Entzumen urritasuna dutenei laguntzeko begizta magnetiko sistema, Azpeitian erabilgarri

Ihintza Elustondo 2025ko uzt. 24a, 09:10

Yolanda Kerexeta, Eneko Uribe eta Mikel Odriozola, begizta magnetikoaren sistemaren materialarekin. (Ihintza Elustondo)

Entzumen urritasuna duten pertsonei leku publikoetan eta kultur ekitaldietan hobeto entzuteko baliabideak emateko teknologia jarri du martxan Azpeitiko Udalak, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean eta Eunate elkartearen laguntzaz. Bukle magnetikoaren sistemak soinua zuzenean bidaltzen die audifonoei edo inplanteei seinale magnetikoen bidez, eta horrela, soinu garbia entzun ahal izango dute aparatuetan entzumen arazoak dituztenek. 

Azpeitiko Udalak herritarren inklusioa bultzatuko duen proiektu berritzaile bat aurkeztu du: bukle magnetikoaren sistema. Entzumen urritasuna duten pertsonei leku publikoetan eta kultur ekitaldietan hobeto entzuteko baliabideak ematea da teknologia horren bidez lortuko dutena. Dagoeneko erabilgarri dago sistema, eta horren gaineko xehetasunak eman dituzte Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak, Yolanda Kerexeta Marea Urdinako kideak eta Eneko Uribe Kulturaz kooperatibako soinu teknikariak, udaletxean egindako aurkezpenean.

Norentzako da baliagarria sistema hori? Entzuteko arazoak dituzten eta audifonoak edo koklear inplanteak erabiltzen dituztenentzat. Dena den, bukle magnetikoaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da aparatu horietan T (telecoil) programa aktibatuta izatea. Bukle magnetikoaren sistemak soinua zuzenean bidaltzen die audifonoei edo inplanteei seinale magnetikoen bidez, eta horrela, inguruko zarata murrizten edo ezabatzen da. Beraz, entzumen urritasuna duen pertsonak soinu garbia entzun ahal izango du teknologiaren bidez. 

Eunate Nafarroako pertsona gorren familien elkartearen laguntzari esker lortu dute Azpeitian begizta magnetikoaren sistema ezartzea. Elkarte horretako kideek egin dute aholkularitza lana, baita sistema ezarri ere. Hori horrela, Odriozolak eskerrak eman nahi izan dizkio elkarteari, baita elkarte horrengana bideratu zituen herritarrari ere. 

Hiru motatako sistema

Sistemak hiru forma ditu. Batetik, sistema finkoa ezarri dute Azpeitian, bi lekutan: Soreasu antzokian eta Sanagustin kulturgunean. Gune horietan, mikrofono batek inguruko soinua hartzen du, eta audio seinalea anplifikadorera iristen da. Kable baten bidez, eremu magnetiko bat sortzen da, eta eremu horren barruan sartzen denak audifonoan edo inplantean T (telecoil) aktibatzen badu, emititzen ari diren soinua zuzenean entzuten du, inguruko zarata ezabatuta.

Beheko irudian ikus daiteke sistema finkoak nola funtzionatzen duen:

Bukle magnetikoaren sistemak nola funtzionatzen duen azaltzeko irudia.

Momentuz, Soreasun eta Sanagustinen sortu dute eremu magnetiko hori, eta planoak jarri dituzte sistemaz baliatu nahi duten herritarrek zer gune den jakin dezaten. Soreasun, 30 bat aulkiko eremua gorde dute entzumen urritasuna dutenentzako, eta horiek zinema emanaldietan nahiz bestelako ekitaldietan baliatu ahal izango dute teknologiaz. 

Sistema mugikorra litzateke teknologiaren bigarren aldaera. Kanpoan egiten diren emanaldietan balia dezakete herritarrek; adibidez, aire zabaleko kontzertuetan. Izan ere, ekitaldi horietan, nekez jar daiteke sistema finkoa. Petaka batzuen bidez funtzionatzen du teknologiak: entzumen urritasuna duen pertsonak petaka janzten du, eta eraztun magnetikoa sortzen da haren bueltan. Eta eraztun magnetiko horren bidez, entzumen urritasuna duen pertsonak soinu mahaiak jasotzen duen soinua zuzenean entzuten du audifonoan. Saninazioetako kontzertuetan estreinatuko dituzte gailu mugikorrak, eta behar dutenek soinu mahaian egin dezakete eskaera, kontzertua hasi aurretik; han emango diete beharrezkoa duten materiala. Guztira, hemezortzi bat gailu ditu udalak. Teknologia mota hau, entzumen arazoak dituztenei laguntzeko ez ezik, hitzaldietan itzulpenak egiteko ere balia daiteke. 

Mahai gaineko begizta magnetikoa da hirugarren aldaera. Mostradoreetan gailu bat jartzen da, eta aparatu horrek eraztun magnetikoa sortzen du inguruan. Hala, mostradore horretara hurbiltzen den herritarrak, audifonoaren edo inplantearen bidez, hobeto entzun ahal izango du. Azpeitian, Herritarren Arreta Zerbitzuan, Udaltzaingoan eta Gizarte Zerbitzuetan jarri dute dagoeneko sistema hori.

Sistema hori erabilgarri non dagoen jakiteko, belarri baten irudia daramaten irudiak sortu ditu udalak, eta kartelak jarri dituzte bukle magnetikoa martxan dagoen lekuetan. Odriozolaren arabera, sistema berria "aurrerapauso bat da irisgarritasunean". Marea Urdinako Kerexetak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio udalari egindako ahaleginagatik, eta entzumen urritasuna dutenak animatu ditu teknologia berriaz baliatzera. "Haiek ekitaldien parte izateko aukera gehiago izango dituzte hemendik aurrera".

Agerraldian nabarmendu dutenez, sistema magnetikoa ez dago oraindik toki askotan instalatuta. "Gipuzkoan ez dago leku askotan, Nafarroan gehiago", nabarmendu dute. Gipuzkoan ez dago Eunate bezalako elkarterik, eta horregatik jo behar izan du udalak Nafarroara laguntza eske. Azaldu dutenez, horrek luzatu egin du pixka bat prozesua; izan ere, iazko saninazioetarako martxan jarri nahi zuten sistema teknologikoa.

Marea Urdinarekin elkarlana

Odriozolak aipatu duenez, azken urteetan hainbat proiektu jarri ditu udalak martxan Marea Urdina elkartearekin elkarlanean, aniztasun funtzionala duten pertsonen egunerokoa errazteko helburuarekin. "2019an, aitzindariak izan ginen Euskal Herrian barraketan musikarik gabeko tarteak jartzen, eta ordutik, hainbat pauso eman ditu udalak: kontzertuetan gune egokituak jarri ditugu, aniztasun txartela sortu dugu, eta piktogramak ezarri dira herriko hainbat eraikin publikotan". Bide horretan, entzumen urritasuna dutenei laguntzeko begizta magnetikoaren sistema ezarri izana beste urrats bat dela nabarmendu du. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide