Arlo desberdinei lotutako hainbat prentsaurrekotara joatea egokitu zait Uztarriako kazetaria naizelako. Tokatu zait aurkezpenetara joatea, gustuko ditudan eta gustatzen ez zaizkidan kontuen ingurukoetara joatea, eta ditxosozko krisiak bultzatuta egoera lazgarrian dauden enpresen atarietara joatea ere bai.
Gaur, adibidez, Grumal enpresaren aurrean izan gara hainbat komunikabidetako kazetari eta kameralariak, enpresaren egoeraren eta datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioen berri jakin eta, ondoren, jakinarazteko asmoz. Halako prentsaurrekoak, tamalez, ohiko bilakatzen ari diren honetan berezitasun bat izan du gaurkoak.
Hainbat komunikabidetako kideak gerturatu dira kamerekin Enpresa Batzordeko kideak zeuden mahaiaren aurrera. Kazetari batzuk ere bai grabagailua jartzera, eta galdetu dute agerraldia zein hizkuntzatan egin zezaten nahi genuen, nire harridurarako. Arrotza egin zait galdera. Izan ere, Azpeitian eta inguruetan egiten diren agerraldi eta bestelakoak euskaraz egin izan dira eta egiten dira, normalean.
Kontua da, Enpresa Batzordekoen galderaz jabetu eta erantzun dien berri agentziako kazetari bakarrak (beste inork ez dugu erantzun) gazteleraz egiteko esan diela; eta bai, gazteleraz egin dute agerraldi guztia. Hasi dira langileen ordezkariak hitz egiten, eta arraro sentitu naiz. Arrotza egin zait egoera.
Hedabide batzuk gaztelerazko adierazpenak nahi eta behar izaten dituzte euren euskarrien bidez zabaltzeko, baina bi hizkuntzetan egitea gutxienekoa iruditzen zait. Gutxienekoa, erdarazko adierazpenak behar zituen kazetari haren gisan, nik euskarazkoak behar eta nahi nituelako. Eta, egia esan, ez zait otu ere egin gazteleraz egin ostean euskaraz ez zutenik egingo. Oharkabean bukatu da prentsaurrekoa eta, kito.
Ba gaur, eta ez herenegun (Euskararen Eguna), eskerrak, tokatu zaigu Grumal enpresaren egoeraren nondik norakoak eta bertako hainbat azpeitiar langileren egoera zer nolakoa den gazteleraz entzutea. Nire kasuan behintzat, euskarak jada ez ditu 365 egun.