Conchur O Giollagain: "Hizkuntzaren trinkotasuna apaltzen denean, hautazko bihurtzen da, gehigarri"

Arantxa Iraola (Berria) 2025ko abu. 3a, 11:12

Conchur O Giollagain. (Andoni Canellada / Foku)

Hizkuntza plangintzan aditua da O Giollagain (Dublin, 1966). Urrian Azpeitian arnasguneen gainean egingo duten nazioarteko konferentzian parte hartuko du eta Berria-n elkarrizketatu dute.

Dublinen sortua da Conchur O Giollagain, 1966an. Eskoziako gaelikoa eta Irlandako gaelikoa ditu hizkuntza gutxitu gertukoenak, baina erreferentziazko aditua da, oro har, hizkuntza plangintzan eta hizkuntza gutxituen kulturan eta soziologian. Euskal Herrian izan da berriki, hemengo hainbat eragileren eskutik, eta izan dituen elkarrizketetan erraz igarri du giroan oihartzun durduzagarri bat, UEMAren enkarguz Siadeco ikerketa taldeak egindakoNorantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerketaren emaitzek sortutakoa. Izan ere, ikerketa horren ondorioetako bat da egungo eboluzioa gerarazteko neurri eraginkorrik hartu ezean 2036an ia guztiz desagertuta egongo direla euskararen arnasguneak; alegia, euskararen nagusitasun eremu geografikoak. Desagertze horren kontra egite aldera, O Giollagainek argi dauka hizkuntza politiken bidea aldatu egin behar dela bai Euskal Herrian eta bai munduko beste bazter askotan. Uste du orain ezartzen diren politika askotan errealitatea «ukatu» egiten dela, eta azaleko neurriekin konpondu nahi direla zuztar aski sakonak dituzten arazoak. Udazkenean parte hartuko du Azpeitian (Gipuzkoa) arnasguneei buruz gogoetatzeko egingo den nazioarteko konferentzian.

Justu kezka zabaldu da egunotan, ikerketa batek berretsi egin duelako aurrez ere zabaldua zegoen kezka: ahultzen ari dira euskararen arnasguneak. Zer galera mota da hori? Zergatik dira garrantzitsuak arnasguneak hizkuntzentzat?

Eremu geografiko jakin batzuetan hiztunen dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta sendoagoa da hizkuntza. Europan gaur hizkuntza minorizatuek duten erronka da galtzen ari direla hiztunen trinkotasun handiko eremuak, eta hizkuntza gutxiagotuen existentzia bera kolokan jartzen du krisi horrek. Euskal Herrian gertatzen ari den hori beste hainbat tokitan ere ari da gertatzen. Modernitatearen eta postmodernitatearen esperientziek erronka oso serioak ekarri dituzte komunitate minorizatuen existentziarako, eta hizkuntza politikak ez dira egokiak erronka horiei aurre egiteko.

Zergatik dira desegokiak?

Debate filosofiko bat sortu da soziolinguistikan. Alde batetik, hiztun taldeen existentziaz eta jarraipenaz kezkatutakoak daude; beste aldetik, hizkuntzaren sustapen identitarioa eta sinbolikoa bultzatzen dutenak. Gehienetan, estatuek hizkuntza politikak sustatzen dituzten heinean bereziki, sentitzen dute errazagoa dela hizkuntza minorizatuen sustapen sinbolikoa egitea, komunitateetan dauden zailtasun politikoei eta sozialei erantzutea baino. Horren arrazoia da gobernuei eta erakunde publikoei oro har errazagoa zaiela diruz laguntzen dituzten erakundeak kontrolatzea. Beraz, funtsean, gaur egun hizkuntza minorizatuetara begira egiten diren politiketan, oro har, bazterrean uzten da desagertzen ari direla hiztunen komunitateak, eta indarra jartzen da hizkuntzaren sustapen sinbolikoan batez ere.

Zer politika klase egiten dira sustapen sinboliko horretan?

Praktikan, erakunde politikoek dirua jartzen dute hezkuntzan, hedabideetan, teknologia berrietan eta artearen munduan-eta hizkuntzaren alde esfortzuak egiteko. Diru ugari jartzen da tankera horretako egitasmoetan eta ekinbideetan. Irlandan, adibidez, lau belaunaldi badira hizkuntza plangintzako politikak martxan direla, milioiak eta milioiak gastatu dira haietan, baina oso zaila da hor aurkitzea orain dauden hiztun komunitateak indartzeko ekinbideak eta politikak. Neurriak falta dira, esaterako, landa eremuan populazioa mantentzeko, edota aukerak emateko han bizi den jendeari... Lau belaunaldiren ostean, ehun urteko hizkuntza plangintzaren ostean, zaila da komunitateek iraun dezaten hizkuntza politiketan propio pentsatutako politikak identifikatzea. Testuinguru horretan, hizkuntza minorizatuaren alde ari diren erakundeak euste politika bat egiten ari dira, eta pozik daude oraingo egiturarekin, dirua jasotzen dutelako, eta babes instituzionala. Horrela, hein batean, gobernua egiten ari den kamuflaje operazioan lagundu egiten dute, nahita edo nahi gabe, eta herritar arruntak ez du ikusten benetan zer gertatzen ari den. Eta, normalean, horrelako politika sinbolikoak egiten direnean, Europan hizkuntza maioritarioko alderdiek onartu edo toleratu egiten dituzte, badakitelako sinbolikoa dela dena, eta hori guztia ez doala inora.

 

(Jarraitu irakurtzen Berria-ren webgunean)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide