Ximun Fuchs: "Hatsa hartu nahi badugu, Azpeitikoa bezalako elkarguneak ezinbestekoak dira"

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 30a, 10:00

Ximun Fuchs, 'Nor naizen baneki' antzerkiaren zuzendaria. (Susa)

Ximun Fuchsek zuzendu duen Nor naizen baneki lanak altxatuko du Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen oihala, datozen asteetan beste hamabi antzezlani paso emateko. Ikasleentzako emanaldia egingo dute bihar, eta publiko orokorrarentzako antzeztuko dute zapatuan Soreasun. Puntako aktore taldea ariko da taularen gainean aztarrika: Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga.

Zein izan da Nor naizen baneki lanaren abiapuntua?

Nor naizen baneki Axutek eta Artedramak aurkeztu duten azken antzerki sorkuntza da, eta txinparta sortu zen Irulegiko eskua aurkitu zutenean edo, hobeto esanda, horrek euskal gizartean izan zuen eraginaz jabetzean. Bereziki indartsua izan zen euskal gizartean, mozkorraldi moduko bat eragin zuen. Hori duela hiru urte gertatu zen, 2022an azaleratu zuten eskua, eta hainbat gauza kontatu zituen: gure lurraldean euskaraz mintzo ziren, hori aspalditik genekien, eta euskaraz idazten zuten, hori ere susmatzen genuen. Beraz, gure historia kontatzea oso konplikatua da, horretarako tresna gutxi dugu. Bestalde, noski, gure arbasoek mezu bat bidali ziguten: gerrak eta suak izoztu zuten esku hori Irulegin, eta gerran izateaz kontziente, zoriona zen zabaldu zuten mezua. Gure historia oso krudela eta gogorra da, baina, hala ere, zorion bat behar dugu eraiki edo asmatu; Sorioneku.

Hortik, Harkaitz Cano eta biok antzezlana idazten hasi ginen; bi urte pasatu ditugu horretan. Osatu dugu talde bat, 25 pertsonakoa sorkuntzaren garaian, eta orain zazpi aktore dira, nahasten dituztenak antzerkia, kantua eta dantza, guk ohi dugun moldean.

Axut! kolektiboa eta Artedrama batu zarete beste behin. Zein da kolaborazio horren indargunea?

2018an hasi genuen gure arteko kolaborazioa. Biak kontziente ginen zerbait egin nahi bagenuen euskaraz, behar genuela euskararen lurralde guztia, Euskal Herri osoa, kontuan hartu. Mugaren bi aldeetan kokatuta gaude eta saiatzen gara gure indar guztiak metatzen gauzak sortzeko, ekoizteko eta zabaltzeko modu berriak asmatu ahal izateko.

Ia hiru urte eman dituzue antzezlan berria sortzen. Zer dimentsiotako lana eskatu dizue sorkuntza prozesuak?

Sukaldeko lana izan da. Bi urte eta erdiz, joan-etorri asko egin ditugu, horrelako ekipo bat muntatzeak, horrelako bira bat antolatzeak, sakoneko lana eskatzen du, dudarik gabe.

"Arkeologoen eta artisten erronka eta arazo amankomunak bi dira: denbora eta dirua"

Denbora horretan, Azpeitiko Dinamoa espazioarekin izan duzue harremana.

Bai, egonaldia egin genuen. Entsegu garai bat eman genuen bertan, astebetez egon ginen han lanean. Eskerrak eman behar ditugu, zeren talde handia gara eta horrek badu kostu bat, eta hala ere, lagundu digute, kostu hori arinduz nahiz denbora osoz lan egin ahal izateko espazio bat eskainiz. Kontuan izan behar da, gainera, gure lan denborak ez direla arruntak, normalean, egunean hamalau-hamabost orduz okupatzen dugu espazioa.

Espazioaz gain, horrelako egonaldi batek zer ematen dio sortzaileari?

Aukera. Eta denbora. Irulegiko eskura itzulita, arkeologoen eta artisten erronka eta arazo amankomunak bi dira: denbora eta dirua.

Antzoki baten indusketa arkeologiko bat kontatuko du antzerkiak. Geruzaz geruza, zer gai azaleratuko dituzue oholtzan?

Ez ditut denak xehatuko, baina esan daiteke joango garela erromatarren garairaino, ikusteko zer den gure historian modu sistematikoan errepikatzen dena. Bi familiaren istorioak kontatzen ditugu; bat bertakoa da eta bestea gure lurraldea kolonizatzera heldu da. Nahiko azkar, odola nahasiko da, eta gauzak ez dira horren zuri edo beltz gertatuko, gris asko azaleratuko dira, tartean lurra, hizkuntza, familia, jabekoa, zoriona... hainbat gai.

Barrura begirako lan bat da? Xedea ikuslea ere barrura begira jartzea da?

Hori eskaintzen dugu, baina hori antzerkiaren lana da. Lantzen ditugu komunitatea eta norbanakoa, ez da panfleto bat, ez da antzezlan esplikatibo bat, ez digu bizitza eta gure historia esplikatuko, baina duda eta galdera asko agertuko ditu, izenburuak ongi dioen bezala.

43. Euskal Antzerki Topaketetara dakarkizue lana. Horrelako topaketak arnasguneak dira sortzaileentzat?

Bai, uste dut arnasguneak direla sortzaileentzat eta herritarrentzat. Badakigu hemendik hamar-hamaika urtera ez dela gehiago arnasgunerik existituko ez bada zerbait erradikalki aldatzen, eta ematen du momentuan ez dela asmo sendorik horretan. Geldituko diren azken arnasguneak kulturguneak izango dira, horien artean, antzerkia. Hatsa hartu nahi badugu, biziraun nahi badugu, horrelako elkarguneak ezinbestekoak dira. Azpeitiko topaketek lortu dute bailaran, baina baita euskal antzerkigintza orokorrean ere, zerbait errotzea, sustatzea eta horri luzaroko bide bat ematea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide