Kapitalismoak aterako omen gaitu berak sortu dituen krisi energetiko eta ingurumen hondamendiaren espiraletik. Hala diote, bederen, telebistan, sarean edo instituzio politiko guztiek. Negozio hauetatik, ordea, Capital Energy, Black Stone edo Statkraft aterako dira irabazten. Trukean, langileontzat, ekosistemen suntsiketa, ingurumen ondare eta aisialdi gune naturalen txikizioa, zaborrez osatutako kontinenteak eta kutsadura itogarria.
Begi-bistakoa da produkzio eredu honek den-dena merkantilizatu behar duela; ez da etikarentzat tokirik, ezta diru gehiago xurgatu daitekeen mendirik ere.
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistan garbi dugu kapitalismo berdearen iruzurrari maskara kendu eta dauzkagun ondare natural urriak defendatu behar ditugula. Horregatik, Oletan ere Ez! eta Sañu Bizirik taldeek martxoaren 18rako deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia zabaltzen dugu. Sañoa txikitu ez dezaten, Oletak bizirik iraun dezan; eta azken aldian kontaezin bihurtu diren borroka horiek guztiak mundu berri bat eraikitzen hasteko mugarri izan ditzagun.