Festen atarian, Azpeitiko Udaleko Parekidetasun sailak festa eredu parekidearen eta gozagarriaren aldeko mezua zabaltzeko xedez eta iaz hasitako kanpainari jarraituz, spot bat kaleratu du Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie lelopean.
Iaz hasi zuen kanpaina borobiltzeko egin du erakundeak bideoa, helburu berberak jarraituta. Erakundeak azaldu duenez, herritar denena da jai parekideak lortzeko ardura, eta fokua gizonengan jarri du, festa gozagarriak eta parekideak lortzeko haien parte hartze aktiboa behar dela azpimarratuta. Indarkeria matxista erreproduzitzen duten jokabideak moztu ahal izateko, gizonek ere badutela ardura nabarmendu du udalak.
Hiru Damatxok egin du spota, eta Xanti Agirrezabala ere bidelagun izan da haren sorkuntzan. Aktore lanetan, berriz, Ander Azkue, Danel Teran, Xabier Matxain eta Gaizka Sarasua aritu dira.
Halaber, sentsibilizazio kanpaina egingo du erakundeak kartelen bidez, eta hainbat hausnarketa bultzatzeko helburuz. Adibidez, espazio publikoan eta festaguneetan deseroso zein eta zergatik sentitzen diren azaleratuko dute. "Ertzetara begiratu nahi izan da, baina baita erdira ere, ardurak hartzea denoi dagokigula gogorarazteko", esan du udalak.
Indarkeria matxistarik gabeko gunea
Bestalde, urteetan bezala, indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko du udalak jaietan. Plaza Txikian jarriko dute gunea, baina aurten egutegia eta ordutegia egokituta. Hain zuzen, sei egunetan eskainiko dute, presentzia irabazteko eta herritar gehiagorengana iristeko.
Horrenbestez, Santio egunean, uztailaren 26 gauean, Umeen Egunean nahiz uztailaren 29ko azokan ere jarriko dute postua. Saninazioetan, berriz, hiru egunez izango da gunea Plaza Txikian: uztailaren 30ean eta 31n zein abuztuaren 1ean.
Gune edo postu horren helburua herritar oro indarkeria matxistaz kontzientzia da. Horrez gain, baina, emakumeek zein LGTBIQ+ pertsonek jaietan indarkeria matxistari lotuta izan ohi dituzten bizipenak, iritziak eta bestelakoak jasotzea ere nahi dute, babes eta segurtasun gune bat sortuz. Gune horretan, halaber, indarkeriari aurre egiteko bitartekoak eskainiko dituzte.
Honako ordutegi hau izango du indarkeria matxistarik gabeko guneak:
- Uztailak 25, ostirala, Santio eguna: 12:00-15:00.
- Uztailak 26, zapatua: 22:00-02:00.
- Uztailaren 29a, asteartea: azokan jarriko dute postua.
- Uztailak 30, asteazkena: 18:00-01:00.
- Uztailak 31, osteguna: 18:00-02:00.
- Abuztuak 1, ostirala: 18:00-02:00.
Halaber, honako PDF honetan ikus daiteke indarkeria matxista edo eraso matxista kasuen aurrean jarraitu daitekeen protokoloa.