta urtero izaten da zerbait berria egitarauan; saiatzen gara horretan, behintzat. Adin eta gustu guztietako herritarrei begirako ekintzak prestatzen ahalegintzen gara.
O.K.: Nahita edo nahi gabe, baina urtero antolatzen dugu zerbait berria. Orain arte beti ondo funtzionatu izan dute ekintza berriek, gainera. Festentzako aberasgarria dela iruditzen zaigu berrikuntzak txertatzea, eta bestelako norbanako eta eragileen parte hartzea sustatzen dugu horrelakoetan.
Dena prest izanik, ba al da kezkatzen zaituzten zerbait?
O.K.: Beti esaten dugu dena lotuta dugula, baina gauza mordoa dugunez egitarauan, beti dugu sentsazioa zerbait falta zaigula edo ez dagoela dena behar den bezala. Hala ere, normalean gero gauzak ondo irteten zaizkigu; horretan asmatzen dugu nola edo hala. Horrez gain, gure betiko kezka nagusia eguraldiari lotutakoa izaten da; izan ere, euria eginez gero, asko eragiten du.
Gozatzea bakarrik gelditzen da. Horretarako gogoz dira herritarrak. Zuek ere bai?
N.A.: Sanjuandegiko festak bereziak dira beti, udako denboraldiari hasiera ematen diotelako eta jendea gogoz izaten delako. Guretzat ere, horrenbeste lan eta gero, ederra izaten da ekintzez gozatzea; parrandan beti adi ibili behar izaten dugu baina, tira, moldatzen gara...
Azpeitiko festarik gustukoenetakoak dira Sanjuandegikoak herritarrentzat, baina zer-nolako lana dute atzetik? Lan handia al da dena antolatzea?
O.K.: Egia esan, gustura egiten dugun zerbait da; hilabete batzuk lehenago hasten gara lehen bilerak egiten, normalean azaroan, eta ahal dugun guztia lotuta uzten dugu. Bakoitzak bere ardura izaten du, eta horrekin hasten gara lanean. Gero, festen aurreko bi asteak izaten dira okerrenak; orduan hasten da benetako lana, gauzak egiteko garaia iristen da, eta ez dira gutxi izaten... Festetako egun guztietan eta ia ordu guztietan zehar dago ekitaldiren bat, eta horietarako guztietarako egin beharrekoak kontrolatzea izaten da, agian, lanik zailena, detaile asko hartu behar baitira kontuan.
"Mundu guztia animatu nahi dugu auzora, ederra izango da eta!"
Festak amaitutakoan, ospatzen al duzue ondo joan izana? Edo festarako gogoak aseta izaten dituzue ordurako?
O.K.: Iristen direnek igande goizean ospatzen dute, baina hurrengo asteetan ere beti egiten dugu zerbait: balorazioa egiteko izaten dugun bilera aprobetxatzen dugu festak ondo joan direla ospatzeko.
Herritarrentzat eskaera edo dei berezirik?
N.A.: Beti esaten dugun moduan, herritarrei eskatzen diegun bakarra da festetan euren aletxoa jartzea, edozein modutan. Egin dezaketen ekarpenik txikienak ere lagundu egiten digu, eta hori asko eskertzen dugu; esate baterako, txosnan txanda egiten dutenak eskertu behar ditugu, baina baita gazte afaria jarri eta jasotzen laguntzen digutenak ere, edo txokolatea eta paella egiten dituztenak... Jaiak guk antolatzen baditugu ere, denen artean egiten ditugu. Hori esanda, mundu guztia animatu nahi dugu auzora, ederra izango da eta!