Bihartik azaroaren 23ra bitartean, antzerkigintzaren arnasgune bilakatuko da Azpeitia. Axut! eta Artedrama konpainiek elkarlanean sortutako Nor naizen baneki lanaren emanaldi bikoitzarekin hasiko dira 43. Euskal Antzerki Topaketak: bihar ikasleek izango dute Ximun Fuchsek zuzendutako lanaz gozatzeko pribilegioa, solasaldi eta guzti, eta zapatuko emanaldia, berriz, publiko osoarentzat izango da.
Edonola ere, eskaintza zabalaz gozatzeko abagunea izango da datozen asteetan herrian, hamahiru antzezlanek osatuko baitute Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak antolatzen duten topaketen talde profesionalen zein amateurren eskaintza. Egiaz, hamahiru gehi hamabi dira Euskal Antzerki Topaketetan oholtzaratuko dituzten antzezlanak. Izan ere, Eskola Antzerkiaren asteak ez du hutsik egingo aurten ere: azaroaren 10etik 14ra, Soreasuko oholtzan zein eserlekuetan ikasleak izango dira nagusi goizero, eta dozena bat antzezlan emango dituzte egun horietan.
Soreasu antzokian taularatuko dituzte antzezlan gehienak –zortzi–, Dinamoan hiru emango dituzte –denak ostegunez–, eta Sanagustin kulturgunean eta plazan, bana.
Bestalde, antzerkia gaztetxoengana hurbiltzeko "bitartekari" lanak egingo dituzte txotxongiloek aurten ere. Batetik, Gure kanoa lana emango dute Soreasun Zurrunkakoek azaroaren 15ean. Bestetik, itzal txotxongiloen tailerrak eskainiko dituzte: azaroaren 3tik 6ra Betharramen, ikasleentzat; eta familiei zuzendutakoa Dinamoan, azaroaren 14an. Azken hori doakoa izango da, baina gonbidapenarekin.
Sarrerak salgai
43. Euskal Antzerki Topaketetako emanaldi guztietarako sarrerak gaurtik salgai daude antzerkitopaketak.eus webgunean, eta sarrera fisikoak ere eskuragarri jarriko dituzte Sanagustin kulturgunean.
Soreasuko emanaldietarako sarrerak 10 eta 5 eurotan jarri dituzte salgai; eta 8 eurotan, Dinamokoak eta Sanagustinekoak. Kultur Bonoarekin, sarrerak doan izango dira.
Egitaraua
Hona hemen, 43. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua:
Bihar, ostirala
- 10:30. Nor naizen baneki (Axut! - Artedrama). Soreasu antzokian, ikastetxeentzat. Bukaeran solasean ariko dira antzezleak ikasleekin.
Azaroak 1, larunbata
- 19:00. Nor naizen baneki (Axut! - Artedrama). Soreasu antzokian.
Azaroak 2, igandea
- 19:00. Renata (Kamikaz kolektiboa). Soreasu antzokian.
Azaroak 6, osteguna
- 19:00. Igogailu batean amaitu zen mundua (Amahiru konpainia). Dinamoa sormen gunean.
Azaroak 7, ostirala
- 21:30. Ai, gure juaneteak (Tartean Teatroa). Sanagustin kulturgunean.
Azaroak 8, larunbata
- 18:30. Eraitsi S.L. kale antzerkia (Goitibera). Plazan.
Azaroak 9, igandea
- 19:00. Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? (Tanttaka Teatroa). Soreasu antzokian.
Azaroak 10-14
- 11:00. Eskola antzerkia, egunero, Soreasu antzokian.
Azaroak 13, osteguna
- 19:00. Gizon gosetuak (Sustrai Teatroa). Dinamoa sormen gunean.
Azaroak 14, ostirala
- 17:30. Itzal titere laborategi-tailerra, familientzat, Zurrunka Teatroaren eskutik. Dinamoa sormen gunean.
- 19:00. Rikardo III eta ni (Dxusturi Teatroa + Horman Poster). Soreasu antzokian.
Azaroak 15, larunbata
- 17:00. Gure kanoa (Zurrunka Teatroa). Soreasu antzokian.
Azaroak 16, igandea
- 19:00. Itzulera (Dejabu konpainia). Soreasu antzokian.
Azaroak 20, osteguna
- 19:00. Adarbakarra (Infinitu Drama). Dinamoa sormen gunean.
- Egun berean, Kaka antzezlanaren gainean solasean ariko dira Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala Udal Euskaltegian, hango ikasleekin.
Azaroak 21, ostirala
- 19:00. Burugabeak (Eromen elkartea). Soreasu antzokian.
Azaroak 23, igandea
- 19:00. Sari banaketa, Soreasu antzokian.
- Ondoren, leku berean, Kaka (Erika eta Xanti).
*Azaroaren 3tik 6ra, itzal titereen tailerrak eskainiko ditu Zurrunka Teatroak eskolaumeentzat, Betharrameko aretoan.