Hainbat gaztek mutil bat jipoitu zuten Basaurin homosexuala izateagatik. Gaya izateagatik, mutil gazte bat hil dute Galizian. Lau donostiarrek bideo bat grabatu dute marikoiak jipoitu edo hil egin behar direla esanez. Bilbon bi mutil iraindu dituzte musu emateagatik. Gizon batek bere bi alabak hil ditu Tenerifen. Nagore Laffageren hilketatik hamahiru urte bete ziren egunean, gizon batek andre bat hil zuen labankadaz Murchanten, emakumearen bi seme-alaben aurrean.
Urtea hasi zenetik halako ehunka titular irakurri ditugu han eta hemen; bai, han eta hemen diot, hemen, Euskal Herrian ere gertatzen direlako halako basakeriak. Izebergaren punta dira kasu horiek guztiak, baina gorrotoaren biktimak horiek eta beste mila dira; izan ere, han eta hemen, egunero-egunero gertatzen dira eraso homofoboak, matxistak, arrazistak... Gorrotoa gure artean dago; hor daude begiradak, irainak, mehatxuak, eta horiek ere mina eragiten dute, askotan bizitzen jarraitzeko kemena ahitzen duen mina.
Kasu horiek guztiak ez dira kasualitatea; kausalitatea dira. Adierazpen askatasunaren izenean ahoa astakeriaz betetzen duten horiek behar baino leku gehiago dute masa komunikabideetan. Inolako erreparorik gabe aritzen dira beraiek bezala pentsatzen ez dutenen, beraiek bezalako azal kolorea ez dutenen, beraiek bezain patriotak ez direnen edo beraiek bezalako sexu orientazioa ez dutenen aurka.
Kezkatzekoa da mezu horiek hartzen ari diren indarra, kezkatzekoa da mezu onartezin horiek zabaltzeko duten inpunitatea, eta kezkatzekoa lau haizetara zabaltzen dituzten aldarri faxista nazkagarri horiek gizartean txertatzeko duten gaitasuna. Izan ere, gorroto mezuak ematen dituzten horiek zarata ateratzeko ahalmen izugarria dute, baina zarata horri lekua ematen dieten hedabideena ere bada erantzukizuna; eta ez nolanahikoa.
Oraintsu, El Jueves umore aldizkaria argitaratzen duen RBA taldeko presidente Ricardo Rodrigo mehatxatu zuen Vox-ek Twitterren. Hala zioen ultraeskuineko alderdiaren txioak: "Bere aldizkariak milioika espainiarren aurkako gorrotoa zabaltzen du egunero. Bartzelonako Diagonalean duen bulegotik irteten ikusten dutenean, horietako asko erantzukizun eske hastea posible da". 26 milioi jarraitzaile dituen Naim Darrechi tiktokerrak, berriz, bortxaketaren apologia egin du, harreman sexualak dituenean kondoirik ez duela erabiltzen eta neskei antzua dela esaten diela adieraziz. Hitzak dira, mina eragiten duten hitzak, gorrotoa sortzen duten hitzak; onartezinak.
Masa nahi dute, masa akritikoa, onartezinak diren gauzak onartuko dituena, gorrotoan oinarritutako gizartea. Arrazagatik, azaleko koloreagatik, sexuagatik, jatorriagatik edo sexu orientazioagatik elkarren aurrean egongo diren herritarrak nahi dituzte, eta dagoeneko agerikoak dira ondorioak. Berandu da jada, kasu askotan mina eraginda dagoelako, baina denona da ardura. Ezin ditugu ekintza eta mezu horiek normalizatu, gorrotoaren mehatxua lepoa estutzen ari baldin bazaigu ere. Zer jendarte nazkagarri ari gara eraikitzen?