Ainhoa Erkizia: "Tokatu zaizkit dinosauroei buruz asko dakiten haurrak"

Anitz Urkizu 2025ko uzt. 13a, 09:16

Olatz Erkiziaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Euskal Kostaldeko Geoparkea du lantoki Ainhoa Erkiziak. Bisitara doazenei flyscharen, historia geologikoaren nahiz ingurune horren altxorren berri ematen egiten du lan. Ur gainean eta lehorrean, handiekin nahiz txikiekin jarduten du lanean Azpeitian bizi den biologoak.

Biologia gradua ikasi zuen Ainhoa Erkiziak (Durango, Bizkaia, 1995), eta naturarekiko zaletasunak bultzatuta, ingurumen heziketako eta ekoturismoko gida lanetan dabil gaur egun. Azpeitian bizi da, baina bere egunerokoa Euskal Kostaldeko Geoparkean garatzen du, flysch ikusgarriaren inguruan bisita gidatuak eskainiz, naturaren edertasuna nahiz garrantzia hedatzea helburu nagusi duela. Erkiziak lanerako ez du bulegorik, zeru irekia eta itsas bazterra ditu lan eremu, eta bisitari bakoitzari kontatzeko istorio paregabe bat eskaintzen dio paisaiak.

Beti interesatu izan zaio ingurumen heziketarekin eta naturarekin lotutako kontuak ingurukoei azaltzea, baina gida lanetan kasualitatez hasi zen, lagun batek Begi Bistan enpresako lan eskaintza bat bidali zionean. "Gure lana ezberdina da egunero. Hala ere, gehienbat Zumaiako flyscha eta bertako altxor geologikoak ezagutarazteko bisitak egiten ditut nik", azaldu du gidak. Oinez zein itsasontzian egiten ditu bisitak, gehienak Zumaiatik hasi eta Sakonetara (Deba, Gipuzkoa) artekoak izaten dira, ordubeteko iraupenekoak. Tarteka, Mutrikuko (Gipuzkoa) Nautilus ikasgune geologikoan egotea ere tokatzen zaio, bertako amonite fosil erraldoiak erakusten; baita Orioko Arraunetxen ere, ikasle taldeekin era askotako tailerrak egiten.

Bisitarien profila urte sasoiaren arabera aldatu egiten dela dio. Udaberrian eskoletako haur taldeak, jubilatuen taldeak eta ikasbidaian dabiltzan gazteak izaten dituzte nagusiki bisitan. Udan, berriz, mundu osoko turistak joaten zaizkie bisitetara: bikoteak, familiak edo lagun taldeak. Bisita gidatu bat arrakastatsua izateko gakoa, bisitariekin sortzen den lotura da Erkiziarentzat: "Entzuleek interesa erakusten dutenean giroa aldatu egiten da, eta bisita esperientzia bihurtzen da". Ohikoa izaten da etxetik gertuko eremuetan bisita gidatuak egin ordez urrutikoetan egitea. Hala ere, gertuko herritarrak ere izaten ditu Erkiziak berak gidatutako bisitetan: "Bertakoei kanpoko lagunak eta familiakoak bisitan etortzen zaizkienean, ingurua erakustera eramaten dituzte".

Helduentzako eta haurrentzako bisiten arteko aldeak nabarmenak dira, Erkiziak azaldu duenez. Haurrei zuzendutako bisitak esperientzian eta jolasean oinarrituta daude, beti saiatzen dira ondo pasatzea eta ezagutza uztartzen. Aurten, adibidez, Flyscha haurrekin izeneko bisita berri bat jarri dute martxan Mutrikun, txikienei flysch beltza eta Nautilus fosilak erakusteko helburuarekin. "Geologia konplexua izan arren, haurren jakin-mina handia da, eta kontzeptuak modu sinplean eta jostagarrian azaltzen bazaizkie, haien arreta lortzea ez da zaila izaten. Tokatu izan zaizkit behin baino gehiagotan dinosauroen inguruan asko dakiten haurrak, behin 7 urteko haur batek dinosauroen inguruko azalpen bat zuzendu zidan, eta arrazoia eman behar izan nion", gogoratu du.

Ainhoa Erkizia itsasontzian, mikrofonoa eskueta eta flyscha atzean dituela. (Utzitakoa)

Bisita gidatuek aukera ematen dute istorioak eta bitxikeriak ezagutzeko. Esaterako, Zumaiako flyschean, paisaiaren edertasunarekin gozatzeaz gain, berez ulertzen eta azaltzen zailak diren kontzeptuei eta prozesu geologikoei buruz jakiteko aukera dago. Itzurun inguruko itsaslabarretan, berriz, gaur egungoarekin antzekotasun handiak dituen beroketa global handi baten historia irakur daiteke. Eta historia horretaz baliatzen dira Erkizia eta bere lan taldea gaur egun gertatzen ari den klima aldaketaren inguruan hausnartzeko.

Lantoki paregabea

Lana egiten duen tokiarekin "izugarrizko zortea" duela aitortu du Erkiziak. "Askotan esaten didate bisitariek beti gauza berdina egiten dagoeneko aspertuta egongo garela, baina kontrakoa da. Gainera, beti desberdin aurkitzen dugu paisaia, urte sasoiaren eta eguraldiaren ondorioz argiaren baldintzak asko aldatzen dira, edota paisaia edo esperientzia ere besberdina da itsasoaren egoeraren eta mareen arabera". Aire librean lan egiteak, ordea, baditu bere alde txarrak ere, eguraldi ona ala txarra izan beren jardunak ez du etenik izaten. Eguraldia gorabehera, bisita berezi bat ekarri nahi izan du gogora Erkiziak: "Talde txiki batekin irten ginen, oso talde jatorra zen eta gainera interes handia erakutsi zuten. Sakonetara heldu ginenean izurde talde handi bat gerturatu zitzaigun, eta gurekin egin zuten bidearen zati handi bat".

Urte sasoi guztiek dute bere xarma, Erkiziaren ustez. Udaberrian paisaia berdeagoa da, eta "urte sasoi politena" da gidaren ustez. Flyschak ikusteko ere baldintza onak izaten dira udaberrian, "argia desberdina" izaten delako. Udako iluntzeetako azken orduko bisitak ere oso bereziak izan ohi direla aitortu du: "Alde batean ilunabarra, eguzkia itsaso aldean sartzen, eta bestean, flyscha…". 

Urrutiko jendeari bertako lekuak erakusteak inguruan dituen tokiak eta altxorrak balioesten irakatsi dio gidari, bisitariek behin eta berriz errepikatzen baitiote Euskal Herria oso leku ederra dela. "Bertakoa gehiago maitatu eta disfrutatu beharko genuke, urrunera hainbeste begiratu gabe".

Erkizia, bisitariei azalpenak ematen. (Utzitakoa)

Begi Bistanen erronkei aurre eginez jarraitzen dute. Gaur egun, lantaldea urte osoan mantentzeko lanean dabiltza, eta horretarako, bisitari gutxien egoten den urte sasoietan martxan jarriko dituzten proiektu berriak diseinatzen ari dira. Adibidez, Itsas Garapen eta Surfrider erakundeekin batera, ingurumen hezkuntzarekin, plastikoen arazoarekin eta alfabetatze zientifikoarekin lotutako tailerrak darabiltzate esku artean, hurrengo udazken-neguan martxan jartzeko asmoz.

Etorkizunerako kezka nagusien artean, beste naturgune askotan bezala, habitat galera, espezie inbaditzaileak eta klima aldaketaren ondorioak aipatu ditu Erkiziak. Flyscharen etorkizuna zaindu beharreko altxorra dela argi dauka.

Ingurumena maitatzeko eta zaintzeko lehen urratsa haren edertasuna eta konplexutasuna ulertzea dela uste du Erkiziak. Horregatik, bisita gidatuetan ingurumenari buruzko hausnarketak eta mezu argiak txertatzen saiatzen da. Haren arabera, geologiak berak aukera ematen duelako iraganeko klima aldaketa handiak ezagutzeko, eta horiek gaur egungo egoerarekin lotuz kontzientzia ekologikoa pizteko.

(Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide