Herrian izandako azken bi indarkeria matxista kasuen harira... Aski da! Erasorik ez!

Abenduaren 27an gizon bat atxilotu zuten Azpeitian bikotekideari tratu txarrak ematea eta droga trafikoa leporatuta. Lau egun geroago, abenduaren 31n, herriko beste gizon bat atxilotu zuten, genero indarkeria egotzita. Zoriontasuna eta armonia performatzera derrigortuta gauden garaiotan, Gabonetan, errealitateak beste kolpe bat eman digu. Izan ere, sistema heteropatriarkalak eta indarkeria matxistak ez dute etenik, eta egunero jasaten ditugu horien ondorioak.

Azpeitiko Feministan Sariek irmoki gaitzesten du gertatutakoa, eta babes osoa helarazi nahi diegu erasoak jasan dituzten emakumeei. Minduta, nazkatuta eta amorratuta gaude. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak nahi ditugu, eta ez dugu inolako erasorik onartuko.

Gogoratu nahi dugu, gainera, eraso gehienak hurbilekoek eta ezagunek egindakoak izaten direla, Azpeitiko azken kasu hauetan azaleratu bezala.

Era berean, azpimarratu nahi dugu kasuok ez direla gertaera isolatuak. Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, eta egunerokoan zanpatzen gaitu. Indarkeria matxistak, gainera, ertz asko ditu, eta askotarikoak dira adierazpideak: sexu erasoak, komentario eta jarrera misoginoak, zaintzen banaketa desorekatua, lan banaketa sexuala, soldata arrakala eta abar.

Horiek horrela, emakumeonganako* indarkeria salatzeko eta horri aurre egiteko antolatzen jarraituko dugu: saretzen eta feminismotik eragiten. Baita indarkeria eragiten eta hura eusten duten gizon, instituzio eta, orokorrean, sistema heteropatriarkal kapitalista eta koloniala salatzen eta interpelatzen ere.

Guztioi dagokigu indarkeria matxistari aurre egitea, eta gizarteari ardurak hartzea exijitzen diogu. Bereziki, gizonei. Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete.
Indarkeria matxistaren aurka, autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu. Indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde borrokan segituko dugu.

Gora borroka feminista!

Gora autodefentsa feminista!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide