Itsaso Agirre: "Herriko festetan baserritarrok ere parte hartzea beharrezkoa da"

Nerea Uranga 2025ko uzt. 24a, 10:28

Premietxeberri baserriko Itsaso Agirre, etxeko gaztekin. (Maialen Etxaniz)

Sagardo Egunarekin batera, Baserritarren Eguna ere ospatuko dute bihar. Egun horren barruan, Ardi Gazta Txapelketa egingo dute, 25. aldiz. Premietxeberri baserrikoek ez dute gazta txapelketa askotan parte hartzen, baina bai herrikoan; eta ganadu erakusketan ere bai.

Bihar, Sagardo Egunarekin batera, Baserritarren Eguna ere ospatuko dute Azpeitian. Egun horren barruan, Ardi Gazta Txapelketa egingo dute, 25. aldiz. Aurten 24 gaztagilek parte hartuko dute. Premietxeberri baserrikoek ez dute gazta txapelketa askotan parte hartzen, baina bai herrikoan. Horrez gain, limusin arrazako zazpi abelburu eramango dituzte ganadu erakusketara, eta gazta pintxoen postua ere jarriko dute. Lan faltarik ez dute izango, Premietxeberriko Itsaso Agirre artzainaren (Azpeitia, 1985) arabera.  

Zein da sasoi honetan artzainaren lana?

Oraintxe ardiak antzututa, ardiak aharitzen ari dira. Artzainok, berriz, inguruko sasiak garbitzen eta hozkailuan dauden gaztak zaintzen, garbitzen eta salmentekin ari gara. Guretzako garai hau atseden pixka bat hartzekoa izaten da, neguko jarduna baino lasaiagoa delako. Udazkenera arteko garai hau ferien garaia ere izaten da, eta batera eta bestera ibiltzen gara ganaduarekin.

Bihar, Azpeitian, arraza desberdinetako herriko ganaduaren erakusketa egingo da. Zenbat abelburu eramango dituzue zuek?

Bi urtetik behin izaten da herriko ganaduaren erakusketa, eta aurten, limusin arrazako zazpi buru eramango ditugu; aurreko urteetan, ia hamalau buru eraman izan ditugu. Aurtengoan, limusin arrazarekin Odriakoak ere animatu dira, eta erdibana eramango ditugu.

Ardi Gazta Txapelketan ere parte hartuko duzue.

Bai, txapelketa herrian delako. Gainontzean, ez dugu ardi gazta txapelketa askotan parte hartzen.

Zergatik hori?

Txapelketetan gaztaren ezaugarri batzuk-edo bilatzen dira, eta batzuk txapelketetarako-eta gazta mota hori egiten saiatzen dira. Guk, berriz, urtean urteko gaztak salduta izaten ditugu, eta niretzako saririk onena hori izaten da. Jendeari gustatzen zaio guk egindako gazta, urtean urtekoa saltzen ari gara, eta horrela jarraitzea da guretzat onena. Hala ere, ez nuke esango sari bat irabazita ez nintzatekenik poztuko. Hori ere hala da.

Gazta pintxoak ere salduko dituzue bihar plazan. Harrera ona izaten al dute?

Orain, Azpeitiko gaztagileok jartzen ditugu gazta pintxoak saltzeko postuak, eta jendeak gustura hartzen ditu. Baserritarren Eguna dela esaten da festa eguna, baina nik gogoan dudanetik Sagardoaren Eguna bilakatu dela esango nuke. Edateko sagardo aukera handia egoten denez, zerbait jatera ere animatzen da jendea. Bertatik bertara sagardoa edan eta pintxoa jateko aukera izatea estimatzen du jendeak.

Gustuko al duzu Santio egunaren bueltako festa?

Guri Santio egunak lan asko eragiten digu: ganadua kalera jaisteko prestatu, abelburuak kalera jaitsi, gazta postua eta pintxoak prestatu, galderak egiten dituztenei erantzun... Dena den, satisfazioa ere sentitzen dugu, festaren parte garelako eta jendeak gustura hartzen gaituelako. Herriko festetan gure alea jartzen dugu, eta hortik aurrera jaietan ibiltzeko baimena izango banu bezala da.

Beraz, baserritarrontzat egun garrantzitsua da biharkoa.

Azpeitian oraindik badago baserriaren eta kalearen artean halako konexio bat, baina hori ere galtzen ari da. Beraz, festetan baserritarrok ere baserritar gisa parte hartzea beharrezkoa da. Gaur egun, Baserritarren Egunak indar hori mantentzea pozgarria da, hor gaudela adierazten duelako. Gure aitak kontatzen du garai batean Baserritarren Eguna abuztuaren 2an egiten zela Azpeitian, baina ordurako jende askok herritik alde egiten zuela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide