Txapelketetan adinako lehia jan-edanerako postuetan, Santio egunez

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 25a, 15:55

Gaur jokatu diren lehiak oso estu joan dira. Ardi gazta txapelketa Munaingo (Araba) Zabaleta gaztandegiak irabazi du, eta sagardo txapelketa, Donostiako Lizeaga sagardotegiak. Horrez gain, pilota partidak, Nafarroako banderari omenaldia, ganadu erakusketa, jan-edanerako postuak, txapelketak... aukera zabala izan da aurten ere Azpeitiko Santio egunari ekiteko. Arratsaldean, bestalde, errekortariak, zirku ikuskizuna eta txaranga izango dira.  

Azpeitia jai giro betean murgildu da gaur, uztailak 25, Santio egunez. Herritar ugarik eta Azpeitira ingurutik iritsitako lagunek bete dituzte herriko kaleak beste urte batez. Eguraldia gorabeheratsu ibili bada ere, herriko plazak urteroko irudia utzi du gaur ere. Baserritarrek nahiz kaletarrek, guztiek bat egin dute santio eta saninazioetako jai egitarauaren hastapeneko egunean.

Urtero moduan, Cesar Valverde esku pilota txapelketarekin hasi da Santio eguneko jai egitaraua. Izarraitz pilotalekuak jende ugari hartu du aurten ere. Gainera, urteurren borobila bete du aurten txapelketak, 40. aldiz egin dute eta. Honako hauek izan dira gaur jokatu dituzten zazpi finaletako emaitzak: aurre-benjamin mailan, banaka, Xanti Labakak jantzi du txapela Enaitz Peñagarikanori 16-12 irabazita; maila berean, binaka, Ekaitz eta Jakes Iriartek 16-10 hartu dituzte mendean Riyad Jaooune eta Aiur Olaizola; benjaminetan, banaka, Mikel Gurrutxagak 16-7 irabazi dio Xabier Aizpururi; maila berean, binaka, Martin Egigurenek eta Iraitz Urangak jantzi dute txapela, Luka Aizarnak eta Dhilan Kabilanek osatutako bikoteari 16-14 irabazita; alebinetan, banaka, Maddi Gurrutxaga 16-6 gailendu da Urritz Aizpururen aurka; maila berean, binaka, Ekhi Zendoiak eta Xuban Arandiak 16-11 irabazi diete Jone Mendizabali eta Janitz Goenagari; eta azkenik, haurren mailako banakako finala Adei Lizarraldek irabazi du, Aiurdi Peñagarikanori 16-6 irabazita. 

11:00ak aurretik abiatu dira Perez Arregi plazatik, bestalde, Urolakoen Nafar Zuzterrak taldekoak Nafarroako banderari omenaldia egitera. Erdikalea txistularien atzetik gurutzatuta, zenbait dantza eskaini dituzte herriko plazan. Gainera, Nafarroako ereserkia eta jota bat abesteko tartea ere probestu dute ekitaldia. Aurten, gainera, Xabier Irujo historialaria gonbidatu dute plazara, eta hark Nafarroa "herri handi bat" dela eta aurrez aurre dagoela nabarmendu du.

Jan-edanaren bueltan

Jendea festarako gosez atera da kalera gaur, eta horretarako aitzakiarik ez da falta izan: herritarrek txahal zein hegaluze errearen pintxoak, gazta eta sagardoa izan dute aukeran bapo betetzeko. 23 sagardogile bildu dira plazako arkupeetan, eta haiek, guztira, 3.300 sagardo botila baino gehiago banatu dituzte. Herritarrek bost eurotan sagardoa edateko kopa edota edalontzia eskuratzeko aukera izan dute, eta edaria agortu bitartean, jendetza bildu da sagardogileen postuen aurrean.

Herriko zenbait gaztagilek ere postuak jarri dituzte, eta haiengana ere jende dezente hurbildu da mokadua egitera. Gaztaren, txekor errearen eta hegaluzearen pintxoak hartzeko egundoko ilarak sortu dira, plazaren punta batetik besterainokoak. Azpeitiko Misio Taldeko kideak eta boluntarioak arduratu dira pintxoak banatzeaz. Gainera, txekor errearen pintxoak salduta bildutako dirua Kongoko Errepublika Demokratikoan haurreskola bat eraikitzera nahiz Kilimanjaroko herrixka batean energia berriztagarrien proiektu batera bideratuko dute.

Dastatzeko bakarrik ez, ordea; lehiatzeko ere bildu dira gaur sagardogileak eta gaztagileak Azpeitian. 25. Ardi Gazta Txapelketan 24 gaztagilek parte hartu dute, eta Munaingo (Araba) Zabaleta gaztandegiak irabazi du txapela, 338 puntu batuta. Ilarduiako (Araba) La Leze gaztandegiarekin izan du lehia estuena aurtengo txapeldunak; izan ere, bi puntu gutxiago pilatu dituzte txapeldunordeek. Hirugarren, berriz, Egozkueko (Nafarroa) Loperena gaztandegia sailkatu da, 319 punturekin.

Gazta txapelketan bezala, 51. Azpeitiko Sagardo Txapelketan ere estu joan da lehia. Iaz, Zeraingo (Gipuzkoa) Oiharte sagardotegiak ekoiztutako sagardoa izan zen txapelduna, eta orain bi urte, Aiako Izeta. Aurten, Donostiara joan da garaipena, Lizeaga sagardotegikoek jantzi dute-eta txapela. Ordea, Adunako (Gipuzkoa) Aburuza sagardotegiak ez du urrun izan garaipena. Epaimahaiak puntuak ematea amaitu duenean, bai Lizeaga, bai Aburuza, biak 131 punturekin gelditu dira, eta hala, epaileek berdinketa hausteko azken ariketa egin behar izan dute. Lizeagak bildu zitezkeen puntu guztiak bildu ditu azken erronda horretan, eta azkenean, hari eman diote garaipena. Hirugarren, berriz, Astigarragako (Gipuzkoa) Alorrenea etxea gelditu da, 130 punturekin. Nagore Alkorta alkatea

Bertsolariak eta trikitilariak ere igo dira plazako kioskora, plazan bildutakoen belarriak argitzera. Astotegian eta Alde Zaharreko kaleetan ere izan da festa. Astotegian, eskualdeko ganadu erakusketa izan da, eta ohi bezala, arreta piztu dute animaliek helduen zein haurren artean. Kantujirakoak ere herria girotzeko zeuden; haiek kalerik kale ibili dira euskal abesti zaharrak abesten. Goizean goiz, musika bandakoak eta txistulariak ere kalejiran ibili dira, herriari jaietarako deia eginez.

Arratsaldean, gehiago

Arratsaldean ere izango da festarako aitzakiarik. Batetik, errekortarien ikuskizuna izango da zezen plazan (18:00). Festa handik kanpo egin nahiago dutenentzat, berriz, zirku ikuskizuna eta txaranga doinuak izango dira. Done Jakue kalean izango da Mute zirku ikuskizuna, eta Landetatik abiatuta, kalerik kale ibiliko da Jainekin txaranga, biak 18:30ean. Honakoa da Santio eguneko arratsalderako egitaraua:

  • 18:00. Errekortarien Txapelketa, zezen plazan.
  • 18:30. Mute zirku ikuskizuna, Done Jakue kalean.
  • 18:30. Jainekin txarangaren emanaldia, Landetatik abiatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide