Donostia 2016 kultura hiriburuaren proiektuak hautsak harrotu ditu, beste behin. Zuzendari nagusia izendatu eta bazirudien urak bere onera itzuliko zirela, baretuko zirela. Baina, ez. Ez, eta arrazoiarekin ez, sutan jarri naiz-eta ni behintzat.
Herenegun aurkeztu zuten Pablo Berastegi, proiektuaren zuzendari berria, eta izendapenak baino oihartzun handiagoa izan du hark euskaraz ez jakiteak. Eta, normala iruditzen zait. Normala da. Normala ez dena eta sarri gertatu ohi dena da, halako karguen hautagaitzarako irizpideetan euskara eskatu ez izana.
Bi egun pasa dira aurkezpenetik, eta sutan egotetik epeltzera pasatu naiz, eta epeltasunetik idatzitakoak dira lerro hauek, esango nituen guztiak ez esatea erabaki dudalako. Baina, tira, epeltasunean hitz egitera ohituta gaude, ezta?
Ez dut zalantzarik Berastegik proiektuko zuzendari izateko beharrezkoak ziren baldintza guztiak (ahaztutakoak edo eskatu gabeak, ahaztuta edo eskatu gabe daude) betetzen dituela diotenean, baina ez da posible Euskal Herrian, Gipuzkoan, Donostian, kultur proiektu baten zuzendariak euskaraz ez jakitea. Beno, posible bada, baina ekidin zitekeen. Ulertezina zait, Donostia 2016k euskal kultura eta euskara mundura zabaltzeko aukera ematen duelako, eta zuzendariak bietako bat behintzat zabalduko ez duelako.
Euskara ikasteko konpromisoa hartu ei du Berastegik, eta erronka badu 2016. urtea iritsi artean. Posible da. Dena den, ez dut uste orain, urtebetean, presaka, Berastegik euskara ikasteak ezer konponduko duenik. Are gehiago, ez dut uste datozen hilabeteetan ikasi beharrik duenik, hautaketa prozesuan aritu direnen irudia zuritzeko balioko du eta, batez ere. Ikasi behar badu, ikasi dezala patxaraz eta gogoz, hurrengoan eskatu gabe ere jakin dezan euskaraz. Erabili dezan. Eskatu gabeak eskatu gabe egongo dira-eta bihar ere.
Laburbilduz, eta hoztera iritsi aurretik, Iñigo Astizek atzo 'Berria'-n egindako analisian esan zuen moduan, "euskararik gabe nekez har dakioke tenperatura euskarazko kulturgintzari".