Saninaziyuek

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2024ko uzt. 19a, 13:49

Dantzariak agintarien aurrean Loiolan, iaz. (Nerea Uranga)

Hegoa Larzabal eta Edurne Emparan Azpeitiko EAJren zinegotzi eta Festak, Gazteria eta Hezkuntza batzordeko kideek idatzitako gutuna da honako hau.

San Inazio festak ate joka ditugun honetan, egokia eta beharrezkoa egiten zaigu zenbait gairen inguruko hausnarketak zuekin partekatzea. Azpeitiarrok oso herritar biziak gara, festazaleak, parranda egitea gustatzen zaigu, alaitasunez bizi ditugu festak eta horietaz  gozatzea gustatzen zaigu, giro ederra sortuz lagunartean. Giro bikaina izan dezagun, zalantzarik gabe, udalak ere osagaiak eta baliabideak jarri behar ditu eta tentuz jokatu herritarren gustuak eta ilusioak barneratzeko, azken batean, azpeitiarrok festaren protagonista bihurtzeko. Nekez egin daiteke lan hori festa programan, adibidez, festei izena ematen dien San Inazio beraren irudi bat bera ere azaltzen ez bada. Bilduk ohitura du azken urteotan festa programa bere autobonborako erabiltzea, baina hainbesteraino iristea ere!

Txupinazoa zeinek bota erabakitzeko orduan, 28 proposamen egin zituzten herritarrek. Festa batzordeko bileraren ondoren galbahea pasatu, eta lau proposamen herritarren bozketa fasera pasatu ziren, ea nork lortu babes handiagoa. Prozesuaren gardentasuna bermatze aldera, oinarriak garbi trasmititu behar dira, eta sortu ditu zalantzak prozesu horrek.

Eta zer esan gure agintariak herrira gonbidatu eta "etorriko ez balira nahiago" jarrerarekin. Nola uler daiteke lehendakaria eta ahaldun nagusia herrira gonbidatzea San Inazio bigarrenez, eta udaletxean harrerarik ez egitea. Edo txistulariak eta banda kentzea, mazeroak desagertaraztea. Gonbidatuak horrela tratatzen al dira Azpeitian, ezkutatuz? Herrira etortzea nahi dugu edo ez? Egin ditzagun gauzak ausardiaz eta itxuraz. Inork uste du Iruñeko alkatea, Bildukoa ere, elizara prozesioan joateak, frak-txistera eta guzti, "eskubiko" egiten duela, edo "faxista" zezenketetan presidente delako? Iruindarrek eta sanferminek dituzten zenbait ohiturei dien errespetuan oinarritu du Asiron jaunak bere parte hartzea, Azpeitiko Bilduk eta Azpeitiko alkateak erakusten ez duten errespetuan. Ahulegiak dituzte nonbait ideologiaren eta printzipio politikoen sustraiak hemen, lehendakariarekin paseotxo bat egiteak edo meza nagusiko apaizaren sermoia entzuteak aldatuko ote dituzten beldur dira nonbait! Baina Loiolan sermoia entzueko arazorik ez daukate, dirudienez.

Ongi pasatu saninazioak, gozatu eta bizi, errespetuz eta inolako erasorik gabe!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide