Zer ote da?

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2023ko ots. 5a, 08:43

(Argazkia: Pixabay)

Julene Frantzesenak 2023ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azken boladan bitan egokitu zait erretiroa hartu berri duten herritarrei elkarrizketa egitea. Biei ala biei galdetu nien zer moduz zihoakien bizitza lanari utzi ezkero, bueltan begiekin dir-dir eginez "inoiz baino hobeto" bizi direla esango zuten esperoan. Izan ere, erretiroa zerbait ikaragarria bailitzan, inbidiatik egindakoa zen galdera, nolanahi ere. Eta erantzuna, begietan distira zutela emana; espero gabea baina guztiz logikoa.

Ez dakit kasualitatea al den, baina aipatu ditudan bi elkarrizketatuak irakasleak izanak dira hainbat hamarkadaz, eta biek aitortu dute erretiroa hartuta, nolabaiteko tristura sentitzen dutela. Zer, eta lanean ari ziren urte horietan guztietan amesten zuten unea iritsi, eta ezin kabitu moduko zerbait sentitzen dutela. Eta arrazoiak mila: lankideak, ikasleak, errutina, ariketa mentala, zarata... faltan sumatzea.

Hutsune horiek sentitzearen arrazoia izan daiteke, agian, bizitzaren azken etapara iritsi izana. Jaiotzetik ezin esan, baina gizakiak kontzientzia hartzen duen unetik nahi izaten du handitzea, urteak betetzea, bizitzaren hurrengo etapara jauzi egitea. Umetan nerabe izan nahi, nerabetan gazte, ikasle garaian soldatapeko langile, eta soldatapeko langile garaian jubilatu. Eta gero zer? Zer ote da gero datorrena? Amildegi ertzeko dantza, bizitzaren eta heriotzaren arteko azken martxa.

"Zortekoa, mundu petral eta krudel honetan horraino iristeko aukera izan duena", esango du adinera iritsita erretiroa hartzeko abagunerik izan duen batek baino gehiagok, eta aldiz, "guk ez dugu halakorik izango, eta aprobetxatu", oraindik erretiro garaia urrun samar ikusten duten beste hainbatek. Izan ere, erretiroa hartzea munduan dagoen gauzarik ederrena bailitzan irudikatzen dugu, pertsona batek bizitzan desio dezakeen gauzarik onena bailitzan.

Hitz egiten duzu, baina, erretiroa hartu duen pertsona batekin, bestearekin, eta jabetzen zara zure irudimenean idealizatuta daukazun bizitzako etapa hori aurreko guztien parekoa iruditzen zaiela; hau da, hurrengo faseari begira bizi direla, baina agian, beldurra ere sortzen duela horrek, hezur-haragizko inor ez delako betirako etorri mundura. Bizitzaren azken fasera iritsi eta bizitzen ikasi behar. Zerotik hasi behar, berriz zerora salto egiteko.

Ez dakit zer izango den erretiroa hartzea. Ez dakit erretiroa hartzean zer sentituko nukeen, ezin baitut idealizatuta eta inbidiaz bizi dudan hori estalkia kenduta irudikatu. Ez baitakit erretiroa hartzera iritsiko al garen, hobeto esanda, hartzerik izango al dugun. Eta hartuta ere, nola iritsiko garen bizitzaren azken dantzara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide