Saninazioen aurreko festa asteburu potoloa

Nerea Uranga 2025ko uzt. 25a, 09:00

Sagardo Eguneko txapelketaren antolatzaileak, joan den ostegunean, udaletxean. (Nerea Uranga)

Gaur, Santio egunez, Sagardo Eguna eta Baserritarren Eguna ospatuko dituzte plazan. Igandean, Umeen Egunean, erraldoien bi konpartsa berri aterako dira: Errezilgoa eta Navaseko kataluniarrena.

Gaurtik igandera bitartean, jaiegun garrantzitsuak ospatuko dituzte Azpeitian; gaur, Santio egunez, Baserritarren Eguna eta Sagardo Eguna, eta igandean, berriz, Umeen Eguna. Festetan parte hartzen eta lan egiten duten eragile, talde, langile eta herritarrik gabe herriko festak ez dira posible, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen eta Mikel Odriozola Festetako batzordeburuaren ustez. Horregatik, festetan parte hartzen duten guztiak eskertu dituzte.

Festetarako askotariko ekitaldiak eta denentzako moduko jarduerak antolatu dituztela azpimarratu dute udal ordezkariek.

Gaur, Santio egunez, izango da festetako lehen egun handia, eta aurreko urteetakoaren ildotik ospatuko dute azpeitiarrek. Goizetik eguerdira bitartean, 40. Cesar Valverde esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte Ilunpeko pilotariek Izarraitz pilotalekuan. 

Plazan, ordurako 51. Sagardo Txapelketa martxan izango da. Iazko sagardogile berberak izango dira aurtengo txapelketan parte hartuko dutenak, denak Gipuzkoakoak: Aburuza, Alorrenenea, Altzueta, Añota, Urdaira, Astiazaran, Itxasburu, Barkaiztegi, Ekain, Igeldo, Egi-Luze, Etxeberria, Gaztañaga, Irigoien, Lizeaga, Oiarbide, Eula, Petritegi, Ola, Rezola, Oiharte, Izeta eta Zabala.

Iazko sagardogileak

23 sagardogile izango dira denera, plazako arkupe bakoitzeko bana. Guztira, 3.312 sagardo botila banatuko dituzte. Aurten ez da txapelketan sagardogilerik estreinatuko. Antolatzaileek gogorarazi dute azken bi edizioetan txapelketan berriak izan diren bi sagardogilek jantzi dituztela txapelak. "Iaz Zeraingo Oiharte sagardotegiak ekoiztutako sagardoa izan zen txapelduna. Orain bi urte, berriz, Aiako Izeta estreinatu zen Azpeitiko Sagardo Txapelketan, eta haren sagardoak irabazi zuen txapela".

Sagardo Txapelketako edariak dastatu nahi dituztenek bost eurotan sagardoa edateko kopa edota edalontzia eskuratzeko aukera izango dute, eta sagardoa bukatu bitartean edan ahal izango dute.

Sagardo Txapelketaz gainera, 25. Ardi Gazta Txapelketa ere jokatuko dute gaur, eta 24 gaztagilek eman dute izena lehian. 

Jatekoa ere aukeran izango da gaur Azpeitiko plazan. Gazta pintxoak dastatzeko nahiz txekor errearen eta hegaluzearen pintxoak erosteko modua egongo da. Azpeitiko Misio Taldeko kideak eta boluntarioak arduratuko dira pintxoak banatzeaz. Txekor errearen pintxoak salduta bildutako dirua Kongoko Errepublika Demokratikoan haurreskola bat eraikitzera nahiz Kilimanjaroko herrixka batean energia berriztagarrien proiektu batera bideratuko du Misio Taldeak.

Santio eguna osatzeko beste hainbat jarduera ere izango dira: Urolakoen Nafar Zuzterrak taldekoen kalejira eta ekitaldia, ganadu erakusketa, bertsolariak eta trikitilariak, Kantujirakoen saioa, errekortari txapelketa, Mute zirku ikuskizuna eta Jainekin txaranga.

Umeen Eguna

Igandean, berriz, Umeen Eguna ospatuko dute Azpeitian, eta goizetik erraldoien hemeretzi konpartsa ibiliko dira Alde Zaharreko kaleetan. Aurten berrikuntzak izango dira, Festa batzordeburuak aurreratu duenez: Kataluniatik etorritako Colla Gegantera de Navas taldeak eta Errezilgo erraldoiek irtengo dute aurrenekoz.

Erraldoien festaz gainera, Haujijijaik antolatuta, haurrentzako bazkaria eta jolasak izango dira egunean zehar, baita Lagun Onak TEk antolatutako Inazio Deuna txirrindularitza lasterketa, saninazioetako zezenketetako zezenen desenkajonamentua, eta Udal Musika Bandaren pasodobleen kontzertua ere.

Gaur irekiko dituzte barrakak Betharrametako atarian. Bidaia bakoitza 2,5 euro kostatuko da. Barraka eguna, berriz, uztailaren 29an izango da, eta egun horretan bidaia bakoitzak 1,5 euroko prezioa izango du.

Denentzako festak

Aurten ere, aniztasun funtzionala dutenentzako neurriak hartu dituzte barraken gunean eta musika saioetan. Egunero, musikarik gabeko orduak izango dira 17:00etatik 18:30era, eta ordutegi berezia ere jarri dute aniztasun funtzionalaren txartela dutenak tiobiboetan ibiltzeko: larunbatean, 16:00etatik 17:30era, eta uztailaren 31n, 11:00etatik 12:30era. Festetako kontzertuetan ere, iaz bezalaxe, kioskoa egokituko du udalak aniztasun funtzionala dutenentzat.

Egitaraua

Gaur, ostirala. Santio eguna

  • 10:00. 40. Cesar Valverde esku pilota txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 10:30. Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia.
    • Ordu berean, Nafarroako banderari omenaldia, Perez Arregi plazan, Urolakoen Nafar Zuzterrakek antolatuta. Ondoren, kalejira Erdikaletik plazara. Plazan ekitaldia egingo dute.
  • 11:00. Eskualdeko ganadu erakusketa, Astotegian.
  • 11:00. 25. Ardi Gazta Lehiaketa, Azoka Plazan.
  • 12:00. 51. Sagardo Txapelketa, plazan.Ordu berean, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Libe Goenaga bertsolariak ariko dira kantuan kioskoan. Era berean, Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitilariek girotuko dute plaza.
  • 13:00. Kantujirakoen saioa, Sanagustinpetik hasita.
  • 18:00. Errekortarien Txapelketa, zezen plazan.
  • 18:30. Mute zirku ikuskizuna, Done Jakue kalean.
  • 18:30. Jainekin txarangaren emanaldia, Landetatik abiatuta.

Bihar, larunbata, uztailak 26

  • 17:30. Artzain Txakur Lehiaketa, Olazko belardian. Artxatek antolatuta.
  • 18:30. Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, plazan. Ondoren, parrillada.
  • 22:00. Kilimak eta Heitxi taldeen kontzertuak, plazan.

Uztailak 27, igandea. Umeen Eguna

  • 11:00. Goiz eresia Itsasi eta Luis Beltza dantza eskolako ikasleekin. Horrez gain, korporazio txikia, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Banda Gazteak lagunduta.
  • 12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa.
  • 13:00. Erraldoien kalejira Alde Zaharrean. Arrasateko, Iruñeko, Zarauzko, Elgoibarko, Txantreako, Urduñako, Arrotxapeako, Iruñeko Alde Zaharreko, Añorgako, Pasaiako, Buztintxuriko (Iruñea), Barañaingo, Tafallako, Mendillorriko, Arrotxapeako Iturri Plazako, Zizur Nagusiko, Navasko Colla Geganterak, Lazkaoko, Azpeitiko, Errezilgo eta Urrestillako erraldoiek osatuko dute desfilea.
  • 14:30. Haurren eta gaztetxoen bazkaria, plazan. Haujijijaik antolatuta.
  • 15:30. Umeentzako jolasak eta kalejira Alde Zaharrean. Haujijijaik antolatuta.
  • 16:00. 45. Inazio Deuna txirrindularitza saria, Perez Arregi plazatik abiatuta.
  • 18:30. Desenkajonamentua, zezen plazan.
  • 22:00. Musika Bandaren pasodobleen kontzertua, plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide