Ultraeskuinaren eta ideia faxisten aurka, "Azpeitia askea, segurua eta askotarikoa" aldarrikatuko dute San Inazio egunez

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 17a, 20:47

Herriko hainbat eragilek gaur egindako agerraldia.

Herriko hainbat eragiletako ordezkariek agerraldia egin dute gaur, faxismoaren gorakadaren aurrean Azpeitia ez dela salbuespena adierazteko eta San Inazio egunerako deitu duten elkarretaratzearen berri emateko. Uztailaren 31ko 18:30erako jarri dute hitzordua plazan. Ideia faxistak defendatzen dituen Morante de la Puebla toreatzailea Azpeitian zenbaitek "esku zabalik" hartu dutela eta, kezka adierazi dute, halaber.

Herriko hainbat eragiletako ordezkariek agerraldia egin dute gaur arratsaldean, "Azpeitia askea, segurua eta askotarikoa, inor atzean utziko ez duena" iparrorratz dutela aldarrikatzeko eta San Inazio egunerako deitu duten elkarretaratzearen berri emateko.

Eragile horietako bakoitzak hainbat urte daramatza "irmotasunez eta kontzientziaz" herria eraldatzeko lanean, nabarmendu dute agerraldian, eta askotariko kausen alde urtean zehar hainbat egitasmo antolatu ohi dituztela azaldu dute. Dena den, "garai errazak ez" direla kontziente direla aitortu dute, eta nazioartean nagusitzen ari den joera politikoak zeharo kezkatzen dituela plazaratu: "Faxismoaren gorakada gero eta gertuago sumatzen dugu Europan, inguruko estatuetan zein Euskal Herrian. Hedabide handiek, gainera, etengabe hauspotzen dituzte ideia faxistak, eta botere mediatikoaz baliatzen dira kolektibo zaurgarrien eta gutxituen aurka etengabe egiteko, gupidarik gabe".

Horri lotuta, Azpeitia ere, "zoritxarrez", ez dela salbuespena azpimarratu dute, eta esan dute horren erakusle dela, adibidez, Morante de la Puebla toreatzailea, beste behin, San Inazio egunez herriko zezen plazan izatea; uztailaren 31n izango da herrian hura, jaietako lehen zezenketan. Eragileetako ordezkarien hitzetan, Morante de la Pueblak behin baino gehiagotan adierazi izan dio babesa Vox alderdiari, eta alderdi horrek azken hamarkadan "gogor erasotu" ditu agerraldia egin duten eragileetako herritarrek defendatzen dituzten ideiak eta balioak. "Hainbat alditan egin du talde horrek LGTBIQ+ mugimenduaren kontra, genero ideologia inposatzen dugula esanez; indarkeria matxista ukatzen du, eta aurrerapauso feministen aurrean, atzerapausoak nahi ditu; arrazismoa eta klasismoa hauspotzen dihardu etengabe; nazio zapalduen eta hizkuntza gutxituen kontrako erasoak amaigabeak dira; eta talde horren asmoen inguruko beste hamaika adibide jar ditzakegu", erantsi dute.

Ideia horiek defendatzen dituen toreatzailea Azpeitian zenbaitek "esku zabalik" hartu dutela eta, kezka agertu dute, eta herrira gonbidatu izana gaitzetsi ere bai. "Defendatzen dituen ideiak eta balioak zeintzuk diren jakinda, ez dugu ulertzen ehunka herritarrek gure herrian bere presentzia normalizatzea, hura ikustera joatea badelako berak ordezkatzen dituen jarrera faxistei eta ideologia erreakzionarioei babesa adierazteko modu bat, baita hura gonbidatzea eta herrian toreatu dezala baimentzea ere".

"Herritik herriarentzat egindako festetan nahiz beste inon" ez dutela Morante de la Puebla moduko inor onartuko adierazi dute, eta ultraeskuindarrek eta ideia faxistak defendatzen dituztenek "parean" izango dituztela esan. "Azpeititik ez dira pasatuko. Guk Azpeitia eta Euskal Herri aske, justu, euskaldun eta feministak nahi ditugu, herritar guztiontzako seguruak. Hori eraikitzeko ari gara lanean egunero, bakoitza bere esparruan, eta guztiok noranzko berean. Beraz, erakuts dezagun saninazioetan ere nolako etxeak, plazak eta kaleak nahi ditugun. Nolako herria den gurea", gaineratu dute.

Elkarretaratzea, San Inazio egunean

"Beste aldera ezin" dutela begiratu esan dute agerraldian parte hartu dutenek, "amesten" duten "herri aske, seguru eta askotariko horren aurrean mehatxua" direlako Vox eta haien moduan sinesten duten guztiak. Hori dela eta, "ultraeskuinari herrira sarrera ukatzeko" bat egin dute herriko hainbat eragilek, eta San Inazio eguneko 18:30erako jarri dute hitzordua, plazan.

Era berean, herritarrei egun horretan balkoiak askotariko banderez apaintzeko eskatu diete, hala nola "harrotasunaren bandera, presoen etxeratzea eskatzen duena, arrazakeriaren aurkakoa, pentsio duinen aldekoa, ikurrina, Palestinako bandera nahiz gure herri aske bat irudikatzen duen edozein lelo eta irudi dituena".

Gainera, elkarretaratzearen ostean, queer karropoteoa izango da plazatik abiatuta, Astindu Armayuek Azpeitiko LGTBIQ+ taldearen eskutik. Azpeitia aske eta seguruaren aldeko aldarria herriko kaleetan zabaltzen jarraitzeko prest dauden herritarrei ekitaldi horietan parte hartzeko deia egin diete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide