Bukatu da Ekindarren eguzki plakak kokatuta dauden lurren gaineko bide judiziala

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 9a, 08:41

Ekindarren eguzki plakak.

Ia hiru urteko bide judiziala egin du aferak. Ekindarren eguzki plaken planta egiteko lurren kalifikazioa aldatzea ahalbidetzen zuen Plan Berezia onartu zuen 2022an udalak, eta erabaki horren kontra egin zuten bizilagun batzuek nahiz ENBA sindikatuak; EAEko Auzitegi Nagusiak, baina, udalaren alde egin zuen. ENBAk kasazio helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, baina epaitegiak ez du tramitera onartu.

Ia hiru urteren ostean, agortu da Ekindarren eguzki plakak kokatuta dauden lurren gaineko bide judiziala. Hain zuzen ere, ENBA sindikatuak aurkeztutako kasazio helegitea ez du tramitera onartu Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ondorioz, legezkotzat jo du Azpeitiko Udalak egindako bidea. Hedabideei azalpenak eman zizkien atzo, asteartez, Nagore Alkorta alkateak, "gauzak ondo" egin izanaren lasaitasunarekin.

Hark esan duenez, hasieratik defendatu dute egindako bidea eta jarraitu zuten prozedura "legezkoa" zela, eta gaineratu du halaxe baliozkotu zutela txosten teknikoek ere. "Hasieratik defendatzen genuena bukaerara arte defendatuko genuela esan genuen, eta ikusi dugu Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman digula". Prozesua "luzea" izan dela gaineratu du hark, baina Ekindar kooperatibak 500 bazkide dituela ikusita, egindakoak "merezi" izan duela esan du.

Amaia de Castro Ekindar kooperatibako Kontseilu Errektoreko kideak prozesua nola bizi izan duten azaldu du. Hark adierazi duenez, "harrituta" geratu ziren helegiteen berri izan zutenean. "Ekindarreko Kontseilu Errektoreko kideok boluntarioak gara, proiektuan parte hartzeko prest agertu ginen herritarrak, beste 500 lagunekin batera. Harriduraz hartu genuen helegiteen berria; izan ere, bazkideok ordurako egina genuen diru ekarpena, idatzita zegoen proiektua... Ziurgabetasunez bizi izan genuen prozesua, ez genekielako zer etorriko zen; 'eta orain zer?', esaten genuen geure artean".

Haren hitzetan, Ekindar kooperatibaren eguzki plaken proiektua "dena aztertuta eta ondo" egin dela esan du auzitegiak, eta zentzu horretan, gustura agertu da. Proiektuak eman dituen emaitzak ekarri ditu gogora, halaber: "Gaur egun 500dik gora bazkide ditu Ekindarrek; 2024ko apiriletik martxan da eguzki plaken baratzea; 1,641 megawatioko sorkuntza izan du plantak orain arte; eta eguzki energia erabiltzeagatik 862 tona CO2 aurreztu dira". Horregatik, proiektuak hasieratik "zentzua" daukala eta "bidegarria" dela esan du.

Bide malkartsua

2021ean hasi zen afera. Ekainaren 24an Urrestillan eguzki plaken baratzea eraiki nahi zuten lursailaren kalifikazio aldaketa gauzatu zuen udalak, alkate dekretu bidez. Jendaurreko informazioa epea iritsi zen segidan, eta ez zuen inork alegaziorik aurkeztu.

Ondoren sortu zen korapiloa, eguzki plaken instalaziorako proiektua exekuzio fasean sartu aurreko izapideekin batera. Hain zuzen ere, lanekin hasi ahal izateko beharrezkoak ziren txostenak eskatu zituen Azpeitiko Udalak, plakak jarri nahi zituzten lurrak ez urbanizagarriak zirelako. Batetik, 2022ko otsailean lortu zuen Lurralde Antolaketarako aldeko txostena; eta bestetik, 2022ko abuztuaren 3an, herri onura eta gizarte interesa aitortzen dituena. Nagore Alkorta alkateak zehaztu duenez, biak ala biak "nahi eta nahi ez bete beharrekoak eta lotesleak".

Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamenduaren kontrako txostena ere jaso zuen udalak; Alkortaren hitzetan, 2021eko uztailean eskatutakoa eta 2022ko martxoan jaso zutena. "Txostena eskatu eta bi hilabete egoten dira erantzuteko, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zituen bete epeak", esan du alkateak. Gutun bat bidali zuen aldundiko sail hartara, eta bilera bat ere egin zuen arduradunekin. Zehazki, txosten hura egin zuen saileko diputatu Javier Larrañagarekin eta haren saileko zuzendari Xabier Arrutirekin elkartu zela ere azaldu du Alkortak, nahiz eta hark esan duenez, ez zuten akordiorik lortu.

Gero, irailaren 22an, udalbatzarrean landu zuten gaia, eta EH Bilduren bozekin onartu zuten lurren kalifikazioa aldatzea ahalbidetzen zuen Plan Berezia; EAJko ordezkariak instalazio fotovoltaikoa lur horietan egitearen kontra agertu ziren bilkura hartan, Plan Bereziak HAPOaren baldintza denak ez zituela betetzen argudiatuta.

Udalaren erabakiaren kontra egin zuten, halaber, Urrestillako lur horietako bizilagunek nahiz ENBA sindikatuak. Horiek helegite bana aurkeztu eta auzi administratiboaren bidea hasi zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Gainera, errekurtsoa sartuta, kautelazko neurri gisa, exekuzio prozesua etetea eskatu zuten horiek, baina ez zieten onartu. Udalak, baina, egindako bidea "legezkoa" zela uste zuela eta, aurrera egitea erabaki zuen. Hala azaldu du Alkortak: "Egindako bidea inpugnatu ziguten, baina baimen guztiak genituen; interes publikoko aitortza hor zegoen. Gogorra izan zen".

EAEko Auzitegi Nagusiak udalaren aldeko epaia eman zuen 2024ko uztailaren 10ean, eta baliogabe utzi zituen, ondorioz, Urrestillako bizilagunek eta ENBAk aurkeztutako inpugnazioak. Dena den, bide judizialean segitzeko aukera bat geratu zen: Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea, kasazio errekurtsoa aurkeztera. ENBAk bide hori aukeratu zuen, baina han ez dute tramitera onartu helegitea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide