Ikasturteko lehenengo udalbatzerretik hasi da EAJ Esklaben inguruan hitz egiten. Herrian bestelako hainbat problematika dauden momentuan, mahaigaineratu duten lehenengo auzia honakoa izateak erakusten du arazo horiekiko beraien konpromiso falta. Izan ere, nahiago dute arazo horiei aurre egiten saiatu baino, beraien interes politikoak hauspotu. Esklaben gaiak horretarako aukera ematen dio Azpeitiko EAJri; urtean behin Esklaben aurkako oharrik aterako ez balute, ez ginateke gogoratu ere egingo beraietaz.
Oraingoan, Esklabetan klase partikularrak eskaintzearen aitzakia erabili dute gaia mahai gainera ateratzeko, bertako erabiltzaileen segurtasun falta argudiatuz. Segurtasuna axola balitzaie bezala hitz egiten digute, baina ez dugu ahazten Zaldibarko zabortegian gertatu zena, EAJk aurrera eramaten dituen makroproiektuetan hildako langileak edo Osakidetzako egoera tamalgarria. Era berean, segurtasun falta beraiek aurrera eramaten dituzten politiken ondorioz familiek jasaten duten ezegonkortasun ekonomiko eta soziala da.
Herriarekiko "kezka eta zalantza" adierazi dute beren idatzian, baina kezka ez da herrian dagoen hezkuntzarako sarbidearen ingurukoa; EAJrentzat kezka guk espazio hori erabiltzea da. Modu horretan proiektu honen atzean dagoen herriko boluntarioen lanaren eta klaseen erabiltzaileen beharren aurka egiten dute.
Auzi honen oinarrian dagoena politika egiteko bi moduren arteko talka da. Alde batetik, beraien politiken ondorioz miseria erreproduzitzen dutenak daude, pobreziara eta ezegonkortasunera kondenatutako bigarren mailako subjektuak sortzen dituzte. Bestetik, subjektu horiek antolakuntza politikora batzeko apustua egiten dugunok gaude, gizartea eraldatzera bidean. Hori gutxi balitz, miseria erreproduzitzeaz gain, horren aurka egiten dutenen kontrako jarrera erakusten dute, kasu honetan ikusi den bezala.
Horrez gain, udal batzarrean irtendako eztabaidek zioten interes partikularrak ordezkatzen ditugula, eta Esklabetako ezker hegalak "herriaren onerako" proiektuentzat izan beharko lukeela. Kontrara, Esklabetan duela ia 6 urte hasi ginen urtez urte garatzen ari garen proiektua egikaritzen, inolako onura pertsonalik eta korporatibistarik bilatu gabe, eta herrian dauden beharrizanei erantzun nahian: lan eta etxebizitza arazoak, oinarrizko produktu eta elikagaienak, aisialdirako hainbat eskaintza, edota oraingoan klase partikularrak. Beraz, herri proiektu bat bada, beste kontu bat da berau zuen politika egiteko parametroetan ez dela sartzen. Beste modu batera esanda, instituzioetatik kanpo independentzia politikoz antolatzen den antolakunde batek berau martxan jartzea da izorratzen dizuetena.
Etxebizitza oinarrizko eskubide gisa ulertu beharrean negozio gisa ulertzen dutenek, Euskal Herriko makroproiektu suntsitzaileen gidari direnek edota enpresa munduarekin negozio ilunak dituztenek, ez diezagutela lekzio merkerik eman.