Azpeitiko EH Bilduk euskararen ondoren udalerrian gehien erabiltzen diren lau hizkuntzetara itzuli du herri programa: gaztelaniara, urdura, arabierara eta errumanierara. Erroldako datuak kontuan hartuta eta jatorri desberdinetako herritarrekin lan egiten duten eragileekin kontrastatuta aukeratu dira hizkuntza horiek. Itzulpenak irakurtzeko etxez etxe banatu diren euskarazko programetan QR kodea dago. Horrez gain, EH Bilduren lokalean ere eskuragarri egongo dira gaurtik aurrera, paperean. Esteka honetan kontsulta daitezke programak euskaraz zein beste lau hizkuntzetan.
Euskara, gure jardunaren oinarri
EH Bilduk garbi du euskara dela herri honen hizkuntza, nortasuna ematen diguna eta batzen gaituena. Hizkuntza gutxitua da gurea, galtzeko arriskuan dagoena. Azpeitian eta EAEn ofiziala den arren, badakigu gaztelaniarekin desabantaila egoeran dagoela, eta geure herrian ere ez ditugula bermatuta zerbitzu guztiak euskaraz. Gainera, euskararen ezagutza hedatzen ari den arren, erabilerarekin erronka handia dugu. Azpeitian bertan ere, esaterako, EUSTATen azken datuen arabera (2021), %83koa da euskararen ezagutza, baina etxeko erabilera %62koa da.
Horren aurrean, EH Bilduk garbi du euskara sustatzea eta lehenestea dagokiola. Horregatik, gure jarduna erabat euskarazkoa da. Izan ere, nonbait erakuts badezakegu euskaraz bizi gaitezkeela, gure herrian da. Udalerri euskalduna da Azpeitia, eta bide urratzaile ez ezik, erreferente izan daiteke beste udalerri eta mugimendu batzuentzat.
Kulturartekotasuna, aberastasun
Badakigu gure herrian hainbat kultura eta hizkuntzaren jabe diren herritarrak ditugula. Horiek guztiak ere gure herri proiektuko kide dira; eta sinesten dugu euskara izan daitekeela batuko gaituen hizkuntza. Horregatik, ahalik eta herritar gehienengana hurbildu nahi izan dugu, beren hizkuntzak kontuan izanda eta datozen urteetarako erronkak ahalik eta hizkuntza gehienetan aurkeztuta.