Hiru hamarkadaren ondoren, zesta punta partida profesionalak jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan. Abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenean, 19:00etan hasita, lehen mailako puntisten bi partida izango dira Azpeitiko frontoian: Elaia eta Eneritz Helenaren eta Fridaren kontra lehiatuko dira, eta Erkiagak eta Lekerikak Barandikaren eta Lopezen aurka jokatuko dute.
Saninazioetakoa jaialdi bakarra izan arren, zesta punta profesionala Azpeitira itzultzea "albiste handia" dela nabarmendu dute Azpeitiko Udalak eta Eraman zesta punta enpresak. Abuztuaren 1eko jaialdia Azpeitian "zesta-puntaren hazia ereiteko aukera aproposa" da antolatzaileen ustez. Haiek gogora ekarri dutenez, Azpeitian izan ziren puntista profesionalak eta 1990eko hamarkadaren hasieran ere zesta puntako jaialdi batzuk izan ziren Izarraitzen.
Frontoia paregabea
Alde biko aukera ikusi dute Izarraitzen zesta punta zaleek: "Zesta puntarentzat aukera ona da Azpeitia, eta Azpeitiarentzat ere bai zesta punta". San Inazio bigarrengo jaialdia aurkeztu aurretik, lehiatuko diren puntistek Izarraitz pilotalekuan entrenatu zuten atzo goizean, eta haien arabera, zesta puntan jokatzeko "frontoi ezin aproposagoa du Azpeitiak". Zesta puntarako neurriak dituen frontoia izateaz gain, kantxaren egoerak, frontoiaren kokalekuak eta harmailen edukierak "Izarraitz goi mailako pilotaleku" egiten dutela esan dute puntistek.
Halaber, Azpeitian esku pilotaz gainera, erremintako modalitateak ezagunak dira, hala nola pala eta erremontea. Horregatik guztiagatik, saninazioetako zesta punta jaialdiak arrakasta izango duela esan dute Eramanekoek. Jokalekua ona, eta jokalariak ere punta-puntakoak izango dira San Inazio bigarrengo jaialdian, eta Izarraitzen jokatzeko "ilusio handia" dute.
Emakumeen partidan Elaia Gogenolak (Berriatua, Bizkaia, 2007) eta Eneritz Lizardik (Mutriku, Gipuzkoa, 2004) Helena Barrenetxearen (Durango, Bizkaia, 2007) eta Frida Watkinsen (Zumaia, 2008) kontra jokatuko dute. Gizonetan, berriz, Aritz Erkiaga (Ispaster, Bizkaia, 1987) eta Unai Lekerikabeaskoa (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1994) Xabi Barandikaren (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990) eta Imanol Lopezen (Zumaia, 1984) aurka lehiatuko dira.
Jai Alai eta musika "formula arrakastatsuarekin" antolatu dute Azpeitiko saninazioetako zesta punta jaialdia ere. "Zesta punta jaialdia janzteko speaker edo animatzaile bat izango da Izarraitzen, eta tantutik tanturako denbora tarteetan musika izango da frontoian, harmailak girotuz eta kantxako jokoari inola ere eragin gabe", azaldu dute jaialdiaren formatua antolatzaileek.
Sarrerak salgai
Dagoeneko salgai jarri dituzte abuztuaren 1eko jaialdirako sarrerak, hamar eurotan. Horiek www.eramanjaialai.com webgunean eros daitezke Internet bidez. Jaialdiaren egunean, berriz, Izarraitz pilotalekuko leihatilan erosteko aukera ere izango da.
Zesta punta berriro goranzko bidea hartuta dabilela esan dute Azpeitiko jaialdiaren antolatzaileek, "Munduan zehar jai alai gisa ezagutzen da kirola, eta azken urteotako lan nagusia, Euskal Herrian bertan ezagutaraztea da". Winters Series eta Jai Alai League txapelketek kirola hedatzea ekarri dutela esan dute Eramanekoek: "Gaur egun, oraindik Bizkaian eta Lapurdin jokatzen dira zesta punta profesionaleko txapelketa nagusiak, baina Gipuzkoan ere nabarmen ari da aurrera egiten, eta une honetan Zumaia, Mutriku eta Donostia Jai Alai Leagueko egoitza ofizialak dira".