Eguzki plakak jarri ahal izateko akordioa egin dute udalak eta ikastetxeek

Nerea Uranga 2025ko uzt. 17a, 12:15

Ezkerretik eskuinera, Joanes Amenabar udaleko Ingurumen zinegotzia eta herriko ikastetxeetako hiru ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Ikastetxeetako eraikinetako teilatuetan eguzki plakak instalatuko dituzte. Izarraizpe, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeetako ordezkariek udalarekin adostutako hitzarmenak hamar urteko iraupena izango du. Bestalde, energia iturri berriztagarriak instalatzeko nahiz etxebizitzen energia eraginkortasunerako, kontserbaziorako eta irisgarritasunerako obretarako udal diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago.

Herriko ikastetxeetan energia berriztagarrien erabilera sustatzeko nahiz energia eredu jasangarriago baterako pausoak ematen jarraitzeko lankidetza hitzarmena sinatu du Azpeitiko Udalak herriko hiru ikastetxeekin –Izarraizpe Ikastola Publikoa, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba eta Iraurgi Ikastetxea–.

Hiru ikastetxeen eraikinen teilatuetan eguzki plakak jarriko dituzte. Izarraizpeko (HHko eraikina), Ikasberriko eta Iraurgiko (HHko eta LHko eraikina) instalazioek 55,59 kWp-ko potentzia izango dute, eta Izarraizpeko LHko eraikinekoak 54,5 kWp-koa. Izarraizpe ikastetxeko bi instalazioak dagoeneko eraikita daude. Ikasberrin eta Iraurgin, berriz, eguzki plaken instalazioak irailean egitea aurreikusi dute.

Adostutako hitzarmenak hamar urteko iraupena izango du. Aurreneko bost urteetan eguzki plakek sortuko duten energia ikastetxeen erabilerarako izango da, eta ondorengo urteetan, ikastetxeetako instalazioetako soberakina udal eraikinetara bideratuko dute.

Erabilera praktikoaz gain, instalazioak "balio pedagogikoa" ere izatea nahi dute, Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko Ingurumen batzordeburuaren arabera. Horregatik, udalaren eta ikastetxeen elkarlana tarteko, ikasleek energiaren kontzeptua landuko dute. "Instalazioak baliatu nahi dira energia kontsumoa eta sorkuntza zer diren, energiak gizartean zer garrantzi duen eta abar lantzeko”, azaldu du udal ordezkariak.

Energia eraginkortasunerako eta irisgarritasunerako laguntzak

Ikastetxeetako teilatuetan eguzki plakak jartzeko egitasmoa Azpeitiko Udalak azken urteotan energia berriztagarrien alorrean abian jarritako estrategiaren segida dela azaldu du erakundeak.

Asmo horri lotuta, Azpeitiko Udalak energia iturri berriztagarriak instalatzeko diru laguntzak ematen ditu. Etxebizitzetan eta bizitegi eraikinetan energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obrak, kontserbaziorako lanak nahiz energia iturri berriztagarriak instalatzeko obretarako laguntzak dira horiek, eta gaurtik urriaren 31ra bitartean eska daitezke Etxebizitza Bulegoan (Enparan kalean) edota udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan.

Aurten, 200.000 euroko diru partida bideratuko du udalak etxebizitzetan energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obretarako, etxebizitzen kontserbaziorako eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko laguntzak emateko. Horien helburua "herritarren bizi kalitatea eta erosotasuna hobetzea eta energia kostuak murriztea" direla azaldu du Ingurumen batzordeburuak, eta herritarren beharrak eta eskaerak aztertuta, urtero egokitzen dituztela nabarmenduz. 

2022an hasi zen diru laguntza hauek ematen udala, eta "arrakasta handia" dutela nabarmendu du erakundeak; aurreko bi urteetan aurreikusitako partida osoa erabili zuten. Kopuruak ere zehatz azaldu ditu. Iaz, esaterako, diru laguntzek 73 onuradun izan zituzten: 56 partikular eta hemezortzi jabe erkidego. Partikularrek batez beste 2.057 euro jaso zituzten, eta jabe erkidegoek 6.729 euro.

Lau lerroren arabera egin daitezke diru laguntza eskaerak, eta lerro bakoitzean berrikuntzak ere txertatu dituzte aurten. Honakoak dira horiek udalak azaldutakoaren arabera:

  • Irisgarritasuna hobetzeko diru laguntzak. Orain arte, igogailuarekin lotutako lanak (berria jarri, zegoena aldatu, zegoena handitu, igogailura bitarteko ibilbidea egokitu) eta eremu komunetako ateak sartzen ziren laguntzetan. Aurrerantzean, irisgarritasuna hobetzeko bestelako gailuak jartzeko ere egongo dira laguntzak: aulki igogailuak, eskailera igogailuak, plataformak...
  • Energia efizientzia hobetzeko lanak. Pertsona berak ezin ditu gaur gaurkoz ekitaldi berean lerro bereko bi diru laguntza eskatu. Bateraezintasun hori kendu egingo da.
  • Energia efizientzia hobetzeko lanak. Orain arte ez bezala, behe solairuaren ordez pasabide irekia daukaten etxebizitzen kasuan, pasabide horren sabaiaren isolamendu termikoa hobetzeko lanak ere lagunduko dira.
  • Eraikinen kontserbazio lanak (fatxadak). Fatxadetako mantentze lanak (birgaitzeak eta margoketak) Alde Zaharrean bakarrik laguntzen ziren. Ezaugarri batzuk partekatzen dituztela ikusita, Urrestillako eremu jakin bateko etxeetara ere zabalduko da laguntza.
  • Eraikinen kontserbazio lanak (EIT eta mantentze planak). 1.500 euroko gutxieneko inbertsioa eskatzen zen orain arte, baina muga hori kendu egingo da aurten.

Laguntza hauen inguruko informazio eta aholkularitza Enparan kaleko Etxebizitza Bulegoan jaso dezakete herritarrek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide