Kezka. Beldurra ere bai. Etorri daitekeena irudikatzeko zailtasuna. Negargura. Etsipen puntu bat ere bai. Amorrua. Egoera iraultzeko zer egin ez jakitearen ziurgabetasuna. Akabo. Kaput. Gureak egin du. Ezkortasunak jan ninduen aurreko ostegun eguerdian, Siadecok UEMAren eskariz egin duen Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren emaitzen berri jakitean. ‘Atzera bueltarik ba al du? Garaiz izango ote da egoera iraultzeko?, segidan etorri zitzaizkidan galderak. Eta bai egin daiteke, egin behar da.
Lan horren arabera, euskaldunok, hobeto esanda euskal hiztunok –ez baita gauza bera eta–, hamar urteren buruan ez gara orain bezala biziko. Ez adinean aurrera egingo dugulako –hori ere bai, euskal hiztunak zaharragoak izango dira eta–, euskararen ezagutza maila apalagoa izango delako, etxean euskara gutxiago erabiliko delako eta egunerokoan inguruan nagusiki erdara duten euskal hiztunak gero eta gehiago izango direlako baizik. Horiek gutxi ez, eta: arnasguneak desagertu egingo dira; euskal hiztunok ez dugu izango, beraz, oasirik edo gure ekosistemarik. Horrek esan nahi duena da Beizama eta Errezil ez direla arnasgune izango, ezta dagoeneko erasanda dauden Aia, Aizarnazabal, Azpeitia, Zestoa, Getaria eta Azkoitia ere. Eta munduan ez dago arnasgunerik gabe egoera normalizatu batera iritsi den hizkuntzarik.
Joera demografikoek berebiziko garrantzia izango dute euskararen hamarkada bateko bilakaeran; gero eta gehiago izango dira euskara lehen hizkuntza bakar ez duten herritarrak, erdaraz euskaraz baino erosoago aritzen direnak, euskara menderatzen ez dutenak. Horren arrazoi nagusietako bat izango da atzerrian jaiotako biztanle kopuruaren gorakada, horrek eragin egiten baitu leku bateko egoera soziolinguistikoan.
Ikerketaren ondorioek, baina, merezi dute behar adinako denbora eskaintzea, behar adinako arreta eskaintzea, behar adinako irakurketa egitea; eta ondorio horiek etor ez daitezen neurriak hartzea, lan egitea. Izan ere, migrazio mugimenduak ez dira erantzule, baizik eta errealitate horren aurrean hartzen diren erabakiak eta neurri politikoak. Ezin dira modu arinean hartu ikerlanaren emaitzak, ez baitago gurera datozenen teilatuan soilik harria.
Gai horri lotuta, aspalditxoan arinkeria ugari irakur daiteke sare sozialetan, gorroto mezuz eta bulo-z betetako testuak han eta hemen, eta hori ez da gertatzen soilik Murtzian. Euskal Herrian kinka larrian da euskara, baita gizartearen osasuna ere; akordatzen sanjoanetan Hernanin gertatu zenaz? Euskal Torre Pachecorik ez dugu behar. Beldurra eman du han ikusitakoak, migratzaileen bueltan gertatzen ari den guztiak, UEMAk kaleratu duen ikerketaren emaitzek ematen dutena baino beldur handiagoa. Datozen horiek euskarara ekartzea da gakoa.
Datozen horiek euskara beren egitea lortzea, eta horren aurrean hizkuntza politikan egin behar da jauzia; garaiz da, badago esku-hartzeetarako tartea, iraul daiteke aurreikuspena, bidera daiteke joera. UEMAko kideen arabera, hizkuntza politika "zehatzagoak eta eraginkorragoak" jarri behar dira martxan. Hortxe gakoa, itzulingururik gabe. Garbi dago: arnasguneetan –eta bestelako eremuetan ere bai, noski– euskararen babes lege propioak garatu beharko dira, horiei eutsi nahi baldin bazaie. Eta argi dago: gaur egunera arte egin diren hizkuntza politikekin ez dago egoerari buelta ematerik.
Azpeitiko oasian bizi garenok, euskarak gure herrian bizi duen egoera beti horrelakoxea izango dela uste (izan) dugunok, euskaraz gaindi egunerokoan beste hizkuntzarik erabiltzen ez dugunok: espabilatuko al gara? Ardura duten horiek espabilatuko al dira? Ausardiaz jokatzeko unea da.